Agur euskaljakintza 4!

Bihartik aurrera, euskaljakintza 5ekoak gu ordezkatzera etorriko dira. Gutako batzuk hasita gaude dagoeneko unibertsitatean eta falta direnak laster abiatuko dira. Ez genuen txoko hau utzi nahi, ordea, gurekin batera hemen egon zaretenoi agur esan eta eskerrak eman gabe.

Une gozoak eta, hainbatetan, gaziak bizi izan ditugu ikastolan. Horietako asko jarraian datorren bideoan ikusi ahal izango dituzue. Bereziki txiki-txikitatik nirekin ikastolan ibili zaretenoi eskainia da. Zoriontsu bizi! 😉

Agur, euskaljakintza 4! from Maite Goñi on Vimeo.

Comments { 8 }

Azkenak izan daitezkeen hitzak…

Azkenak izan daitezkeen hitzak
Doinua: Mendian gora haritza
1. Amak inoiz ez modura
begietan du tristura
eskutik heldu gabe ibiltzeko
garaia heldu da.
Negar zotinka barrura
gu ere ez hain gustura
inozentziak dena barkatzen
ei duen mundura.
2. Aulkitxoan eserita
Tom ta Jerryren tirita
jolas antsiak urratutako
zaurian jarrita
bi zangoak zintzilika
txikiak gara apika
nahiz paperean marrazten jakin
ama eta aita.
3. Masailetako malkoen
bustia kendu ondoren
barkatu esan eta musu bat
emanez lehenbailehen
konturatu naiz bederen
jada zein loturik gauden
zapatilako kordelak lotzen
ikasi baino lehen.
4. Zenbakiak, abd-a
grisa, gorria, berdea
jada “alpino” erabiltzeko
dugu ohorea.
Gurea da boterea,
jakintzaren ondarea
nahiz oraindik ez errespetatu
marraren legea.
5. Ipuinak bukatu dira
denbora bere harira
ume gorriei forma berria
ematen ari da
jada eskola handira
heldu gara, baina tira
oraindik ere jarraitzen dugu
gorantza begira
6. Nola hala alabaina
batuketak alajaina!
abakoari esker ukitu
dugu ia gaina.
Oso ongia, bikaina
jakintsuak gara baina
behatzik ezta zenbat dakigun
kontatzeko haina.
7. Hiru bider lau: dozena,
bat zati hiru: herena
ez dakit zer den ilusioa,
broma edo pena.
Ustez osoa nintzena
dago zatitan etena
konturatzean zerbait, baina ez
dakigula dena.
8. Ia behin jauna hartuta
gizalegea ahaztuta
umeak gazte bihurtu arte
prozesua dauka
inbidiaren disputa
mutil zabarren burruka
eta neskatxak finak bai, baina
iletik helduta.
9. Haurrak ez garenekoa:
“top”-a eta hilekoa,
baina oraindik armarioan:
“top isilpekoa”.
Jarriko nuke lepoa
beti dela antzekoa:
taldean lider bat dago beti
ta zu menpekoa.
10. Oilanden dema gerrate
talde txikiak estalpe
hitz egin ordez alde egitea
ahulenen ate
denok ez ginenez parte
ibiltzen gara aparte
lagunak ere etsai direla
sinisten den arte.
11. Nahiz ez bilatu modurik
ez genion eman urik
zimeltzen utziz gure bihotzak
gupidaz husturik,
baina hala uste dut nik:
hobe ez izan damurik
agian orain ez ginelako
egongo baturik.
12. Onartu daiteke jada
berriz bildu gara hara!
Elkarren falta sumatu dugu
denok beharbada
trailari eta trailara
ia denok joaten gara
larunbatero aitzakipean
mahaiaren bueltara.
13. Gure azken pasartea
bukatu eta bakea
bihar adio esango dizut
ai lagun maitea!
hau da errealitatea
probestu nahi dut tartea
zaila den arren bertso batean
dena esatea.
14. Hau esango nizueke:
ametsak ez daude merke
baina lortzeko egin zirenez
ahal direnak bete!
dena dago egiteke
mila esker eta suerte!
Dena ez baina ni naizenaren
zerbait bazarete!
 

Azkenak izan daitezkeen hitzak… from Maite Goñi on Vimeo.

 

 

Comments { 12 }

Kilometroak 09

Udazkena Donostian
Zurriolaren ertzean
Kilometro jai-giroa
Etorkizuna hurrean
Ilusioa piztu zait
Ikusi zaitudanean
Mundura egin nahi nuke
Zurekin aldamenean (…)
Gure leihoa
Mundua da
Gure bidea
Euskara da
Gure gogoa
Elkarlana
Kilometroak (…)

kmk-09_logoa_250Dagoeneko jakingo duzun bezala, urriaren 4an, ospatuko da Donostian Kilometroak 2009, Gipuzkoako ikastolen festa, “hirekin mundura” lemapean. Aspaldiko ohitura denez ikastolen arteko elkarlana, aukera paregabea dugu, igandean, Donostia aldera hurbildu eta euskara eta ikastolei gure elkartasuna eta, nola ez, gure laguntza eskaintzeko.

Antolatzaileek behin eta berriro esaten ari direnari jarraiki, tren zerbitzua erabiltzea aholkatzen dizuegu Donostiara hurbiltzeko. Maiztasun handiz ibiliko dira igandean RENFEko trenak eta zalantzarik gabe, trenarena da aukerarik onena Donostiatik joan-etorria egiteko. Denborarik gal ez dezazun, eta Donostiara iritsi bezain pronto zirkuiturako sarbideren bat topa dezazun, hementxe dituzu sarrerak:

ZIRKUITURAKO SARRERAK:

Zirkuituan sartzeko bost sarbide egongo dira:
1. Donostiako mendebaldetik datozenentzat, Kursaaleko zubian.
2. Bigarren zubiti, edota Gros nahiz Egia-Loiolatik datozenentzat, Nafarroako etorbidearen erdi-erdian dagoen errotondan.
3. Kotxeretako gunea. Intxaurrondo auzotik eta Garbera eta 27. Poligonoko aparkalekutik datozenentzat.
4. Ategorrietako tren-geltokian, (Renfe) trenez datozen guztientzat.
5. Uliako Haztegietan, Trintxerpe-Pasaiako aparkalekutik datozenentzat.

Besterik gabe, eta egun eder bat pasatzeko aukera izan daitekeelakoan, har ezazue gure agurrik beroena.

(Jakintza.net-etik hartua eta moldatua)

Comments { 0 }
-->