“Goizean goizeko eguzkia urratzen duen panterarena izan litekeen ulu batek iratzarri berri du, hau egunsentiaren arrailduretatik sartu bailitzan, isilik. Gure izarraren lehen printzek begietan min ematen diote, hauek astiro irekitzera behartzeraino, eta soa gela antzua argitzen duen leiho bakarrean pausatu du. Brastakoan zutitu da ohetik, inertziaz. Pauso gutxi batzuk eman ostean, leihoaren parean geratu da zutik; ezin begizta dezake kanpoaldea, ordea, burdinazko barrak eguzki-izpiei gailentzen zaizkie eta. Oldozten hasi eta iraganarekin hitzordua duela gogoratu du, behin eta berriz ematen dizkioten bigarren aukerei hurrupa eginda ere itotzea lortzen ez duen egarriak hor dirau, presoaren erraietan. Eskuinean gorderik dagoen aulkia hartu du; haatik, ez dio ohiko erabilera emanen. Poltsikotik atera duen sokak, hainbeste denboran barnean gorde duen damuaren pisuak eta grabitate-indarrak egingo dute geratzen den lan guztia.”
Egun bizi dugun egoerari erreparatuz, badirudi itxaropena galtzen den azkena den uste zabala teoria soil moduan ikustera beharturik gaudela. Azken batean, jende ugarik amildegiaren ertzean aurkitzen du bere burua, zulora erortzeko zorian, eta bertatik ateratzea gero eta zailagotzat daukagu guztiok. Hain justu, egoera honek okerrera egiten du atera beharrekoa zulo beltza literalki zuloa bada, hots, kartzela.
Hauxe izan zen hasiera batean burutik pasa zitzaidana igandero, El Diario Vasco egunkarian gordeta, egongelako mahaian aurkitzen dudan XLSemanal aldizkariko erreportajea apaintzen zuten argazkiei erreparatzen nien bitartean. Argazkiok Norvegiako Halden Fengsel kartzela islatzen zuten, eta berauetan preso ugari ikus nitzakeen musika tresnez inguraturik, liburuz gainezka zirudien liburutegi batean edota inguruko zelaietan kirolen bat praktikatzen. Begien aurrean nuen hura benetan kartzela ote zen ala ez izan zen burutik pasa zitzaidan hurrena. Zalantza argitzeko helburuarekin, beraz, erreportajea irakurtzea otu zitzaidan.
Horrela, aipu kartzelak herrialdeko zigor-erakundeen sistemak zehazturiko politika jarraitzen dutela ikasi nuen testuan aurrera egin ahala, birgizarteratzearekiko apustua zigorrari gailenduz. Izan ere, esanen nuke gizabanako orok merezi duela bigarren aukera bat, bere akatsetatik ikasteko aukera bat, beste edozein pertsonak bere erru xumeetatik egin lezakeen lez. Halere, horretarako, askotan, beharrezkoa izaten da prozesu honi hasiera eman eta hau garatzeaz arduratuko den ekimenen bat, eta zer esanik ez delituren bat gauzatu duen pertsona juridiko batez ari bagara. Hauxe da, hain zuzen ere, kartzela honek hartu duen iniziatiba luxuzko kartzelekin, benetan beharrezkoa ikusten dudan iniziatiba.
Halere, artikuluaren amaierara heldu arte ez nuen ulertu honen haria bere osotasunean, maila honetako proiektu batek ezingo baitzukeen kritika publikotik ihes egin. Anders Behring Breivik zen guztiaren gakoa. Izenak soilik ez zidan ezer transmititzen, baina bai, ordea, ondoren zetorren datuak, izen horri aitortu baitzitzaion hilabete gutxi batzuk lehenago jazo zen Norvegiako atentatuaren gaineko errua, non 76 pertsona eraili baitzituen. Hor ikusi nuen sozietatearen asaldadura, hiltzaile hau luxuzko kartzelan sartzeko berriak piztua.
Begiak aldizkaritik aldendu eta honen orriak aurrerantz pasatzen nituen heinean, ene garunean bueltaka zebiltzan zuzentasuna, morala, justizia eta ongiaren ideiak, euren artean lehian. Azken batean, arestian aipatu lez, birgizarteratzea oinarri polita da honelako kasuetarako. Hala eta guztiz ere, ene moralak ez zidan bizitza berriro eraikitzeko aukera hau 76 pertsonaren hilketa bideratzeko gai izandako norbaiti emateko ideiarekin aurrera jarraitzen uzten.
Posible al da bizitzaren eraikina erabat eraitsi ostean hau berreraikitzea? Zera baino ez dut argi artikulu hau idazten ari naizen une honetan: eraikinak, hots, gure bizitzak, zenbait adreilu gal ditzake, azken pisuetako horma gutxi batzuk apurtuz. Hauek, ordea, erraz berreraiki litezke berriro ere eraikina osorik eta indartsu aurkitzeko. Halere, eta hau da, hain zuzen, ene moralaren ikuspegiari eman nahi izan diodan azalpen laburra, eraikinaren oinari zuzenean eraso egiten bazaio, eraikina osorik eraitsiko da, eta, beraz, ezingo da berriro jaso, saiakerak saiakera, eta errautsek betiko norbanakoaren barruan iraungo dute, eraikina berriz jasotzea eragotziz.
No comments yet.