Denontzat izan dadila!

trafikoaZalditik gurdira, txirrindutik motorrera eta azken honetatik autora egin dugu salto. Autoa gure egunerokotasuneko ezinbesteko protagonista bilakatu da, lehen aberatsenek baino ez bazuten ere halako tramankulua herriko bideetako eskaparatean erakusteko aukera. XXI. mendea dugun honetan, guai eta arraroen arteko galbahe bihurtu da ibilgailuaren jabetza.

Berrian aurkitu dudan artikulu baten esanetan, oraindik ere EAEko joan-etorri gehienak oinez egiten diren arren, joera hau %4 jaitsi da; autoz egiten direnak, aldiz, areagotu. 2003an, 2,75 lekualdatze egiten bazituen pertsona bakoitzak egunean, orain 2,98 egiten ditu batez beste, guztien artean 6 milioi joan-etorri egiten direla. Gehiegikeria honek errepideetako istripuak heriotzarako bigarren arrazoi izatea ekarri du. Ez hori bakarrik, gaur egun jasaten ari garen kutsaduraren errua ere, neurri handi batean, automobilaren erabilera masiboari lepora geniezaioke.

Hori horrela, begi bistakoa da irtenbideren baten beharrean gaudela, eta hori garraio publikoa da. Herri txikietan bizi diren gaztetxo eta ez hain gaztetxoek eskolara nahiz lagunartera gurasoen dependentziarik gabe joan ahal izateko, adinean aurrera doazen baserritar pentsionistak asteko erosketak egitera kalera jaisteko, halabeharrez suertatu zaien egoera ekonomikoa dela eta gustura hartuko luketen -baina urrutiegi geratzen zaien lan eskaintzari uko egin behar izan dioten- etorkinentzako eta ,besterik gabe, goizeko seietan jaiki eta fabrikara joan beharra duen bizilagunarentzako pagotxa litzateke.

Jakina baditugula lineako autobusak, trena eta baita taxia ere. Halere, aurrez esan bezala, autoa erabiltzeak gora egin badu, denon eskura ditugun garraiobide horiek denon premiak asetzen ez dituelako izango da. Lurraldebusek, esate baterako, Gipuzkoa osoan sare zabal bat du eta bertako bezeroentzat moduko beherapenak eskaintzen dituen txartelak banatzen ditu. Aitzitik, esperientzia lekuko dudalarik, ordutegiari dagokionez atzerapenak izateaz gain, herri txikietatik pare bat aldiz baino ez dira pasatzen autobusak. Honela bada, errentagarria al da fabrikara orduan heldu behar duen langilearentzat?, komenigarria al da orduan eskolara sartu behar duen nerabearentzat?, autobusamotibagarria al da herri txiki batean bizitzea tokatu zaion eta etxera itzultzeko aukera bakar horren menpe egon behar duen gaztearentzat? Ez, ez eta ez.

Renfek ere ardatz garrantzitsu bat du Gipuzkoan eta, ohikoa ez den arazorik ez bada behintzat, ordutegia fin errespetatzen du. Alabaina, esperientzia lekuko dudala, onartezinak dira denontzako egindako garraiobide batek denontzako posible ez diren prezioak ezartzea. Demagun autobusa galdu eta trena hartzea besterik ez zaizula geratzen ondoko herrira joateko: 1,25 euro ordainduko duzu, ondoren geltokitik helmugara oinez joateko. Jo dezagun lagunekin larunbat arratsaldea pasatzera Donostiara joatea erabaki duzun 13 urteko nerabe bat zarela. Bost euro pasatxo ordainduko duzu, ondoren zinera joan eta beste hainbeste gastatzeko bi astetan aurreztu behar izan duzun pagarekin.

Ezinbestean, hau da gure errealitatea: normala deritzogu lauko familia batean hiru auto izateari. Are gehiago, hemezortziak bete bezain pronto, gidabaimena ateratzeko aukera egiten du gehiengoak. Gauzak horrela, garraio publikoa erabiltzea gure bizimoduko ohitura bat gehiago izan beharrean, bakar batzuen borondate izatera heldu gara.

Argi dago gizartearen pasotismo hutsa dela, eta gerora datozenentzat aldaketak egin beharko liratekeela. Dena den, gure pribilegioei uko ez egiteagatik mundua suntsitzen ari garela iragarri duten estatuburuko profetek ere ez dute autobuseko eserlekua halabeharrez partekatzen, eta are gutxiago euren patrikak majo beteko dituzten prezio puztuak jaisten. Bakoitzak bere astoari egiten dio arre!

Comments { 0 }

Oztopoak oztopo

oztopoak-oztopo-1

Comments { 0 }

Gizakia, animalia bat gehiago

charles-darwin1809ko otsailaren 12a da. Gizon dotore batek bere bibote luzea kiribildu du Shrewsburyko kale batean. Ibilera harro batez, inguruko ezagunei diosala egiten die. Imintzio horiekin munduaren jabe sentitzen da, boteretsu. Gizakiaren aurrean beste nonbaiteko zer ikaragarri batek eratu duela ziur dago. Kale bereko ertz batean, gizon bat lurrean eserita dago. Jendeak ihes egiten du bere ingurutik, zuloz jositako jantziak eta darion usainak atzeraka egitea eragiten baitu. Gaurko bere helburu bakarra azken egunetan jan ez duen ogia erosteko dirua lortzea besterik ez da.

Bi gizon, zeharo ezberdinak, bizitzak kale berean jarri ditu, baina funtsean bi gizaki soil dira. Egoera txarrenean ere edozein izakirengandik ezberdin sentituko lirateke, zer ikaragarri batek bereiziko balitu bezala.

Nork esango zuen egun horretan bertantxe, hiri berean, agian kale berean, berezitasun hori deuseztatuko zuena jaioko zenik? Gezurra badirudi ere, espezien sakabanaketa azaltzen zuten kreazionismoaren arrastoen bila aritu zen gazteak hankaz gora jarri zuen kreazionismo beraren ideia.

Charlez Darwinek txiki-txikitatik agertu zuen naturaren historiarekiko zaletasuna; hala ere, Robert Jameson naturalistaren klaseetan aspertu egiten zela eta, aitak apaiz anglikano bilakatzeko ikasketak egitera bidali zuen. Horrek ez zuen bere zaletasunetik urrundu eta animalia ezberdinak ikertzen jarraitu zuen. Azterketak gerturatzen ari zirela eta, ikasketetan kontzentratu zen eta, amaierako, 178 pertsonatatik hamargarren postuan geratu zen azterketan.

1831n Robert FitzRoyren agindupeko Beagle itsasontzian ontziratu zen. Euren helburua ozeanoko korronteak neurtu eta kosta kartografia egitea zen. Darwinek animalia-espezie ezberdinak aztertu zituen bien bitartean. Ikerketa horiek guztiak idatzi eta Cambridgera bidaltzen zituen, bertako ikerlariek aztertu zitzaten. Galapago irletan eginiko ikerketak izan ziren garrantzitsuenak; izan ere, irla batetik bestera dortoken oskola aldatzen zela konturatu zen, baita neguta txori espezieko indibiduo ezberdinak zeudela.

darwins_finchesIkerketa horien guztien ondorioz, Darwin eboluzioaren beste teoria bat formulatzen hasi zen. Ernst Mayrren arabera, Espezieen jatorria liburuan azaldu zuen teoria bost azpiteoriatan dago banaturik: eboluzioaren gertakizuna, organismo guztientzako komuna den jatorriaren postulazioa, espezieen dibertsitatea, gradualismoa eta hautespen naturala. Garai berean, Alfred Russel Wallacek antzeko teoria bat mahaigaineratu bazuen ere, Darwinenari eman zitzaion garrantzia, zientifikoki garatuago baitzegoen.

Liburu horretan zegoen aurrez aipaturiko berezitasunaren xarma deuseztatzearen froga: gizakiaren jatorria primateetan zegoen. Baieztapen horren ondorioz, Darwinek kritika ugari jaso zuen; hala ere, bere alde zuen argudiorik garbiena: proposaturiko teoria hezur eta azalezko animalietan froga zitekeen, baita gizakiongan ere.

Geroztik eboluzioaren teoriak buelta asko eman ditu eta, genetikaren bideak zabaldu zirenetik, Darwinek berak esperoko ez lituzkeen ateak zabaldu dira. Horrela, gaur egun horrelaxe definitzen du Harluxet hiztegiak eboluzio biologikoa:

Denboran zehar izaki bizidunei gertatutako aldaketa mailakatu eta jarraien multzoa, forma berriak sortu dituena.

Berrehun urte igaro dira gizon dotore hark bibotea orraztu zuenetik, eta ehun eta berrogeita hamar urte munduko izaki guztiek arbaso bera duten teoria argitaratu zenetik. Hala eta guztiz ere, bada oraindik inongo arrazoirik gabe teoria horren aurka jarraitzen duenik, begien aurrean dagoena ikusten ez duten batzuek.

Bi egun berezi horiek direla eta, zientzia arloan aurtengoa Darwinen urtea da. Hori ospatzeko, hainbat ekintza (1, 2, 3) antolatu da munduan zehar.

Eboluzioa bost minututan:

Comments { 0 }
-->