Osasuntsu al nago?

Askotan entzuten dugu gure inguruko norbaiti medikuak gatz gutxiago jateko esan diola, edota gantz gutxiago dituzten janariak jateko. Egungo gizartean oso sartuta daude janari azkarrak eta aurretik prestatutakoak, eta horiek ez digute inongo mesederik egiten. Lan motak izugarri baldintzatzen du osasuna, denok dakigu gorputza mugitzea beharrezkoa dela herdoil ez dadin. Batek daki zenbat aldiz galdetu ote diogun geure buruari osasuntsu gauden edo ez, eta horrexegatik, galdera horri erantzuna emateko, proba txiki bat burutzea gonbidatzen zaitut:

  1. Lehenik egizu 15 minutuz esfortzu fisiko bat (korrika egin, bizikletan ibili, leku aldapatsuan joan-etorri…)
  2. Hartu 5 minutuko atsedena.
  3. Hartu zure pultsua 15 segundoz eta bider 4 egin.
  4. Konparatu zenbaki hori ondorengo emaitzekin.
  • <100 pultsazio: Errendimendu handia, oso osasuntsu zaude.
  • 105- 115 pultsazio: Oso ondo, osasunez ondo zaude.
  • 115-120 pultsazio: Ondo, jarraitu kirola egiten eta zaindu zure gorputza.
  • 120-130 pultsazio: Kirol gehiago egitea komeni zaizu.
  • 130 pultsazio: Utz ezazu telebistako mandoa eta zoaz korrika egitera!

Osasunak gero eta garrantzi handiagoa du gure bizimoduan. Bizitza oraingoz bakarra dugu, eta honi zuku guztia ateratzeko gorputz osasuntsua izatea nahitaezkoa da. Garai honetan gero eta osasun arazo gehiago azaltzen dira, batik bat, lan fisiko gutxiago eta lan psikiko edo mental gehiago egin ohi delako.

ariketakGure aitona-amonen garaian ez zegoen pisu arazo larririk zeukan pertsonarik. Bizimodua askoz ere dinamikoagoa zuten; hau da, euren lana ez zen aulki barrubigun baten gainean esertzea ordenagailu bat begien aurrean zutela. Euren lana gauzak alde batetik bestera eramatea zen; baita euren baratza propioetan gerria ondo tolestuta jarri, eta euren landareak noiz erneko zain egotea ere. Egungo gizarteko zaharrenek ez zuten orain adina denborarik egonean egoteko. Hori esanda, barregura gehien ematen didana denboraren kontzeptua da; izan ere, langile askok hartzen du baja “estres” famatuagatik, baina askok eta askok ez du galtzen inoiz bazkalondoan egoten den telebistako programa. Denbora gauza erlatiboa da eta nahi duenak badaki ondo aprobetxatzen.

Lehenagoko bizimodua beste era batera antolatua zegoen. Lehenago ez zegoen luxuaren kontzeptua, helburua aurrera jarraitzea zen eta familia askok ez zeukan nahikoa diru denen tripak asetzeko. Horretarako, etxeko semeak, nerabeak zirela, etxetik joaten ziren lan bila eta lortutako dirua punta-puntako teknologietan xahutu beharrean, gurasoei ematen zieten eurek maneia zezaten. Langile guztiek izerdi franko atera behar izaten zuten, eta hori zen osasuntsu egotearen muina. Lan gehiena fisikoa zen eta horren erruagatik jaten zuten guztia erretzen zuten. Metabolismo azkarra zuten, eta bihotzeko arazo gutxiago izaten ziren.

Esan bezala, bizimodua izugarri aldatu da eta gure jateko ohiturak zer esanik ez. Dudarik gabe okerrera egin dute, eta argi geratzen da jaten duguna garela. Kalera irten eta janari azkarra edonon aurki daiteke. Horrek eragin sakona du gure bizimoduetan. Aurrez gertatuko jaki horiek gantz eta olio askorekin prestatutakoak dira, eta horiek, zapore emateaz gain, bihotzeko baten eragile ere izan daitezke. Gantz horiek erre ezean, erreserba moduan gordetzen ditu gorputzak, hain entzuna dugun kolesterola sortuz askotan. Gantz berezi hau gure arterietan itsasten da, eta odol fluxua oztopatzen du. Kasu batzuetan guztiz oztopatzen du eta, odola muskulura iristen ez denez, muskulua hil egiten da.

Bizitzari jan ohitura txarrengatik agur esatea tamalgarria da, horrexegatik osasuna zaindu beharreko puntua da. Gogoratu ondo jatea oso garrantzitsua dela, eta amonak prestatutako janaria baino gauza hoberik ez dagoela eduki ezazu buruan!

  • Nahi izanez gero, egin test hau.
  • Kalkulatu zure gorputzeko masa indizea hemen.

, ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->