Bolognako tratatua

Aspalditik ahotik ahora dabilen gaia dugu hau eta nigana ere zehaztasun handirik gabeko informazio solte bezala iritsi zen . Horrela, bada, ingurukoei galdetuz eta interneten begiratuz, nik uste nuena baino garrantzi handiagoko gaia dela konturatzean, tratatu honen nondik norakoak pixka bat argitzea erabaki dut.

Bolognako aitormenaren helburua EHEA “European Higher Education Area� edo Europako goi mailako ikasketen eremu bat 2010erako sortzea da. 1998. urtean eman ziren lehen pausoak, Frantzia, Alemania, Italia eta Erresuma Batuaren parte hartzearekin. Urtebete beranduago, Europako 29 naziok sinatu zuten Bolognan hitzarmen ospetsua. Funtsean, Europa osoko unibertsitate ikasketak homogeneizatzea da, honela ikasleek tratatua sinatua duen beste nazio batean bere ikasketei dagokien izendapena izan dezaten. Honek Europari hezkuntza aldetik batasun handia emango dio, kanpoko merkatuetara begira prestakuntza maila bat ziurtatuz. Gaur egun, 40tik gora dira egitasmo hau aurrera eramaten ari diren lurraldeak.

Aldaketa nagusiak hauexek izango dira:

. Bi ziklotan banatuko dira karrerak, GRADU eta POSGRADUAK (Diplomaturen ordez osagarri berri bat ezarriko da). Lehenengo zikloak balio zehatz bat izan beharko du, eta aldaketa guztiak europar lan merkatuari begira egingo dira.

. MASTER eta DOKTORATU batez osatzeko aukera egongo da.

Honez gain, garrantzi izugarria hartuko du ETCS edo “European Credit Transfer System� kreditu banaketak. Kreditu hauek 25-30 orduko balorea izango dute. Honen helburua ikasketen zati bat kanpoan burutu nahi dituzten ikasleei gauzak erraztea, eta jada kanpoan izan direnei beraien egonaldiaren balioa aintzat hartzea da. Arintasun bat bermatu nahi da herrialde desberdinen sistemen artean.

Kredituen sistema berri honek baditu bere desberdintasunak gaur egun guk dugun sistemarekin, gurean kreditoek 10 orduko balioa izateaz gain, ordu praktikoen eta teorikoen kontaketa adierazten dute, eta europarrean IKASLEAREN LANA agertu nahi da. Ikasleen lana baloratzeak azterketei garrantzi pixka bat kenduko die eta egunero klasean egindakoak bere lekua hartuko du.

Klaseen dinamikak ere aldaketak jasoko ditu kreditu hauekin. Irakaslearen papera dinamikoagoa eta probetxugarriagoa bilakatu nahi dute, klaseko denbora, lan munduan aurkitzen diren kasuetara zuzenduz eta ikasketa “teorikoa� ikaslearen esku utziz.

Karrera bakoitza 180 edo 240 ETCS kredituz osatuta egotea espero dute (60 bat urtean , beraz 3 edo 4 urte). Gai tronkalek ikasketen %50-75 osatuko dute. Ondoren datozen Masterrak 60-180 ETCSez osatuta egongo dira eta hauen prezioa unibertsitatea aurkitzen den komunitate autonomoak erabakiko du, baina urtea 3000 euroren inguruan ibiliko dela uste da. 2. ikasketa hauek egiteko karrera bakoitzak adieraziko ditu bete beharreko ezaugarriak. Azkenik, norbaitek doktoratu bat egiteko asmoa badu (aupa zu!), gutxienez, 300 kreditu ETCS eginda izan beharko ditu. Hauen iraupena ere gaurkoen antzekoa izango dela estimatzen da, 3 urte inguru, hain zuzen. Ikasketen azken zati honetan aipatzekoa da doctor europeus izendapena eguneratzeko nahia dagoela . Hau doktoratua beste estatu europar batean egiteagatik emango da.

Zenbait zalantza

Hasteko, karrera eta diplomatura asko desagertu behar ziren zurrumurrua zertan geratu da?
Sarean irakurri ahal izan dudanez, MECetik (Ministerio de Educacion y Ciencia) ofizialak izango diren titulazioen zerrenda bat eratzen ari dira. Hasiera batean, titulazio asko desagertuko zirela uste zen, baina beranduago argitu zuten aldaketa batzuk egin behar zituztela hasierako planean eta honek ikasketa gehienak edo ia gehienak mantentzea ziurtatuko zuela (“ia� horrek suposatu behar duenaren azalpenen zain geratu beharko dugu). Bertan, titulu ofizialek graduen sistemara pasatzeko beharko dituzten ezaugarriak agertuko dira.

Eta nola gertatuko da, bada, aldaketa?

Sistema berriaren ezarpena ez da bat-batekoa izango, urtez urte joango da bermatzen. Gainera, beraien ikasketak aldaketarik gabe bukatu nahi dituzten ikasleek azterketetarako hainbat deialdi izango dute, baina, noski, aukera hauek galduz gero, aldaketa jasan beharko dute.

Lizentziatura bat ikasia duen ingeniari batek, adibidez, plan berriarekin 4 urtetan burutu duenaren maila bera izango al du?

Argi dago ingeniari bat prestatzeko behar diren 5 urteak, gehi proiektuak… ezin direla 4 urteko ikasketa batzuekin alderatu. Horregatik, 240 ETCSez gain, beste 60 bat kreditu baloratzea eskatzen dute askok, 2. zikloa izango zen Masterraren zati baten antzera baloratzea alegia, BACHELOR izenaz ere ezagutua. 240+60 ideia hau eztabaidatzen ari den gaia da oraindik.

Kontu honek guztiak gure inguruan ere bere oihartzuna izan du. Horren lekuko izan zen pasa den azaroaren 17an egin ziren greba eta hitzaldiak. Ikasleen Nazioarteko Eguna zela aprobetxatuz, Ikasle Abertzaleak taldeak greba deialdia egin zuen Euskal Herriko unibertsitate askotan. Bere ordezkariek Arrasateko Unibertsitatean beraien jarrera eta iritzia argitu zuten.

Amaitzeko gai honi buruz zuen ikuspuntua, zalantzak, datuak… ematera animatu nahi zaituztet, denontzat oso lagungarria izango baita jada gainean dugun aldaketa hau hobeto ezagutzeko.

Comments { 0 }

Futbola teknologia berriekin bat eginik

Allianz-Arena egunez Datorren ekainaren 9an, 4000 milioi ikusle izango dira lau urtez behin gertatzen den futbol festa handi hau noiz hasiko zain. Eta ikuskizun harrigarri honek bere hasiera Municheko Allianz–Arena estadio eraiki berrian izango du , 2006ko Futbol Mundiala zabalduko duen partidua 66. 000 ikusleentzat tokia duen munduko puntako ingeniaritza duen eraikuntza harrigarri honetan jokatuko baita. Beraz, ez gara futbolaz bakarrik ari, punta-puntako teknologiaz hornituta dagoen kirol eraikuntza handienaz baizik.

Allianz- Arena estadioa eraikitzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izan. 340 milioiko kostua izan du. Bere gain du argitzapenik aurreratuena non jokatzen duen Municheko taldearen arabera aldatzen den. Bayern de Munich bada protagonista, kanpoaldea eta eserlekuak gorritu egingo dira. TSV 1860 taldea bada, aldiz, urdina bihurtuko zaigu.
Alemaniar selekzioa bada, ordea, txuria izango da kolore nagusiena. Bestalde, lehena izango da alemaniar estatuan hiru altueratako eserlekuak dituena. 66. 000 eserleku hauek guztiak daude estalita eta, zauden lekuan zaudela, partidua ederki ikusteko aukera dago, eserlekuak zelairi ondo begira jarrita baitaude. Gainera, 4 752 kiloko bi pantaila erraldoi daude 16:9 formatukoak zelaiaren alde banatan, ikusleek jokaldirik onenak kalitaterik onenarekin ikus ditzaten.

Allianz -Arena gauezHala ere, ez da beharrezkoa barnera sartzea lan honen izugarriaz jabetzeko. Batzuen ustez, ovni baten itxurakoa da, eta bere presentziaz ohitu diren hiritarrek harro Schlauchboot edo gurpil flotagarria dela aipatzen dute. Itxura hau, estadioa estaltzen duten fluor erretxinez eraikitako 2 874 kuxinei zor zaie. Hauek, gainera, elurra eta euria lurrintzeko gai dira eta baita izpi ultramoreak pasatzen uzteko ere, horrela belarraren hazkundea erraztuz. Honez gain, lurrazpia berogailu batez hornituta dago 30 eta 35 gradu arteko tenperatura mantentzeko gai dena.

Bukatzeko, aipatu, paradisu honetan badagoela futbolak bezainbeste diru ekoizten duenik. Merchandising zatiaz ari gara. Estadioaren alderdi guztietan aurki daitezke dendak, jatetxeak, kafetegiak, kioskoak eta baita haurtzaindegiak ere. Zorionez, elbarriek ez dute arazorik izango, sarrera zabalak eta edonon arrapalak baitituzte. Hau guztia gutxi balitz, proiektu honek izugarrizko itxuraldaketa ekarri dio kokatuta dagoen auzoari. Metro geltoki bat eraiki da eta errepide berrien eraikuntzak izugarri erraztuko du zaleen etorrera. Horretarako, estadioak barnean 1200 autoentzako aparkalekua izateaz gain, ondoan Europan inoiz eraiki den aparkalekurik handiena izango du, 9000 auto eta 350 autobusentzako lekuarekin.

Beraz, Municheko biztanleek argi daukate: ez zaie axola Berlin eta Hamburgo handiagoak izatea, edo Francfurt finantzen erdigune izatea. Futbolaren erdigune Munich bilakatuko baita inongo dudarik gabe. Baina horretarako ekainera arte itxaron behar!

Comments { 0 }

Ill Niño taldearen kontzertua Bergaran

Rockzone musika aldizkariaren lehenengo urtemuga izan dela eta, talde gutxi batzuen kontzertuak antolatu dira. Horietako talde bat Ill Niño da, eta Espainian eskainiko dituzten hiru kontzertuen artean, datorren otsailaren 11n Bergaran emango dutena dago.

illnino

Nu Metalaren generazio berriaren barruan kokatzen da Ill Niño taldearen musika, baina beraien energiaz beteriko metala, Latinoamerikako perkusioekin eta gitarra espainiarrarekin nahastea dute bereizgarri nagusi. Beste berezitasun bat letren hizkuntzari dagokiona litzateke, ingelesa eta gaztelania nahasten baitituzte.

Talde gaztea izan arren, ikaragarrizko erreakzioa sortu zuten metal musikaren jarraitzaileon artean beraien lehenengo diskoko “God save us� singlearekin. Ondoren, Kittie, Soulfly eta Snapcase bezalako taldeekin kontzertuak eskaini izatea eta New Jerseyko jaialdi bateko kartelaren buru izateak sekulako bultzada eman zien.

Orain 2005. urtean kaleratutako One Nation Underground hirugarren diskoa eskuartean dutela, hau aurkeztera etorriko dira Jam aretora. Ez da Bergarara etortzen diren lehenengo aldia, aurreko diskoren bat aurkeztera ere etorri izan baitira; beraz, argi dago areto euskalduna gogoko dutela eta harrera ona izan dutela hemen, nahiz eta Euskal Herrian musika mota honen jarraitzaile ugari ez garen.

Taldearen disko berri honetan 13 abesti aurki daitezke eta Ill Niñoren abeslaria den Christian Machadok dioenez:

(itzulia)

Gure ustez, orain arte egin dugun diskorik hoberena da, eta hau da jendeak pentsatzea nahi duguna. Gure kultura eta musikari buruzko elementu asko sartu ditugu, horregatik du hainbeste erritmo eta aurreko diskoak baina askoz biziagoa da. Nik dudan estudio batean grabatu genuen, beraz, erraza izan zen lan egitea beharrezkoa zen denbora guztia izan genuelako. Horrela erlaxatuago ibili ginen eta hori diskoan nabari da

One Nation Underground

Kritikoak, dirudienez, nahiko ados daude hitz hauekin, baina taldearen jarraitzaileak zaretenok oraindik entzun ez eta egia den edo ez frogatu nahi baduzue, klikatu hemen bi abesti berri entzuteko.

Honekin guztiarekin soilik geratzen zait aipatzea larunbatean ez direla bakarrik egongo. Ill Niñok bi talde gonbidatu izango ditu: NdNo eta Infinner.

Beraz, metalaren jarraitzaileok ikaragarrizko kontzertu on batera joan eta ahotsik gabe gelditzeko aukera paregabea izango dugu 🙂

Comments { 0 }
-->