Hikikomoriak

Gaztelaniako klaseren batean, Laurak hikikomoriei buruz galdetu zigun eta gutxi batzuk baino ez genuen jakin erantzuten. Beraz, gai honi buruzko artikulu bat idaztea otu zitzaidan.
***

Hikikomoriakgizarte japoniarrak nolabait inposatzen duen papera jokatzeko gai sentitzen ez diren gazteak dira. Hauen erreakzioa arazo horien aurrean isolatzearena da eta hau gela batean sartu eta hilabete edo urteetan bertatik atera gabe lortzen dute. Hauetako milioi batetik gertu daude Japonian (hamarretik bat) eta gehienak gizonezkoak dira.

Isolamenduaren zergatia

Japoniako gazteek izugarrizko presioa jasaten dute gizartearengandik arrakasta lortu ahal izateko. Gazteak gehien kezkatzen dituzten arazo anitzen artean ikasketetako emaitzena dago. Honekiko presioa, muturreko kasuetan, haurtzaindegitik hasten da, non eta haurtzaindegi onenean sartu ahal izateko azterketa moduko bat egin ohi dieten umeei. Bertan, umeak 5 urte bitarteko eskola hoberenean sartu ahal izateko prestatuak izango dira. Behin han, lehenengo hezkuntzako eskola onenean sartzeko prestatuak izango dira eta horrela bigarren mailako eskolatik, batxilergotik eta bukatzeko unibertsitatetik pasatzen diren arte. Unibertsitatera joan baino lehen, urtebeteko epean buru-belarri prestatzen dira unibertsitatera sartzeko azterketetarako, zenbat eta izen handiagoko unibertsitatea izan, orduan eta zailagoa baita azterketa . Bertako ikasketak bukatu ondoren, lana aurkitzeko zailtasunaren aurrean aurkitzen dira. Hau Japonian oso zaila da, eta gehienetan lortzen diren lanpostuak finkoak izaten ez direnez, familia bat aurrera ateratzea oso zaila suertatzen da.

Isolamenduaren sintomak

Hikikomoria
Gazteak, gizartearen presioaz libratu nahian, beraien logelan edota beraien etxeetako beste gela batean sartuta egoten dira, gehienetan, urte askotarako. Normalean, ez dute lagunik izaten eguna lo eta telebista ikusi edota ordenagailu edo bideokontsolekin jolasten ematen dute. Honekin guztiarekin, bizkarroi ezkongabe bihurtzen dira. Hau japoniarrek erabiltzen duten espresioa da gurasoen etxeetan lanik egin gabe bizi diren gazte hauek izendatzeko.

Hikikomoriak bere gelako atea giltzaz itxi baino lehen denbora dezente pasatzen da, hau pixkanaka-pixkanaka gertatzen den prozesu bat baita. Lehenengo sintomak triste egotea eta lagunak galtzea dira. Beraien buruekiko ziurtasuna eta konfiantza galtzen dute eta isilak bihurtzen dira; eskolako ikaskideen barreak jasan behar izaten dituzte askotan honengatik. Honi guztiari gizarteko arazo guztiak batzen bazaizkio, gazteek askotan jasan ez eta lehen aipatutako isolamenduaz konpontzen duten egoera ematen da,.

Gurasoen jarrera

Familian hikikomori bat izatea barne-arazo bat da eta guraso askok denbora asko itxaroten dute laguntza psikologikoaren bila joan aurretik. Gainera, Japonian, tradizioz ama da umearen heziketaz arduratzen dena eta askotan aitak hikikomoriaren arazoa berari gaineratzen dio. Ohikoena arazoa gurasoek etxean heltzea da, kanpoko laguntzarik gabe. Euren seme-alabak borondatez gizartearekin harremana berreskuratu arte itxaroten dute, umeak pasa behar duen fase bat izango balitz bezala (gutxitan behartzen zaie hikikomoriei euren geletatik ateratzea).

Hikikomoriaren efektuak

Gizartearekin harremana galtzeak eta denbora luzeko isolamenduak eragina izaten du hauen mentalitatean…Askotan ona eta txarra zer den ez dute bereizten eta telebista eta bideojokoekiko zaletasuna pizten zaie.

Hikikomoria gizartearekin harremana izatera heltzen bada berriz (gehienetan urte askoren ondoren), isolatuta egondako denboraldi guztia galdu izatea du arazo nagusi (ikasketak, harremanak) eta honek zailtasunak sor ditzake. Gainera, gazte hauek jendeak garai batean hikikomori izandakoak direla jakiteari beldurra diote.

Gizarteak gazteengan egiten duen presioak, hauek izaera bortitza izatera eraman ditzake. Hikikomori askok, esate baterako, euren gurasoei egiten diete eraso. 2000. urtean 17 urteko gazte batek autobus bat bahitu eta bertan zihoan gizon bat hil zuen. Beste batek neska gazte bat bahitu eta gatibu izan zuen 9 urtez. Ezagutzen da, halaber, beste kasu bat non hauetako gazte batek 4 neska hil eta manga hentai bateko eszenak birsortu zituen.

Tratamendua

Hikikomoriak jarraitu beharreko tratamenduen artean egokiena zein den esatea zaila da. Iritzi ezberdinak daude: japoniarrena eta mendebaldekoena. Japoniarrek, normalean, hikikomoriak bere kabuz gizartearekin harremana izan arte itxaroten dute; mendebaldekoek, aldiz, beharrezkoa bada behartu egin behar zaiela diote. Dena den, laguntza psikologikoaren beharra dutela aitortzen dute bi aldeek.

***

Espero dut honekin gaiari buruzko hainbat zalantza argitu izatea. 😉
Hikikomoriei buruzko beste pare bat artikulu irakurri nahi badituzue, klikatu hemen edo hemen.

Trackbacks/Pingbacks

  1. zabaldu.com - 2006(e)ko maiatzak 9

    Hikikomoriak

    Maitanek, Jakintza ikastolako ikasle batek, Japoniako gazte batzuk (Hikikomoriak) pairatzen ari diren gaixotasun berezi baten inguruko informazioa ematen digu. Anorexia, bullyinga… zernola bizi dute gure gazteek euren egunerokoa horrelakoetara heltze…

Utzi erantzuna

-->