mari-

Zenbait izenondoren edo izenen aurrean ezarririk, emakumezkoak erdeinuz izendatzen dituzten hitz-elkarteak osatzeko erabiltzen den hitza. (Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa)

“MARI”- OSAGAIA

Orrialde hauetan zehar bilatzen ari gara non agertzen den generoa euskaran eta nola adierazten den. Erreparatu diezaiogun “mari”- osagaiari. Hainbat hitz elkartu osatzeko erabiltzen da eta ez dauka baliokide masukinorik. Euskal hiztegia-k hainbat adibide eskaintzen ditu bere azalpenean:

Mari. Zenbait izenondoren, edo mutil, maisu… -ren aurrean ezarririk, emakumezkoei erdeinuz izendatzeko elkarketak osatzeko erabiltzen den hitza. Mari-purtzil (prostituta). emakume purtzila; emagaldua. Mari-zirtzil (prostituta). Emakume zirtzila, lohia; emagaldua. Mari-zirtzilen besoetan ezti-ezti. Mari-apain (presumida). Bere burua edertzat eta dotoretzat duen emakumea. Mari-matraka (escandalosa, bulliciosa). Emakume kalapitaria. Mari-gizon (marimacho). Gizon itxura duen emakumea. Neska mardula zen, betizua, mari-gizon samarra, bibote batzuk ere baitzituen. Mari-maistra (marisabidilla). Agintzeko joera duen emakumea. Mari-maistra ederra eginda hago hi! Mari-maisu (marisabidilla) . Bere burua jakintzutsat hartzen duen emakumea. Mari-motrailu (marimacho). Mari-mutila; neska-lodikotea. Mari-mutiko (marimacho). (Batez ere iparraldeko hitza). Mari-mutila (marimacho). Mari-mutil. Mutilen itxura eta keinuak dituen emakumezkoa. Eta zu, berritsu mari-mutila. Neskato mari-mutila. Beti mutilekin dabilen neska mari-mutil bihurtu ohi da.  [“Mari”- osagaia, Euskararen erabilera ez sexista (Emakunde, 2008)] (Ereduzko Prosa Gaur)