Nondik gatoz, eta nora goaz?

Euskararen egoera urte askotan zehar guztiok izan dugun kezka da. Txikitatik aritu gara honen inguruan lanean: hasieran Argitxorekin; ondoren, Euskaraz Bizi egunean ekintza ezberdinak antolatzen.. .Ikastolan gure azken urtea dela ikusita, eta euskarako lana aprobetxatuz, euskararen inguruan ikertzen saiatu gara.

Maitek egin beharrekoa azaldu zigunean, erreportaje bat egitea erabaki genuen hasieratik; gure zalantza, ordea, aurkezteko modua izan zen. Hainbat aukera kontuan izan eta gero, egokiena dokumentala bideoz grabatzea izango zela adostu genuen. Bideoa -entzumena, ikusmena eta hainbat sentimendu pizteko aproposa- mezua helarazteko biderik zuzenena iruditu zaigu.

Hiru zati nagusitan banatu dugu gure proiektua. Batetik, ikastola hartu dugu abiapuntutzat, euskararengan egin duen lana eta ahalegina dela eta. Jakintza ikastolaren erroetan murgildu gara, eta guretzat berriak diren istorio batzuk azaleratu ditugu. Bestetik, azken urteetako euskararen egoeraz galdetu dugu. Horretarako, Euskal Herrrian Euskaraz ekimeneko kide batekin bildu gara, gure ezagutza aberasten lagundu diguna. Bukatzeko, kulturaren atalean gustuko dugun alorrera jo dugu, musikara, euskal raparen inguruan arreta berezia jarriz.

Lan honek bere fruituak izatea espero dugu, helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea eta jendea euskararen etorkizuna guregan dagoela jabetzea da. Gure helburuak betez gero, onura guztiontzat izango da, bereziki, ondorengo belaunaldientzat.

Hainbat buruhauste izan ditugun arren, bideo eta teknologiari buruz ikasteko balio izan digu lanak. Barkatu, halere, gure ezjakintasuna alor teknikoan, hainbat pasartetan agerian gera litekeena. Dena den, esperientzia honetatik aipagarriena euskararen inguruan eskuratu dugun ezagutza eta informazio guztia da. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiegu gure erreportajean parte hartu duten pertsona guztiei, haiek gabe nekez erdietsiko genuke eta gure hasiera helburua.

Besterik gabe, hemen duzue gure lanaren emaitza. Eman zuk ere pauso bat euskararen alde!

Jone Agirre, Maider Alcayaga, Ainhoa Barandiaran, Nadia Perez eta Paula Sesma.

, , ,

Utzi erantzuna

-->