Olentzero euskaldun!

Urtebete pasa da Olentzero jaunak azkenekoz bere opariak gure etxeetan utzi zituenetik, eta orain urtebete izan zen ohartu nintzenean. Olentzero ez al da euskalduna? Galdera inozo bat dirudi, ezta? Bada, ez pentsa. Nik, behintzat, lepoa jokatuko nuke iaz ume gehienek jaso zituzten opariek erdarazko argibideak eta erdarazko egiturak zituztela.

Nahi edo ez, onartu beharra dago oraingoz, behintzat, beti egongo direla gaztelerazko jostailuak gure etxeetan, baina horrek ez du esan nahi ateak itxi behar zaizkienik gure herriko objektuei. Ziur nago olentzero asko puzzle baten bila joan, behar duten adin tarterako dela ikusi eta polita den edo ez begiratu orduko erosten dutela, buelta gehiagorik eman gabe , euskarari inongo garrantzirik eman gabe.

Euskara Patronatuak izugarrizko lana egin du aurten. Gabon hauetan, euskarazko produktuak aintzakotzat har daitezen euskarazko pruduktuen katalogo bat kaleratu du. Hau Euskal Herri osoan banatua izango da, denera 220.000 ale banatuko dira.

Katalogoaren helburuak

-Aisialdian ere euskara erabiltzea:
Haurraren aisialdia oso garrantzitsua da. Euskaldun oso izateko euskaraz jolasean ibili behar du haurrak.

-Euskarazko produktuen eskaintza ezagutzera ematera:
Askotan ez da jakiten zein produktu eskaintzen diren euskaraz: Euskaraz zer dago, ba?

-Euskarazko produktuen merkatua dinamizatzea:
Euskarazko produktuen eskaera handitzea. Eta, jakina, eskaera handituz gero, kate beretik etorriko da eskaintza handitzea ere.

Argazkian ikus daitekeen bezala, ez daude jostailuak bakarrik salgai; aldizkariak, musika… ere aurki daitezke. Beraz, begirada bat eman nahi izanez gero, argazkian klikatu eta katalogoak eskaintzen dituen produktu ezberdinak ikusi ahal izango dituzue.

Ni ez naiz inor zuei esateko zer erosi eta zer ez, baina bai eskatu nahi nizueke bila zabiltzaten hori euskaraz lortzea posible bada, hura lortzen saiatzea. Euskal Herri euskaldun bat nahi badugu, eremu guztiak euskaldundu beharko ditugu, eta jostailuak euskaraz egon badaude, beraz, anima zaitezte eta, ahal denean, behintzat, gure hizkuntzean daudenak erosi!

Gabon zoriontsuak denoi!! Eta urteberrion!

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->