Datorren ekainaren 9an, 4000 milioi ikusle izango dira lau urtez behin gertatzen den futbol festa handi hau noiz hasiko zain. Eta ikuskizun harrigarri honek bere hasiera Municheko Allianz–Arena estadio eraiki berrian izango du , 2006ko Futbol Mundiala zabalduko duen partidua 66. 000 ikusleentzat tokia duen munduko puntako ingeniaritza duen eraikuntza harrigarri honetan jokatuko baita. Beraz, ez gara futbolaz bakarrik ari, punta-puntako teknologiaz hornituta dagoen kirol eraikuntza handienaz baizik.
Allianz- Arena estadioa eraikitzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izan. 340 milioiko kostua izan du. Bere gain du argitzapenik aurreratuena non jokatzen duen Municheko taldearen arabera aldatzen den. Bayern de Munich bada protagonista, kanpoaldea eta eserlekuak gorritu egingo dira. TSV 1860 taldea bada, aldiz, urdina bihurtuko zaigu.
Alemaniar selekzioa bada, ordea, txuria izango da kolore nagusiena. Bestalde, lehena izango da alemaniar estatuan hiru altueratako eserlekuak dituena. 66. 000 eserleku hauek guztiak daude estalita eta, zauden lekuan zaudela, partidua ederki ikusteko aukera dago, eserlekuak zelairi ondo begira jarrita baitaude. Gainera, 4 752 kiloko bi pantaila erraldoi daude 16:9 formatukoak zelaiaren alde banatan, ikusleek jokaldirik onenak kalitaterik onenarekin ikus ditzaten.
Hala ere, ez da beharrezkoa barnera sartzea lan honen izugarriaz jabetzeko. Batzuen ustez, ovni baten itxurakoa da, eta bere presentziaz ohitu diren hiritarrek harro Schlauchboot edo gurpil flotagarria dela aipatzen dute. Itxura hau, estadioa estaltzen duten fluor erretxinez eraikitako 2 874 kuxinei zor zaie. Hauek, gainera, elurra eta euria lurrintzeko gai dira eta baita izpi ultramoreak pasatzen uzteko ere, horrela belarraren hazkundea erraztuz. Honez gain, lurrazpia berogailu batez hornituta dago 30 eta 35 gradu arteko tenperatura mantentzeko gai dena.
Bukatzeko, aipatu, paradisu honetan badagoela futbolak bezainbeste diru ekoizten duenik. Merchandising zatiaz ari gara. Estadioaren alderdi guztietan aurki daitezke dendak, jatetxeak, kafetegiak, kioskoak eta baita haurtzaindegiak ere. Zorionez, elbarriek ez dute arazorik izango, sarrera zabalak eta edonon arrapalak baitituzte. Hau guztia gutxi balitz, proiektu honek izugarrizko itxuraldaketa ekarri dio kokatuta dagoen auzoari. Metro geltoki bat eraiki da eta errepide berrien eraikuntzak izugarri erraztuko du zaleen etorrera. Horretarako, estadioak barnean 1200 autoentzako aparkalekua izateaz gain, ondoan Europan inoiz eraiki den aparkalekurik handiena izango du, 9000 auto eta 350 autobusentzako lekuarekin.
Beraz, Municheko biztanleek argi daukate: ez zaie axola Berlin eta Hamburgo handiagoak izatea, edo Francfurt finantzen erdigune izatea. Futbolaren erdigune Munich bilakatuko baita inongo dudarik gabe. Baina horretarako ekainera arte itxaron behar!
No comments yet.