Golgota – XABIER MONTOIA

golgotaGerra zibilak arrasto handia utzi zuen. Gerra eta gerra ondorenak bizitza askorekin amaitu zuen. Hilotzak han geratu ziren, lubaki eta bide bazterretan; bizirik iraun zutenek, berriz, miseriaz beteriko existentziari aurre egin behar izan zioten. Garai hartantxe kokatzen da Golgota liburua. Aukeraketa egitean, egoerak behartuta moja sartzen zen emakume baten bizimodua aurkituko nuelakoan nengoen; oker nengoen, ordea.

1936ko abuztuko gau batean, Felisak aita eta ahizpa galduko ditu. Indarrez etxean sartzen zaizkien falangistek errotik banatuko dituzte euren bideak. Aita eta ahizpa zaharrena inguruko bide bazter batean fusilatuta lurperatuko dituzte; etxean geratzen diren ama eta bi ahizpen etorkizuna, baina, ez da gozoagoa izango. Amak bi alaba txikien ardura hartu beharko du. Horretarako, Iruñera joango dira bizitzera, jaiotetxea uzteak gau hura ahazten lagunduko dielakoan; alabaina, amak bizitze hutsa bere senarrarekiko traiziotzat joko du, justua senarraren ondoan hilik egotea ikusirik. Hori dela eta, bere atsekabe guztia alabengan zuzenduko du, azken horiekiko mespretxua agertuz.

Egia esan, bi alabek susmatzen zuten amak traidoretzat zituena. Baita bere burua ere. Senarra eta alabarik zaharrena zulo ilun batean harren bazka ziren bitartean, hirurek bizirik jarraitzea zen traiziorik ankerrena amarentzat. Hala iruditzen zitzaien bederen, haren ahotik irtendakoak adituta.

Felisak etxean sufritzeaz gain, eskolan ere sufrituko du; ikasketetarako oso argia den arren, Gorriaren alaba izate hutsagatik baztertu egingo baitute. Inguratzen duen giroa dela eta, behin aitak gaitzetsi zuen Jainkoarengan sinesten hasiko da, bere familiak eginiko bekatuak berak ordaindu behar dituela pentsatzean. Horrela, oso gaztetxoa dela, ahizpa eta amaren nahiaren kontra, Lezkairun moja sartuko da.

Ordurako Felisa hasia zen debekuaren benetako zioa susmatzen: Gorriaren alaba zen berriz ere, eskolan bezala. San Franziskon aurpegira esaten zioten eta Lezkairun ez, horra bi lekuen arteko aldea. Ezer gutxi.

Baina dena barkatzen duen Jainkoaren etxeak ere Gorriaren alaba bezala ikusiko du. Munduaren beste aldera bidaliko dute, han ere Gorriaren alaba izateko. Bidean jende andana ezagutuko du, baina oso gutxik tratatuko dute Felisa edo ahizpa Elena bezala.

Hasieran izandako fedearen sugarra itzaltzen joango da pixkanaka. Jainkoarekiko fedea bakarrik ez zaio agortuko, ordea, baita bere izatea eraikitzerako orduan hain garrantzitsu izan ziren haiekikoa ere.

Iraganik ez, dena presente. Horra oroimenaren lege zorrotza. Joan den mendeko gau hura eta gaurko hauxe, gau bera. Orduan hasitakoa hirurogeita hamar urtez luzatu da, sekula heldu ez eta sekula helduko ez zaion egunsentiaren zain. Etenik gabeko, ilargirik gabeko gau mardul, berunezkoa. Ia bizitza oso bat. Luzea, iluna, saihestezina. Amets gaiztoz betea.

xabier-montoiaXabier Montoiak emakume batek bere buruarekin duen borroka agertzen digu. Denbora guztian Felisaren barne pentsamenduaren gogoetak agertuko dizkigu, maiz min psikologikoa fisikoa baino gogorragoa dela erakutsiz. Pertsona bat benetan bakarrik aurkitzen denean bere burua nola zigortu dezakeen kontatzen digu. Izenburuak horixe adierazi nahi du: golgota edo kalbario.

Idazlearen izena aipatuta, ezin berari buruz ezer esan gabe geratu. 1955ean jaiotako musikari eta idazle Xabier Montoia Hertzainak taldearen sortzaileetako bat izan zen. Lehenengo albuma grabatu gabe zegoenean, taldea utzi zuen M-ak taldea sortzeko. Azkeneko honekin bost album grabatu eta gero, bakarlari gisa jarraitu du.

Hori guztia musikaren munduari dagokiona. Bere idazle alderdiari erreparatuz gero, lehen liburua 1983an idatzi zuen: Anfetamina poema bilduma. Geroztik, hiru poema liburu, zortzi nobela eta kronika sozial bat idatzi ditu. Horien artean dagoen Euskal Hiria Sutan liburuagatik 2007ko Euskadi Literatura Saria irabazirik.

Berriz ere harira joanez, dudarik gabe, benetan hunkitu nau istorioak. Egia da zenbaitetan aspergarri samarra egin zaidala irakurketa, bakarrik aurkitzen den moja baten gogoetak astunak izan baitaitezke. Askotan akzio gutxi eta gogoeta askotxo aurkitzen direnez, zenbaitetan errepikapenak emanez istorioak aurrera ez duela jarraitzen iruditu zait. Baina horrek guztiak garrantzia galtzen du amaieraren aurrean. Bukaeran, bizi oso bat igaro duen emakume helduaren gogoetak hunkigarriak, baina, era berean, tristeak dira. Benetan gogorra da bizitzan zehar borrokan emaniko indarrak alferrikako direla konturatzea. Zenbaitetan pentsatu ote dugu “eta atzera egiterik balego aukeratu ez dudan beste bide bat jarraitzeko?”

Gainera, liburuan aipatzen denez, Felisa benetako pertsonaia da. Horrek indar handia ematen dio liburuari. Bere jatorriari bizkarra ematen dionaren azalean jartzea zaila den arren, idazleak oso ondo azaldu eta justifikatzen du inguruneak bultzatu duela horretara. Horrela, protagonistaren lekuan jartzea lortzen da, hainbeste aipaturiko sufrimendua ulertuz.

Beraz, aurrez aipatutako guztiagatik, liburua pazientziaz irakurtzeko prest daudenei soilik aholkatzen diet. Horrekin ez nuke inor desanimatu nahi, baina liburua gozatzeko kontuan hartu beharreko puntua dela iruditzen zait.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->