Golgota – XABIER MONTOIA

golgotaGerra zibilak arrasto handia utzi zuen. Gerra eta gerra ondorenak bizitza askorekin amaitu zuen. Hilotzak han geratu ziren, lubaki eta bide bazterretan; bizirik iraun zutenek, berriz, miseriaz beteriko existentziari aurre egin behar izan zioten. Garai hartantxe kokatzen da Golgota liburua. Aukeraketa egitean, egoerak behartuta moja sartzen zen emakume baten bizimodua aurkituko nuelakoan nengoen; oker nengoen, ordea.

1936ko abuztuko gau batean, Felisak aita eta ahizpa galduko ditu. Indarrez etxean sartzen zaizkien falangistek errotik banatuko dituzte euren bideak. Aita eta ahizpa zaharrena inguruko bide bazter batean fusilatuta lurperatuko dituzte; etxean geratzen diren ama eta bi ahizpen etorkizuna, baina, ez da gozoagoa izango. Amak bi alaba txikien ardura hartu beharko du. Horretarako, Iruñera joango dira bizitzera, jaiotetxea uzteak gau hura ahazten lagunduko dielakoan; alabaina, amak bizitze hutsa bere senarrarekiko traiziotzat joko du, justua senarraren ondoan hilik egotea ikusirik. Hori dela eta, bere atsekabe guztia alabengan zuzenduko du, azken horiekiko mespretxua agertuz.

Egia esan, bi alabek susmatzen zuten amak traidoretzat zituena. Baita bere burua ere. Senarra eta alabarik zaharrena zulo ilun batean harren bazka ziren bitartean, hirurek bizirik jarraitzea zen traiziorik ankerrena amarentzat. Hala iruditzen zitzaien bederen, haren ahotik irtendakoak adituta.

Felisak etxean sufritzeaz gain, eskolan ere sufrituko du; ikasketetarako oso argia den arren, Gorriaren alaba izate hutsagatik baztertu egingo baitute. Inguratzen duen giroa dela eta, behin aitak gaitzetsi zuen Jainkoarengan sinesten hasiko da, bere familiak eginiko bekatuak berak ordaindu behar dituela pentsatzean. Horrela, oso gaztetxoa dela, ahizpa eta amaren nahiaren kontra, Lezkairun moja sartuko da.

Ordurako Felisa hasia zen debekuaren benetako zioa susmatzen: Gorriaren alaba zen berriz ere, eskolan bezala. San Franziskon aurpegira esaten zioten eta Lezkairun ez, horra bi lekuen arteko aldea. Ezer gutxi.

Baina dena barkatzen duen Jainkoaren etxeak ere Gorriaren alaba bezala ikusiko du. Munduaren beste aldera bidaliko dute, han ere Gorriaren alaba izateko. Bidean jende andana ezagutuko du, baina oso gutxik tratatuko dute Felisa edo ahizpa Elena bezala.

Hasieran izandako fedearen sugarra itzaltzen joango da pixkanaka. Jainkoarekiko fedea bakarrik ez zaio agortuko, ordea, baita bere izatea eraikitzerako orduan hain garrantzitsu izan ziren haiekikoa ere.

Iraganik ez, dena presente. Horra oroimenaren lege zorrotza. Joan den mendeko gau hura eta gaurko hauxe, gau bera. Orduan hasitakoa hirurogeita hamar urtez luzatu da, sekula heldu ez eta sekula helduko ez zaion egunsentiaren zain. Etenik gabeko, ilargirik gabeko gau mardul, berunezkoa. Ia bizitza oso bat. Luzea, iluna, saihestezina. Amets gaiztoz betea.

xabier-montoiaXabier Montoiak emakume batek bere buruarekin duen borroka agertzen digu. Denbora guztian Felisaren barne pentsamenduaren gogoetak agertuko dizkigu, maiz min psikologikoa fisikoa baino gogorragoa dela erakutsiz. Pertsona bat benetan bakarrik aurkitzen denean bere burua nola zigortu dezakeen kontatzen digu. Izenburuak horixe adierazi nahi du: golgota edo kalbario.

Idazlearen izena aipatuta, ezin berari buruz ezer esan gabe geratu. 1955ean jaiotako musikari eta idazle Xabier Montoia Hertzainak taldearen sortzaileetako bat izan zen. Lehenengo albuma grabatu gabe zegoenean, taldea utzi zuen M-ak taldea sortzeko. Azkeneko honekin bost album grabatu eta gero, bakarlari gisa jarraitu du.

Hori guztia musikaren munduari dagokiona. Bere idazle alderdiari erreparatuz gero, lehen liburua 1983an idatzi zuen: Anfetamina poema bilduma. Geroztik, hiru poema liburu, zortzi nobela eta kronika sozial bat idatzi ditu. Horien artean dagoen Euskal Hiria Sutan liburuagatik 2007ko Euskadi Literatura Saria irabazirik.

Berriz ere harira joanez, dudarik gabe, benetan hunkitu nau istorioak. Egia da zenbaitetan aspergarri samarra egin zaidala irakurketa, bakarrik aurkitzen den moja baten gogoetak astunak izan baitaitezke. Askotan akzio gutxi eta gogoeta askotxo aurkitzen direnez, zenbaitetan errepikapenak emanez istorioak aurrera ez duela jarraitzen iruditu zait. Baina horrek guztiak garrantzia galtzen du amaieraren aurrean. Bukaeran, bizi oso bat igaro duen emakume helduaren gogoetak hunkigarriak, baina, era berean, tristeak dira. Benetan gogorra da bizitzan zehar borrokan emaniko indarrak alferrikako direla konturatzea. Zenbaitetan pentsatu ote dugu “eta atzera egiterik balego aukeratu ez dudan beste bide bat jarraitzeko?”

Gainera, liburuan aipatzen denez, Felisa benetako pertsonaia da. Horrek indar handia ematen dio liburuari. Bere jatorriari bizkarra ematen dionaren azalean jartzea zaila den arren, idazleak oso ondo azaldu eta justifikatzen du inguruneak bultzatu duela horretara. Horrela, protagonistaren lekuan jartzea lortzen da, hainbeste aipaturiko sufrimendua ulertuz.

Beraz, aurrez aipatutako guztiagatik, liburua pazientziaz irakurtzeko prest daudenei soilik aholkatzen diet. Horrekin ez nuke inor desanimatu nahi, baina liburua gozatzeko kontuan hartu beharreko puntua dela iruditzen zait.

Comments { 0 }

Asier Oruesagasti: “Nire ametsa beste film batean parte hartzea da”

Elkarrizketa bat egin behar genuela entzun bezain laster, nire elkarrizketatua izango zenaren bila hasi nintzen. Telefono dei batzuk egin eta gero, garbi neukan nire hurrengo urratsa Legorretara abiatzea izango zela. Pentsatu eta egin! Hantxe azaldu nintzen ni ikaskide bat eta bideo eta argazki kamera lagun nituela… Asierrekin elkartzeko asmoz.

Asier Oruesagasti, 21 urteko donostiarra, Goenkalen egiten duen Kevinen pertsonaiarengatik ezaguna dugu. 21 urte izan arren, bapo jardun du lanean: “Aldamio etxea, izango da gurea”, “Andereñoen orkestra”, eta “Shakespeare osoa edo ia”antzerkietan ibilitakoa da, besteak beste. Skizo filmean eta beste zenbait telesaiotan ere aritutakoa da, esaterako, Goenkalen (Kevin Iturriagaren papera eginez), Balbemedin eta Wazemanken.

Hasteko, Goenkale telesaioan denbora asko daramazu, zure paperik ezagunena izango da seguruenik. Nola hasi zinen bertan? Egia esan, urteak neramatzan Goenkalerako castingak egiten. Duela hiru urte inguru, Markelen pertsonaiarako castinga egin nuen, eta erantzuna ezezkoa izan zen. Hala ere, kapitulu pare batean agertuko zen Kevin izeneko pertsonaia bat bazegoela esan zidaten. Handik bi hilabetera, pertsonaia txiki bat bezala hasi zen, eta hortik aurrera gaur egun arte.

Goenkalen, Kevin Iturriagaren papera egiten duzu. Nola prestatu zenuen zure pertsonaia? Norbait izan zenuen eredu? Egia esan, ez; ez nuen izan inor eredu. Gainera, oso denbora gutxi izan nuen papera moldatzeko; hortaz, iristen zitzaizkidan testuen arabera hasi nintzen prestatzen pertsonaia.

Aurreko hariari jarraituz, eta aurretik aipatu dudan bezala, Goenkalen denbora asko daramazu. Zalantzarik gabe, denbora horretan guztian anekdota asko izango dituzu. Kontatuko al diguzu horietako bat? Egia esan, lanean baino, kanpoan gertatu zaizkit anekdota gehienak. Ondoen gogoratzen dudan bat Hernanin izan zen. Uda aldera izango zen, duela bi urte inguru. Kalean geundela gauez, bai niri eta bai Harkaitz Gartzia handiari, Goenkaleko beste aktore bati, 40 lagun inguru hurbildu zitzaizkigun autografo eske. Gainera, gauean izanda, harrapatzen zaitu oso… ez dakit!

OruesagastiEgunero grabatzen al duzue? Deskribatuko al diguzu nolakoa den grabazio egun arrunt bat? Bai, astelehenetik ostiralera grabatzen dugu. Luzea, oso luzea izaten da grabazio egun bat. Zehatzago esanda, ez ditugu sekuentzia gehiegi edukitzen aktoreok, baina gehienetan, bai nik baita beste aktoreek ere, goizeko zazpietan igo beharra izaten dugu eta hirurak arte han egon behar izaten dugu grabatzen. Beraz, luzeak, nahiko luzeak izaten dira.

Zein izan da antzeztu duzun eszenarik zailena edo larriena? Ez dakit. Larri gutxi, eta zailak azkenean erraztu egiten dira azkarrago joan ahal izateko. Oso denbora gutxi dagoenez grabatzeko, sekuentziak grabatzeko, zailak erraztu egiten dira. Beraz, zailak ez daude.

Antzerki munduan ere maiz ibilitakoa zaitugu. Zein da gogokoen duzuna egin dituzunetatik eta zergatik? “Eta zer?” izango litzateke gogokoen dudana antzezlanetatik, Dar-dar konpaniarekin. Hau, berez, nire lehen antzerki profesionala da. Besteak, aldiz, Zurriola eskolarekin egindakoak dira 12 urte hauetan. Politak? Asko, gehienak komediak. Oso oroitzapen onak dauzkat antzerki hauetaz. Baina gehien gustatzen zaidana “Eta zer?” izango litzateke.

Film batzuetan ere parte hartu duzu, esaterako, Skizo filmean. Nolako esperientzia izan zen film bat grabatzea? Oso esperientzia ona. Gainera Goenkalen aritu ondoren… ez barkatu, Skizon hasi nintzen Goenkalen baino lehen; beraz, oraindik ez nuen ezagutzen Goenkaleko martxa; hala ere, oso esperientzia ona. Gainera, sekuentzia bat grabatzeko denbora asko hartzen da eta honek ematen dizu denbora pertsonaia lantzeko. Eta hori, Goenkalerekin konparaturik, esperientzia desberdina zen. Agian, niri gehiago gustatzen zait zinea telebista baino. Baina, adibidez, beste jende askorekin hitz eginda,  batzuek esaten dute nahiago dutela telebista.

Grabatzeko hartzen den denboraz gain, zein beste desberdintasun dago film eta telesail baten grabazioen artean? Beste desberdintasun bat izan daiteke gidoia bera. Telesail batean badakizu nola hasten zaren, baina ez dakizu inoiz nola bukatzen den edo zer gertatuko zaion pertsonaiari. Antzerkian eta film batean, aldiz, gidoia hasieratik bukaerara ematen dizute. Badakizu pertsonaiek zein gorabeherak izango dituzten eta nola eboluzionatuko duten. Nahiko nuke telesail batean horrela izatea, baina ezin da…

Aipatutako generoetatik zeinetan aritzen zara gustukoen eta zergatik? Gustukoena antzerkia dut, egunero emanaldia desberdina izan daitekeelako. Gainera, publiko edo ikuslearen erantzuna ere bertatik bertara jasotzen duzu. Eta hortik abiatuz, badakizu zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Horrela, jolastu egin dezakezu: zerbaitek ez badu funtzionatzen, saltatu edo ahalik eta azkarren pasa, eta aurrera jarraitu. Film edo telesail batean, berriz, ez dakizu jendeak nola hartuko duen.

Zure lanari buruz asko hitz egin dugu dagoeneko. Orain, zure bizitzari buruz galdetu nahi nizuke. Ba al duzu ametsik? Izango ez dut, ba! Izan ere, duela 3 urte nire ametsa film batean parte hartzea zen. Orain ere nire ametsa berriro ere beste film batean parte hartu ahal izatea da.

autografoaNolako portaera izaten du jendeak zurekin kalean topo egitean? Ezagutzen al zaituzte? Arazorik suposatu al dizu horrek inoiz? Ezagutu, ezagutu, bai. Ikusten da, ez? Kaletik zoazela, Donostiatik paseatzen eta begiradak edo… Orduan begi bistakoa da, desberdina da herri txikietan. Hauetan askoz ere gertutasun handiagoa dagoela ematen du: hurbiltzen zaizkizu, eskutik heldu eta… Baino oso esperientzia ona. Orain arte, gainera, Kevinen pertsonaiarengatik ezagutu naute eta ezagutzen naute denek.  Esan dizkidaten gauzak guztiak onak dira: zer ondo egiten duzun, edo zer gaizki pasatzen ari zaren, edo horri merezi duena eman …

Nolakoa zinen ikasle garaian, hau da, zein motatako ikasle izan zinen? Zein ikasgaitan zinen txarra? Txarra. Behartuta ikasi behar nituen gaiak eta oso gaizki eraman ditut beti; beraz, ikasle aldetik oso txarra. Bakarra? Historia, agian. Testu asko… ez zitzaidan interesatzen, beraz.

Nolatan piztu zitzaizun aktore izateko grina? Bada, oso txikitatik piztu zitzaidan grina. Gurasoek beti kontatu izan didate bizpahiru urterekin nire antzerki propioak prestatzen nituela nire gelan, eta gero sofan eserarazi eta erakusten nizkiela; beraz, oso txikitatik.

Bukatzeko, euskaljakintzako Goenkaleko zaleentzat ba al duzu esklusibarik? Esklusibarik? Bada, esklusiba bat izan daiteke laster hasiko naizela “Ahuntza” izeneko antzerki obra batean, Txalo konpainiarekin, eta oso pertsonaia interesgarriarekin. Espero dut gogokoa izatea.

Elkarrizketa bukatu ostean, euskaljakintzarentzat autografo bat eskatu nion. Legorretan egin behar zuen emanaldirako prestatu egin behar zenez, eskerrak eman nizkion eta berehala pertsonaia prestatzera joan zen. Asier, mila esker tartetxo hori eskaintzeagatik eta zorte on zure lanari dagokionez. Ea hurrengo urteetan film askotan ikusten zaitugun! Mila esker bene-benetan.

Comments { 2 }

Gutxien uste duzun lekuan aurki ditzakezu!

Harluxet hiztegi entziklopedikoak honela Gutxien uste duzun lekuan aurki ditzakezu1definitzen du intimitatea: “Nork bere bizitza pribatua besteen interesetatik babesteko duen eskubidea.” Horrela, beraz, pixka bat hausnartu ostean, kontzeptu arrotza dela konturatu naiz; gaur egun, bizitza pribatu hori nork bere etxean baino ezin izan dezakeela esan baitaiteke. Izan ere, kalera atera orduko, nork ez du inoiz bere burua inguraturik sumatu?

Jakina da gure gizartea kontrolatzearren, herrietan bideo kamera ugari jarri dituztela bertan gertatzen den oro zelatatzeko asmoz. Egia esan, hauek segurtasun kamera moduan ezagunagoak dira, nahiz eta segurtasun horrek ez duen balio bera denentzat; izan ere, estatu espainolean, 1997az geroztik, gune publikoetan dauden bideo kameren inguruko legea indarrean dago, betiere salbuespen batzuk medio. Poliziak, esaterako, gai dira euren pribatitateari eusteko, beraien etxeetako sekretuak barruan mantentzeko; baina, aldi berean, besteen bizitza aztertzeko eskubidea dute, inongo Gutxien uste duzun lekuan aurki ditzakezu2baimen berezirik gabe. Halere, esan bezala, hori salbuespena da; gainontzeko bizidun guztiak ongi aztertuak baikaude, atzeraka edo aurreraka ibiltzen garen, dena ondo kontrolatua daukate.

Dena den, honelako segurtasun kameren artean, badira onarterrazagoak direnak. Normalean merkatal zentro handietan ezartzen dituzten bideo grabagailuak dira, adibidez; eta nahiz eta egun normala den horrelakoak ikustea, oraindik, askotan kamera baten ondotik pasatzean, grazia eragiten digu alboko pantaila txiki batean agertzeak. Bai, grazia. Izan ere, ezberdina da leku publiko edo pribatu batean grabatua, zelatatua edota aztertua izatea. Leku pribatuetan, izenak dioen bezala, enpresa edo erakunde pribatuak direnez gero, bertako jabeak eskubidea du bere negozioa nahi duen bezala antolatzeko, betiere besteekiko errespetuz jokatuz gero. Baina leku publikoetan, edonorentzako lekua izanik, inork ez luke besteak zelatatzeko eskubiderik izan beharko.

Nolanahi ere, onartu beharra dago honelako segurtasun makinak baliagarriak ere izan daitezkeela; izan ere,  atxilotuek Gutxien uste duzun lekuan aurki ditzakezu3jasaten dituzten tortura kasuak egia bihurtzeko bidea izan daitezke, esaterako. Horrez gain, lapurreta bat egon ostean hainbat aldiz ikusi izan dugu gertatu denaren irudia, eta, jakina, benetan erabilgarria dela ez dago ukatzerik. Nolanahi ere, gauza guztiek behar dute bere neurria.

Hala eta guztiz ere, segurtasun kamerez haratago, eta kasu honetan geure erantzukizunez, geuk ere zapuzten dugu geure barrengotasuna: Tuenti, Facebook, Fotolog eta gisa horretako sare sozialak direla eta, geure argazki pribatuak beste edonoren esku jartzen ditugula ez baikara ohartzen. Baina esan bezala, hau gure erantzukizuna da, eta sarritan gerora zer ondorio izango duen ohartzen ez bagara ere, ezin da gutxien espero duzun lekuan grabatua izatearekin alderatu.

Comments { 1 }
-->