Azken urte hauetan, teknologia berrien agerraldiekin gaixotasun berri bat ezagutu da. Izan ere, gaur egun, internet edukitzeko dagoen erraztasunarekin jende asko dago, gazte jendea batik bat, sarearen mende. Aditu batzuen azalpenak irakurri ondoren, artikulu honen bidez denok izan ditzakegun kezka eta galderei erantzutea erabaki dut.
- Lehenik eta behin, nola jakin dezakegu interneten mende gaudela?
Gaixotasun hau, beste edozein mendekotasun bezalaxe, sarean egoteko behar bat bezala definitzen da. Pertsona hauek zailtasunak edo ezintasunak dituzte konexioa mozteko. Honekin batera, alde batera utziko dituzte bizitzako beste zenbait jarduera.
- Denok izan dugu noizbait sentsazio hori, baina nola jakin dezakegu benetan gaixo gaudela?
Pertsona hauek lehenik normaltasunez konektatzen dira, beste edozein bezala, baina momenturen batean sareko mundua errealitatea baino interesgarriagoa irudituko zaie eta, ohartu gabe, bere bizitzan ohikoak ziren jarduera eta ekintzak baztertuko dituzte, ikasketak eta familia, adibidez, honela poliki- poliki dena uztera iritsi arte. Nahiz eta gertatzen ari zaionaz ohartarazi, ezinezkoa suertatuko zaio saretik irtetea.
- Zeintzuk izan ohi dira kaltetuenak?
Orain arte, gaixotasun hau internet lanerako tresna moduan erabiltzen zutenekin bakarrik erlazionatuta zegoen baina denbora pasa ahala, egoera aldatu egin da. Izan ere, gazteetan gero eta kasu gehiago ikusten ari da eta aipatzekoa da mutiletan nesketan baino gehiago ematen dela.
- Zein eratako gazteak izan ohi dira?
Aztertutako kasuak ezberdinak dira euren artean baina, gehienetan, beste gainontzeko gazteekin erlazionatzeko zailtasunak dituzten gazteak dira. Beraien zailtasuna dela eta, chat-ak erabiltzen dituzte besteekin harremanetan jarri ahal izateko.
- Zer ondorio ekar ditzake?
Gero eta ordu gehiago igaroko dituzte ordenagailuaren aurrean. Lehenengo, bere ordu libreak erabiliko dituzte honetarako baina, aurrerago, gauean ere sareari loturik igarotzeko beharra izango dute. Honen ondorioz, loari orduak kentzean, hurrengo egunean ez dira gai izango euren ikasketak eta jarduerak aurrera eramateko.
- Azkenik, galdera garrantzitsuena eta denoi interesa dakigukeena: nola senda daiteke?
Osabidea beste edozein adikziorena bezalakoa da. Lehenik eta behin, gaixoei oinarrizko jarraibide batzuk erakutsi behar zaizkie interneten erabilpen egoki bat lor dezaten. Ondoren, norbaiten laguntzarekin, noizean behin, sarean ibili ahal izango dira; betiere, norbait beharko dute ondoan eta egunero ordu berean sartu beharko dira, honela, poliki-poliki erabilpena murriztea lortu arte. Hau guztia egin ondoren, gaixoaren atxikipenaren zergatia aztertu behar da. Era berean, ikusiko dugu ea lagunik gabe egon ohi den edota erlazionatzeko arazoak dituen. Urrats hauek jarraituz, berriro ere gaixotasun honetan erortzea ekidin dezakegu.
Gai honetan interesa izanez gero, informazio gehiagorako sartu hemen eta hemen.
No comments yet.