Zin dagizuet ez dakidala nola iritsi zen Koldo Izagirreren liburu hau nire eskuetara, ez daukat ideiarik ere. Egia esan, ez naiz oso zalea, baina gustuko dudan liburu bat hartuz gero, amaitu arte ezinezkoa egiten zait istorioa bertan behera uztea. Beraz, liburua irakurri bezain pronto, autoreari buruz zerbait gehiago jakiteko gogoa piztu zitzaidan eta, nonbaiten irakurri dudan legez, euskal literaturari tankera poetiko berria dakarkion gizona zela ohartu nintzen.
Koldo Izagirre Pasaian jaio zen 1953ko ekainaren 21ean. Gazterik sentitu zuen literaturaren deia, eta sentipen horrek eraman zuen Frankismo garaiko azken urteetan Euskal Herrian han-hemenka agertu ziren kultur mugimenduetan parte hartzera. Ibilbide laburra izan arren, azken hamarkadetako euskal literaturaren historian toki garrantzitsua betetzen duen Ustela aldizkariaren sortzaile izan zen, Bernardo Atxagarekin batera, eta gerora Oh! Euzkadi! kaleratzeari ekin zion Ramon Saizarbitoriaren laguntzaz. Gainera, genero desberdinetako liburuak idatzi ditu eta idazlea izateaz gain, 1991. urtean “Offeko maitasuna” filma zuzendu zuen zuzendari bezala ospe handia lortuz.
Ez duk erraza, konpai! liburuaren generoa kronika litzateke, non autoreak lehenengo pertsonan kontatzen dituen Kuba iraultzaile eta arrazionalista batean biltzen diren gertakizunak. Gertakizun horiek azaltzeko orduan Izagirrek elkarrizketa eta deskribapenak erabiltzen dituen arren, bigarren hauen garrantzia azpimarratu nahiko nuke, batez ere, gauzen esentzia azaltzeko errealitate hutsean oinarritzen delako. Hona hemen liburuaren zati bat (liburu osoa sarean topa dezakegu), txirrinduak deskribatzen dituena, hain zuzen ere, zoragarria:
Pekin ematen dizu, edo Vietnam, esantzarik gabeko Kuba honek. Txirrindek, tirripitek eta bizikletek (desberdinak balira bezala aipatzen dizkizut, eta benaz uste dizut ez daudela berdinak diren kurpilbiko bi hemen) hartuak dizkizute karrika guztiak, bizikleta erlojua baino zerbait preziatuagoa duzu, poliziak ezinbestekoa baitu bere lana egiteko (Lohizuneko jandarmak dirudite), zinemagilea ere bizikletan doakizu ICAICera, eta denak ere halako balet ederrean, txori sirindangoak bezala, ezen bizikleta baita Kubako autoen fauna zoragarri eta basatia (Impala, Buick, Chevrolet, Argentinako Fiat, Ford, Daihatsu, Moskobix…) hezi duen zartailu zaulia (baita hemen berraurkitu dituzun zure haurtzaroko goitibeherak ere, giza-tirako garraiotresna bilakaturik, makadamaren gaineko lerak janariz, edariz edo altzariz zamatuak!). Bizidunak dituzu bizikletak, zakurrak zurean baino areago, eta bizidunei dagokienez, eskubideak murrizten hasi zaizkie tabernetan edo okulisten kontsultetan: “Debekatua dute bizikletek barrura sartzea.”
Liburuak ez du gai konkretu bat eta ez ditu istorio biribil baten urratsak jarraitzen; horregatik, kontakizunak biltzen dituen gertaera nagusi bat dago eta beste guztiak horren baitan biltzen dira, esan genezake, Izagirrek gertaera bat erabiltzen duela “aitzakiatzat†gero beste guztien kontakizuna burutu ahal izateko. Euskalduna den protagonista Kubarantz abiatzen da, zehazki Habanara, hainbeste maite duen Brekin neskatoarekin (idazleak B izen ezkutua ematen dio, irakurlearen jakin-mina piztuz) elkartzeko helburuz. Zoritxarrez, neskak ordurako ez du maite; dena den, bidaiak jende berriarekin topo egiteko eta Euskal Herriarekiko nahiz Kubarekiko duen maitasuna eta sozialismoaren kinka nonahi islatzeko balioko du. Ikuspuntu aske batetik gertaera nagusia hori izanik ere, azalduko dituen beste hainbat ideia ere nabarmenak dira, betiere Kubako situazioa deskribatuz, Fidel Castroren politika goraipatuz, edota gasolinaren merkatu beltza, sexu-merkeari lotutako lekuak, bertako poliziaren axolagabekeria… aipatuz. Azkenean, protagonistak bere lagunak Kuban utzi eta berriz ere Euskal Herrira bueltatzen da, goibel, ez duelako neskaren maitasuna lortu eta, batez ere, hainbeste betetzen duen Kuba atzean utzi duelako.
Pertsonaia anitz agertzen dira kronika hunkigarri honetan eta idazleak oso ondo bereiztu ditu batetik besterako desberdintasunak, gehienei izaera berezi bat emanez. Hala ere, nire arreta gehien erakarri dutenak hauek izan dira:
B: Neskatila. Honek eta protagonistak ematen diote hasiera liburuaren istorio nagusiari. Bere identitatea ezagutu ez badugu ere, beti presente izanen dugu istorioan. Neskak Zafrara egiten du alde lan kontuak direla eta. Protagonistak, behin Kubara iritsita, ezin du sinetsi gertatutakoa eta bere bila abiatzen da. Bk ez du maite.
Ñengé: Protagonistak Habanan ezagutzen duen gizona, xelebrea eta abenturazalea. Habanatik Zafrarako bidaian laguntzen dio protagonistari, baina berak uste du Santiagora doazela. Kubatar izaera, arraroa eta batzuetan jasanezina ere erakusten du.
MartÃ: Egia esan, ez naiz oso ondo oroitzen non ezagutu zuen protagonistak MartÃ, baina lotsatia eta beti behera begira dagoen mutikoaren atzean, sekretu bat dago ezkutaturik. Martik sakelan harri kozkor baten moduko zerbait darama, eta, azkenean, protagonistaren osabaren eskutik jakingo dute bere sekretua, Martà ez baita dirudien bezain gizona.
Osaba: Kubara txorta egitera joan den horietakoa dugu protagonistaren osaba, diruduna, nazka ematen duen dirudunetakoa. Hala ere, hainbat aholku emango dizkio neskatila ahantz dezan.
Aurretik aipatu dugun bezala, kronika bat da eta, honek eskatzen duen moduan, narratzaileak lehenengo pertsonan idazten du. Beharbada irakurlea bera paperean gehiago sartzeko eta horrela irakurketa gogo handiagoz aurrera eramateko egina da baina, nola edo hala, idazleak bere helburua guztiz lortzen du. Onartu behar dut atal batzuk ulertzea pixka bat kostatu zaidala; izan ere, idazleak erabiltzen duen lexikoa ez baita guztiz erraza. Liburua hizkuntza aberatsean idatzita dago: sinonimo ugari biltzen dituzten paragrafoak, ironia puntu bat ezkutatzen duten esamoldeak eta Kubako kultura eraikitzen duten bertako hitzak, hots, leku eta esparru ezberdinetako hitzak. Hauek guztiak liburuan bertan txertatzeko, idazleak ordena lineala aukeratu du: gertaerak bata bestearen atzetik, denborak aurrera egin ahala, gertatzen diren moduan antolatu ditu, eta, horretarako, atal edo kapitulu bakoitzari izen bat eman dio.
Bere biografian irakurri dugun bezala, Koldo Izagirre kronika eta beste hainbat genero idazteaz gain, poeta ere izandakoa dugu, eta poemagintzan aritu izan horrek aztarna batzuk utzi dizkio bere estiloan ere. Gauzak horrela, Ez duk erraza ,konpai! liburuan, estilo-baliabide ugari antzeman daitezkeen arren, autoreak ironia eta metaforak erabiltzeko erakusten duen erraztasuna nabarmenduko nuke, batez ere, Kubaren irudia Euskal Herrikoarekin erkatzen denean, istorioaren protagonista bera inkonformista denean, Kubaren eta kubatarren izaera nahasi, kontraste eta kontraesanak agertzen direnean, eta abar.
FITXA IZENBURUA: Ez duk erraza, konpai! IDAZLEA: Koldo Izagirre ARGITALETXEA: Susa URTEA: 1995 GENEROA: Kronika |
Orokorrean, oso interesgarria iruditu zait liburu honek planteatzen duen gaia, batez ere, kolonialismoan murgiltzen gaituen arren, garrantzitsua iruditzen zaidalako euskaldun batek Kuban topaturiko berdintasun eta desberdintasunen berri jakitea eta, nola ez, azken finean hainbeste gustatzen zaizkidan maitasunezko liburu horietako baten istorio hunkigarria duelako atzean ezkutatuta. Kubatar kulturak jakin-mina sorrarazten dionari gomendatuko nioke batik bat liburu hau eta, nola ez, Koldo Izagirreren beste edozein idazlanetako bat ere. Hala ere, kontuan hartu beharko litzateke liburu honek erabiltzen duen hizkuntza ez dela guztiz ulerterraza, eta pasarte batzuk bi aldiz irakurri behar diren horietakoak direla, beharbada, idazlea bera oso hizkuntza aberatsekoa delako edota erabiltzen duen hiztegia zertxobait konplexua delako. Asko gustatu zaidan beste gauzetako bat pertsonaien hautaketa izan da, pertsonaia bakoitzak bere izaera oso definitua baitu (kubatar arraroa, protagonista bera bere helburuetan zentratua, kubatarren hizkeraren gehiegikeria… Horregatik guztiagatik, idazleak nor den zein aitortu gabe, irakurleak bere dedukzio propioen bidez jakin dezake pertsonaia nor den. Aldi berean, idazleak islatu nahi duen obraren mezua identifikatzea ere ez da batere zaila eta amaitu eta gustura ixten duzun liburu horietako bat iruditu zait.
BIBLIOGRAFIA
Ez dit lan handirik eman liburu honi buruzko informazioa eskuratzea eta are gutxiago idazleari buruzkoa topatzea; horretarako, hainbat informazio iturriz baliatu naiz:
Sarean:
- Idazlearen bibliografia, liburua eta itxurari buruz: literaturaren zubitegia, Basque literature, Zaldiero
- Autoreari elkarrizketa liburaren inguruan: Argia astekarian
- Bestelakoak (bilatzailea): Google
Bestelako kontsultak:
- Liburuan bertan eta Larousse entziklopedian (Kubako egoera hobeto ulertzeko).
No comments yet.