2012ko urriaren 12a, goizeko hamaikak. Thorbjorn Jaglandek, Nobel batzordeko buruak eta Europako kontseiluko idazkari orokorrak, aurtengo Bakearen Nobel saria Europar Batasunak jasoko duela jakinarazi zuen. Hartutako erabakiarekiko kritikek ez zuten itxaron eta sare sozialak sutan jarri ziren berehala aldeko eta kontrakoen iritziak jasoz.
Batzuk zinez interesgarriak, horrela twiterren aurkitutako batzuk aipatu nahi nituzke. Artikulu honetan topa ditzakezue gehiago.
Mikel Nhao (@MikelNhao) Urria 12, 2012
Edo beste hau:
-“Europar Batasunari Nobel saria? Zergatik? Errepresioarengatik? 3.mundua zapaltzeagatik?” @UlianovVladimir
Ez dute arrazoi faltarik, gaur egungo egoerarekin Europar Batasunari Nobel sari hau ematea guztiz lekuz kanpokoa dela iruditzen zait. Beste batzuei, aldiz, momenturik egokiena dela iruditzen zaie, urteetan zehar Europako bakearen eta adiskidetzearen alde egindako lana saritzeko. Hori egia izanda ere, Europar Batasunak gertakari ilun asko ditu Bakearen Nobel sari hau jasotzeko merezimenduak kentzen dizkionak.
Denok dakigun moduan, pairatzen ari garen neurrian, krisi ekonomiko latza dugu gainean. Krisi honek zenbait banku eta enpresa pribatuen iruzurrean du jatorria; hain zuzen ere, ausartuko nintzateke esatera, Europar Batasunaren lagun diren banku eta enpresetan. Europar Batasunak banku hauen eta indar finantzarioen alde gobernatzen du, herritarrak alde batera utziz. Krisitik ateratzeko erabiltzen ari diren politikek garbi erakusten dute hori: hezkuntzan murrizketak, osasunean murrizketak, kulturan murrizketak, BEZaren igoera… Herritar errugabeei ordainarazten diote besteek egindako kaltea, neurri hauekin klase sozialen arteko ezberdintasunak handituz, behartsuak behartsuago eginaz eta aberatsak aberatsago. Etorkizunerako behar den bezala prestatuta egoteko zailtasunak jartzen ari zaizkie gazteei, eta kulturaren aberastasuna mugatzen ari dira. Honelako jokaerek bakearen alde lan handirik egiten ez dutela esan genezake, herritarren ezinegona handitzen baitu. Ikusi besterik ez dago, herritarrak bidegabekeria honen aurka euren eskubideak aldarrikatzen dituztenean, estatuko “defentsen”, polizien, erasoetatik babestu behar izaten direla, gobernuak isilarazten saiatzen direlako.
Izugarri garrantzitsua den ideia bat azpimarratu nahi nuke: Europar Batasuna munduko arma esportatzailerik handienetakoa da; izan ere, Frantzia, Erresuma Batua eta Alemania arma gehien esportatzen dituzten herrialdeen sailkapenaren buruan baitaude. Armen salmentarekiko, “Amnesty International” eta beste zenbait GKE-ek, adierazpen bat egin zuten Europar Batasuneko zenbait estatuk 2011. urtean “Arabiar Udaberria” delakoan, gobernu errepresiboei armak saldu zizkietela salatuz. Baina hori gutxi ez eta estatu hauetako gobernuak euren adierazpen publikoak egitean, “Arabiar Udaberriko” altxamenduen alde jarri ziren. Jokabide horrekin agerian uzten dute zenbait estaturen bakea egiteko nahia eta gobernu hauen sinesgarritasun falta giza eskubideez hitz egitean. Honako hau adibide xume bat besterik ez da, baina horrelakoak gehiagotan ere gertatu dira eta gertatuko dira, aldaketarik ematen ez bada.
Hala eta guztiz ere, ez da lehen aldia Bakearen Nobel sariarekiko eztabaidak sortzen direla. Duela hiru urte, 2009.urtean, Barack Obama Estatu Batuetako gobernuburuak jaso zuen. Aldi hartan ere kritika ezberdinak jaso zituzten Nobel sariaren emaileek. Izan ere, estatu hau gerra ezberdinetan murgildurik zegoen, eta gobernuak zuzendutako justiziako sailean giza eskubideen urraketak ematen ziren. Arrazoi gehiago ere baziren kritika hura gogortu zutenak, nahiz eta gehienak giza eskubideen urraketarekin zerikusia zuten.
Laburbilduz, nire iritzi xumean, ez da bidezkoa Europar Batasunak sari hau jasotzea. Egia da ez duela gerra armatuak piztearen alde egiten eta zenbait gerratan laguntza ematera joan dela; nolanahi ere, gerra finantzarioaren partaideetako bat da eta ez du erakusten herritarrekiko erruki handirik. Europar Batasunak baino merezimendu gehiago dituen jende eta erakunde asko daude munduan, bene-benetan bakearen aldeko apustu sendoa egiten dutenak. Bakearen Nobel saria jaso aurretik, zenbait pauso eman behar lituzke Europar Batasunak: bakearen aldeko apustu garbia egin, munduan zehar gerran dauden estatuak armaz hornitzetik utzi; bankuen alde gobernatzeari utzi eta herritarren eskubideak bermatu; Europan, Euskal Herrian hain zuzen, geratzen den azken gatazka armatua konpontzen lagundu… Horiek egindakoan baino ez du Bakearen Nobel sariak benetako balioa izango euren eskuetan.
Utzi erantzuna