Mozkorrak vs hiritarrak

argazkia: sebastianurbina.blogspot.comTurismoa, gazte britainiarrak, alkohola, desfasea… azken egun hauetan denok notizietan entzundako terminoak dira hauek eta ziurrenik denoi gauza bera datorkigula burura horiek entzunda: Saloufest. Polemika handia sortu da gai honen inguruan; izan ere, Salouko bizilagun batzuek nazka-nazka eginda amaitzen dute gazte hauekin; beste batzuei, ordea, ondo iruditzen zaie ekimen hau aurrera eramatea, bertakoei lana ematen dielako krisi garaian; enpresariek egoera aprobetxatzen dute euren negozioen egoera hobetzeko… Baina Saloutik haraindi zabaldu da gaia. Eztabaidetan galdera hau sortu da: hau al da Espainian nahi den turismomota?

Hasteko, garrantzitsua iruditzen zait Saloufest delakoa zer den garbi izatea. Kirolarekin loturiko ekintza da teorikoki, baina errealitateanBritainiako 8.000-9.000 unibertsitario inguruk amaierarik gabeko parranda izateko aitzakia da. Bidaia-agentzia britainiar batek 2002tik geroztik (hasieran 200 gazterekin) urtero antolatzen duen ekimena da saloufest, gazteei plan erakargarria aurkezten diena: kirola eta festa, baina, batez ere, festa. Gazte batzuek kirola egiten duten bitartean, besteak mozorrotuta ibiltzen dira kirol instalazioetan zehar, eta gehienek edaten pasatzen dute eguna. Gauero, taberna eta pubak mozorro festak antolatzen dituzte, eta, horrela, mozorroturik, gazteak kaleetan zehar ibiltzen dira abestuz eta edanez. S hirukoitzaren bila datoz: sol, sangria, sexo. Neurrigabekeria da nagusi.

Egia esan, saloufest ekintza antolatua da, baina gai zabalago baten barnean sartzen da, “turismo de borrachera” deitua. Halere, Salouko udaletxeak ez du onartzen festa hau turismo mota horrekin alderatzerik; izan ere, ezin dugu ahaztu ekimen honen prestaketan kolaboratzen duela. Bozeramaile batek esan zuenez, kirolean oinarritzen da ekintza hau, eta gazteen gaueko dibertsioarekin guztiz bateragarria da. Gainera, ezbehar larririk ez zela gertatu jakinarazi zuten, zaratek bizilagunak molestatu izana posible izatea onartuz. Ekimen honen bederatzigarren edizioan, neurri gehiago hartu dira ezbeharrak saihesteko asmoz eta dispositibo polizial kopurua handitu egin da, kontrol gehiago ezartzeko helburuarekin.

Baina zergatik egia arbuiatu? Argi dago “mozkor-turismoa” kontsidera daitekeela. Estatu batuarrak Mexikora joaten diren bezala, britainiarrak Espainiara joaten dira euren herrialdean egin ezin dutena egitera. Bi turismo mota daude, jatetxe eta hotel garestietan dirua xahutzen duena, eskupekoak uzten dituena… eta gazteagoen turismoa, merkeenaren bila eta parranda gosez joaten dena oporretara. Biek diru ekarpen handiak ematen dizkiote ekonomiari, eta, krisi garaian egonda, enpresariak ez daude ezer ukatzeko egoeran. Espainiako kostak, eguraldi onagatik, ohiturengatik, janagatik… gazteentzako paradisu bihurtu dira. Antolatuta -edo antolatu gabe- herrialdeaz duten irudia berdina izaten jarraituz gero, parranda egiteko asmoz etortzen jarraituko dute.

argazkia: larazon.esFesta honen ondorio aipagarrienetakoa iruditzen zait gazte batek beste bati bortxaketagatik eginiko salaketa; izan ere, komunikabideetan ezagutzera eman den informazioaren arabera, neskak, alkoholaren eraginpean egoteagatik, gertatutakoa ez oroitzea onartzen du. Bestalde, mutilak, biek onartutako harreman sexualak izan zirela ziurtatzen du. Bakoitzak pentsa dezala nahi duena, baina ez da oso logikoa zure neurrigabetasunak eragindako egora batean zer gertatu gogoratu gabe salaketa bat egitea.

Zer da errazena? Gazteei errua botatzea, noski. Baina zergatik datoz hona mozkortzera? Edarietan eskaintza bereziak aurkezten zaizkielako, egunsentirainoko festa dagoelako, euren herrialdean touroperadorek ematen dien Espainiari buruzko ideiagatik, hoteletako “dena barne” eskaintzengatik… Beraz, nork du hiritarrentzako hain desatsegina den turismo mota honen nagusitasunaren errua? Krisian gaude, eta krisi egoeran guztiz normala da hotelak, pubak, tabernak eta diskotekak gazte hauek erakarri nahi izatea, euren lokaletan dirua uzteko. Baina enpresarien horren beharra, agian, administrazioak neurriak hartuz gero, amaitu egingo litzateke. Horretaz gain, kostako leku turistikoei buruzko beste irudi bat ematen saiatu beharko litzateke, horrela, beste turismo mota bat erakartzeko.

Hala ere, niri festa honek Sanferminak dakarzkit gogora. Hain ezaguna den festa honetako ondorioak antzekoak direla esan daiteke: hemengo naiz kanpoko gazteak mozkortuta, oka kaleetan zehar, zatarra…; ez dut inoiz ikusi, ordea, festa honi buruzko hainbesteko eskandalurik. Sanferminetan festa giroa dago, hiri guztiak goza dezakeena. Horrek zeresan handia du nire ustez.

Amaitzeko, badakit oso erraza dela nire etxeko lasaitasunetik gai honi buruzko iritzia ematea, gazte britainiarrik gabe nire etxeko atari ondoan oka eginez edo gauean eurek sortutako iskanbila entzun gabe. Niri herrialde batera mozkortzeko helburuarekin joatea tamalgarria iruditzen zait. Are gehiago zure burua kontrolatzen jakin ezean; izan ere, oso ondo dago herrialde bat ezagutzera joatea, eguraldiaz eta hondartzaz gozatzea eta gauean parrandan ibiltzea, baina kontrolatzen jakinda. Halere, oso garbi daukat gazte horiek zerbaiten bila datozela, eta bilatzen ari diren hori hemen aurkituko dutela ziurtatu zaiela.

La noria izeneko Tele5ko telebista saioan, gai honi buruzko eztabaida izan zuten:

Bibliografia:

, , ,

Trackbacks/Pingbacks

  1. Tweets that mention euskaljakintza» Blog Archive » Mozkorrak vs hiritarrak -- Topsy.com - 2010(e)ko apirilak 16

    […] This post was mentioned on Twitter by Maite Goñi. Maite Goñi said: [euskaljakintza] Mozkorrak vs hiritarrak http://bit.ly/cMNpoS […]

Utzi erantzuna

-->