EUSKAL ATSOTITZAK

EUSKAL ATSOTITZAK


ETXEARI ETA ETXEKOEI BURUZKOAK:

 

  • Afaldu nahi ez duenaren afaria beti prest.
  • Auzoan uso, etxean otso.
  • Egur zaharra, su txarra.
  • Errezo luzea eta afari motza.
  • Ezkondu eta damutu.
  • Ezkondutako urtea eta txerria hildako urtea
    onenak.
  • Haurrak hazi, nekeak bizi.
  • Idiari adarretatik, pertsonari hitzetik.
  • Lehenengo andrea da emazte, bigarrena senikide,
    hirugarrena gaitz eta kalte.
  • Umearen zentzuna, etxean entzuna.

 

KLIMARI BURUZKOAK:

 

  • Abenduko eguna, argitu orduko iluna.
  • Azaroa bero, negua gero.
  • Azaroa hotz, negua motz.
  • Eguzkia nora, zapiak hara.
  • Elur urte, gari urte.
  • Elur-melur ez nauk hire beldur, badiat etxean arto eta
    egur.
  • Ezkur urte, elur urte.
  • Goiz gorri, arrats euri.
  • Goiz guztiak du bere arratsaldea.
  • Goizean oskorri, gauean iturri.
  • Urtarril hotza, neguaren bihotza.

 

GORPUTZ ATALEI BURUZKOAK:

 

  • Bihotzaren giltza, mihia.
  • Bururik ez eta txapela nahi.
  • Bururik nekatzen ez duenak, hankak nekatu
    behar.
  • Gezurrak buztana labur.
  • Lehengo lepotik orain ere burua.
  • Non gogoa han zangoa.
  • Txapela buruan, ibili munduan.
  • Txapelik handienak ez du buru hutsik betetzen.
  • Zenbat buru, hainbat aburu.
  • Zer ikusi, hura ikasi.

 

ANIMALIEI BURUZKOAK:

 

  • A zer parea, karakola eta barea!
  • Asto joan eta mando etorri.
  • Han eta hemen txakurrak oinutsik.
  • Hurrengo kukua ez du horrek entzungo.
  • Kukuak oker jo.
  • Mando merkea, nagusiaren nekea.
  • Oilo ibiltaria, azeriak jaten.
  • Okila kantetan (kantatzen), euria atetan.
  • Otsoa aipatu eta otsoa atean.
  • Txakurraren gau erdiko ametsak.
  • Zerri gosetiak, ezkurrak amets.
  • Zozoak beleari, ipurbeltz.

 

OFIZIOEI BURUZKOAK:

 

  • Alferra beti lanez betea.
  • Apaizak azken hitza bere.
  • Azeria oiloen predikaria.
  • Errementariaren etxean, zotza burduntzi.
  • Eskola-mutilak sasirik sasi, asko jan, eta gutxi
    ikasi.
  • Geroa alferraren leloa.
  • Itsuen herrian begibakarra alkate.
  • Marinelaren emaztea, goizean senardun, arratsaldean
    alargun.
  • Oinezkorik nahi ez, zaldizkorik etorri ez.

 

BESTETARIKOAK:

 

  • Abere gaiztoa da gorrotoa.
  • Ardo gozoak, lau begi eta oinik ez.
  • Baleki gazteak, baleza zaharrak.
  • Baleuka eta balitz, elkarren ondoan dabiltz.
  • Dagoenean bon-bon, ez dagoenean egon.
  • Ezinak ez du legerik.
  • Gogko tokian, aldaparik ez.
  • Hala ez baldin bada, halatsu.
  • Haritz eroriari, orok egur.
  • Hil eta gero, salda bero.
  • Hori eta atariko haizea bat.
  • Jakiteak ez du ogirik jaten.
  • Kupel txarretik, ardo onik ez.
  • Lehen hala, orain honela, gero ez jakin nola.
  • Nori berea, Jaunaren legea, nori berea da
    gizalegea.
  • Neke gaberik, ez da bizitzerik.
  • Nori berea da zuzenbidea.
  • Ogi gogorrari hagin zorrotza.
  • Su gaberik ez da kerik.
  • Ulertze onari, hitz gutxi.
  • Urak bide eginen du.
  • Urrutiko intxaurrak hamalau, bertara joan eta
    lau.
  • Ustea ez da jakitea.
  • Usteak erdia hutsa eta beste erdia putza.
  • Zereko zera zertan dela zereko zerarekin.
  • Zeurea egin artean mantso eta mantso; zeurea eginez
    gero zantzo eta zantzo.
  • Zure izenean eta nire gizenean.

 

ATSOTITZ GEHIAGO:

 

Gehiago

Comments { 0 }

Bidegorrien gatazka

Gaurkotasun handia duen gaia da bidegorriekin dagoen arazo larria. Donostian gertatzen ari den bezala, leku edo herri askotan eztabaidagune nagusia da. Bidegorriek, Eguzki Ekologia Elkarteak salatu duenez, oinez doazen pertsonei gero eta leku gehiago hartzen doaz, autoen eta motorren errepideari zati bat kendu beharrean, oinezkoei egiten die kalte eta beraien ingurua murriztu.

Gainera, bidegorriak txirrinduan ibiltzeko egindako errepideak direnez, txirrindulariek auto gidarien antzera erabili beharko lituzkete. Baina hori horrela gertatzen al da? Ez, hauek espaloietatik ibiltzen jarraitzeaz gain, oinezkoen bizitza ere batzuetan arriskuan jartzen dute! Hainbat kasutan, ez dute inongo errespeturik eta ero moduan ibiltzen dira alde batetik bestera. Donostian, erabilera oker honen puntu beltzak Boulevard eta Kontxa dira, besteak beste. Gune hauetan txirrindulariak kontrolik gabe ibiltzen dira espaloietan eta ez dituzte bidegorriak errespetatzen. Eguzki elkarteak salatu du, halaber, bidegorri hauetako askok ez dutela diseinu egokia.

Bestalde, Donostiako Udalak biztanleak jakinaren gainean jarri ditu hemendik aurrera espaloietan txirrinduz ibiltzea debekatu behar duela. Halere, Eguzkik esaten du hori ez dela egokiena, erabilera oker honen eragile nagusiena udala delako, izan daiteke bidegorrien diseinu kaskarrarengatik edo alternatiba gutxi daudelako, baina kontua da honek txirrrindulariak espaloietatik ibiltzea behartzen dituela… Hortxe dugu Bidebietatik hirigunera joateko dauden zailtasunak adibide moduan. Txirrindulariek, kasu honetan, espaloietatik joan behar dute edo, bestela, beraien bizitza arriskuan jar dezakete Miracruzetik abiatuz.

Mugimendu ekologistak argi utzi nahi du, dena den, txirrinduen erabilpena goia jotzen ari dela garraiobide gisa eta hau hiritarren jarrera positiboari zein Kalapie taldeak garatutako lanari zor zaiola. Amaitzeko, Eguzkik gai honen inguruko gogoeta egin dezan eskatzen dio Donostiako Udalari, baita ausartagoa izan dadin bere planteamendu eta diseinuekin ere. Garbi dago oinezkoei errespetu osoa zor zaiela, azken finean, oinez joatea baita “garraiobide ekologistena”.

Zuk zer pentsatzen duzu gai honi buruz? Inoiz izan al duzu esperientzia salagarriren bat arlo honetan (bai oinez, bai txirrinduz)? Ordiziak izan beharko luke bidegorririk?

Besterik gabe informazio gehiago nahi baduzu, klikatu hemen.

Kontxako bidegorria

Comments { 0 }

HERIOTZAREN ZERRENDA

espetxea Estatu Batuetan eztabaida berriro ere pizturik dago. Oraingo honetan heriotza- zigorraren inguruan sortu da izugarrizko iskanbila. Izan ere, orain dela hamaika urte saltoki bateko langile bat hil zuen gizona exekutatu baitzuten duela egun batzuk. Horrela, Shawn Paul Humphries hilarazia izan den 1001. presoa bihurtu zen, lurraldean 1976.ean heriotza-zigorra berrezarri zenetik. Hala ere, 1000. heriotza ordu batzuk lehenago gertatu zen, Kenneth Lee Boyd presoak emaztea eta aitaginarreba hiltzeagatik zigor latza jaso zuenean.

Boydek orain dela hamazazpi urte hil zituen bere emaztea eta honen aita seme-alaben aurrean. Errudun zela ziur zegoen arren, horrelako hilketa Vietnamgo gerran bizi izan zituen esperientziei, alkoholarekiko dependentziari eta adimen urriari egotzi zion defentsak. Hala ere, gizonak bere nahigabea agertu zuen justiziak zigortutako 1000. presoa izateagatik eta heriotza- zigorra mendeku bat besterik ez dela azpimarratu zuen.

Thomas Maherek, Boyden abokatuak, adierazi zuenez:

Heriotza honek ez du lortuko mundu seguruagoa edo hobea.

Honek hamaika zauri ireki ditu eta Amnistia Internacional eta antzeko erakundeak hainbat ekitaldi martxan jartzen ari dira. Hauen aburuz:

Gero eta estatubatuar gehiago dago bidegabekeria honen aurka eta hori erabat nabarmendu da espetxeen kanpoaldean bildu den jende kopuruarekin.

Baina, dirudienez, George W. Bush ez da iritzi berekoa eta heriotza- zigorraren aldeko agertu da berriro ere, argudio triste batekin oraingo honetan. Azken neurri bezala, kaleak seguruagoak izatea ziurtatzen omen du. Gogorarazi, Texasko gobernadore izan zen sei urteetan 152 heriotza- zigor onartu zituela Bushek.

Pablo Ibar Gaur egun, Estatu Batuetako espetxeetan 3400 preso daude heriotzaren zerrenda honetan. Horietako bat Pablo Ibar dugu, Urtain eukal boxealariaren iloba dena eta, 1994. urtean, bi modelo eta klub pribatu bateko jabea hiltzeagatik epaitua izan zena.

Beraz, garbi gelditzen da Estatu Batuak hainbat arlotan punta-puntako lurraldea den arren, beste batzuetan asko dutela hobetzeko eta aldatzeko. Eta zeregin horretan, giza eskubideak errespetatuz has daitezke, adibidez. Ez al zaizue iruditzen?

Gehiago jakin nahi izanez gero, klikatu hemen.

Comments { 1 }
-->