Amaren eskuak – KARMELE JAIO

Karmele JaioLiburu bat aukeratu behar eta irakurtzeko zaletasun handirik ez dudanez, alferrikakoa zen nire logelako apaletan begiratzea, txikitan irakurritako libururen bat edo urtebetetzeren batean oparitutako liburu ireki gabeak besterik ez baitaude. Azkenean herriko liburutegira joatea bururatu zitzaidan eta bertan Maitek ezarritako baldintzak betetzen zituen liburuarekin topo egin nuen: Amaren eskuak.

Karmele Jaio da liburu honen egilea, bera Gasteizen jaio zen 1970ean eta bertan bizi da gaurdaino. Euskal idazle honek kazetaritza ikasi zuen Leioako fakultatean eta ikasketak burutu ondoren komunikabide ezberdinetan egin du lan. Betidanik gustatu zaio idaztea baina nahiko berandu hartu zuen modu serio batean idazteko ohitura. 2004an kaleratu zuen bere lehenengo liburua, Hamabost zauri izeneko ipuin bilduma, bikote barruan zentraturiko kontakizunak islatzen dituena (Inaciok emango digu honen berri). Literaturaren arloan zenbait ipuin-lehiaketa irabazi ditu, horien artean VII Igartza saria (2004). Beka honi esker aurretik aipaturiko liburua, Amaren eskuak, kaleratzea lortu zuen, bere bigarren lana izango zena. Nobela honetan urte batez murgilduta egon ondoren, ipuinak idazteari ekin dio berriro.  Karmele Jaiok betidanik idatzi ditu ipuinak eta ipuina da berarentzat generorik kuttunena, erosoen aurkitzen den generoa. Hala ere, nobela idaztea zer den jakin nahi zuenez, erronka horri aurre egin nahirik, irakurri berri dudan nobela egin zuen.

Nerea da eleberri honetan protagonista nagusiena. Ama ospitalean du, zehazten ez den gaixotasun batek jota, baina jendea errekonozitzeko zailtasun handiak dituela ikus daiteke. Nereari dena pilatu zaio, amaren gaixotasuna, erredakzioko lana, bikotearekin komunikazio falta, alaba ikusteko denbora eskasa eta beste askoren artean, iraganeko mamu baten antzera, erbestean egon den aspaldiko lagun baten berriak.
Amaren egoera tamalgarriaren aurrean, izeko Doloresen ezinbesteko laguntza jasotzen du eta Luisak, hots, Nerearen amak, oparitzen dituen hitz solteak ulertzen laguntzen dio, bide batez, Luisak eskatzen duen desioa betearaziz, biak errudun sentitzen baitira gertatzen ari zitzaiona aurretik ez ohartu izanaz. Nereak izekoren laguntza jasoko ez balu, ezinezkoa egingo litzaioke amak esaten duenari zentzuzko irakurketa bat egitea, amak iraganera egiten baitu salto uneoro eta Nereak egoera horren aurrean ez baitu aurretiko informaziorik, duen informazio bakarra bere amaren eta bere bizitzako argazkiak direlarik.

Irakurtzen ari nintzen bitartean, Nerearekin identifikatu naiz gehien; izan ere, nire antzera, buruari mila buelta emateko gaitasuna edo akatsa baitu. Ezinegona zuenean edo garai batean egin behar zuena eta egin ez zuenarekin deseroso sentitzen denean, irakurlea pentsaraztera bultzatzen du. Atsekabea ere sortzen du zenbaitetan Nereak, alaba ikusteko denbora ez duenean edo bere nagusiak behin eta berriz egiten dion mespretxuaren aurrean. Izeko Dolores aipatzea ere beharrezkoa iruditzen zait, garai bateko etxekoandre langileen traza hartzen baitiot. Horrez gain, Nerearekin duen jarrera jator eta xaloa aipagarria da, bera eta baita Luisa ere babestearren edozer gauza egingo lukeela erakusten baitu.

Amaren eskuak nobelan agertzen den idazkera berezia eta polita iruditu zait edo idazkera baino, agian, Karmele Jaiok jarrera huts bati ematen dion zentzua. Adibidez, nobelan zehar behin baino gehiagotan aipatzen duena. Protagonistaren amak ospitalean ohean duen jarrera oinarritzat hartuz, idazleak duen ikuskera bitxi eta esanguratsua aipatuko nuke.

Ospitalearen izena estaltzen dute haren eskuek, inguratzen zaionari non dagoen ezkutatu nahiko balio bezala. Lo egonda ere, inor ez arduratzeko ahalegina egingo balu bezala. Urtetan hamaika hasperen eta etsipen sukaldeko amantalean sikatuz gorde dituen modura, oihalean estanpatutako ospitale hitza ezkutatzen saiatzen ari da orain ama eskuekin.

Honen bidez, garbi ikusten da Karmele Jaiok erakutsi nahi duen errealitatea, hau da, orokorrean amek barruan sentitzen duten mina edo egonezina estaltzen ahalegintzen direla, egoera muturrenekoetan aurkitzen badira ere.

eskuakIzenburuari erreparatuz gero, Karmele Jaiok garrantzi berezia eman die amaren eskuei, Nerea amaren ondoan dagoen bakoitzean hauei erreferentzia eta hauen inguruko deskribapena eginez.

Interes handiko lotura edo konparaketak eta ikuspuntuak azaleratzen ditu idazleak narratzaile orojakilearen ahotan jarrita. Gertaera batetik ideia berriren bat asmatzeko duen abilezia aipatzekoa da, era laburrean bada ere: Aliceren ipuinaren gertaerekin protagonistak bizi dituenak lotzen ditu; jaioterritik kanpo bizi direnen begiak sorlekuan itxaroten dutela, Nerea amaren etxean dagoenekoa eta leihoko geranioa amarekin alderatzen du…

Liburu honek gogoetara bultzatzen du irakurlea, ea berak egileak idatzitako zenbait egoeraren aurrean nola jokatu duen ikustera. Niri, behintzat, Nereak gaztaroan bere amarekiko izan zuen portaeraz damutzen denean, zer pentsa ematen dit, nik egoera berdintsuen aurrean Nerearen antzera jokatu baitut. Bestetik, Karmele Jaiok zera adierazi nahi izan du bere eleberri hunkigarri honetan: askotan zenbateraino izan daitezkeen ezezagunak gure inguruan dauden pertsonak. Horrez gain, belaunaldi ezberdinekoen artean arazo eta kezka berdinak daudela ere adierazi nahi izan du, nahiz eta bizimodua asko aldatu den.

Amaren eskuakOso erraz uler daitekeen eleberria da, lexiko aldetik ez da batere konplikatua. Gainera, noizbehinka gure egunerokoan erabiltzen ditugun zenbait espresio agertzen dira, elkarrizketetan bereziki, idatziarekiko gertutasuna emanez: eske, ba…

Kontakizuna era linealean emana dator, hau da, gertakizun bakoitza kronologikoki dago kokatua. Hala ere, Nereak, amari erakusteko ospitalera eramaten dituen argazkiak begiratzean, etengabe iraganera jotzen du, orokorrean gogoeta etengabean baitaude pertsonaiak eleberri honetan. Halaber, zenbait pasartetan iraganeko jazoera batzuk tartekatzen dira, guztiak Luisaren inguruko kontuak: Izagirre jatetxean kokatutakoak edo bere gaztetako mutil lagunaren ingurukoak.

Amaren eskuak liburua biziki gustatu zait, bai aurretik aipatu dudan idazteko moduagatik eta baita istorioak berak kontatzen duenagatik ere. Nire ustez, idazleak modu xume batean istorioaren nondik norakoak azaldu ditu, gai nagusienetakoa bi hitzetan adierazi baino, berarengana nahigabe zuzenduz. Aipatzekoa da, idazleak Nereak bere amari memoria arindu nahian erakusten dizkion argazkiekin egiten duen moldaketa. Argazki jakin bat begiratzen du, Luisaren gaztarokoa edo Nerea Oxfordera joan zenekoa. Argazkia begiratzearekin batera, orain bere begien aurrean duen egoera ikusten du; honela, argazkian haratago begiratzen duela, garai hartan ikusi ez zuena, ikus ahal izango du.

Bestetik, zenbaitetan, zeharka bada ere, aberriaz, euskaraz, kazetaritza munduaz edo egoera politikoaz zenbait aipamen labur ere egiten ditu idazleak era egokian.

Azkenik, eleberriak irakurtzerako orduan esperientzia handirik ez dudala kontuan hartuz, nobelan ez nuke aldaketarik egingo. Aldatzekotan, bereziki interesa piztu didalako batik bat, mamu baten antzera Nereari agertu zaion iraganeko Karlos lagunaren inguruan zerbait gehiago jakitea gustatuko litzaidake; izan ere, hasieran nobelaren zentzua erabat aldatuko zuen gertaera bat jazoko zela pentsatu baitut. dena den, zer hausnartu dudan jakin nahi baduzue, eleberria irakurtzea besterik ez duzue. Seguru nago nik nire buruan eginiko gogoeten antzekoak egingo dituzuela.

Comments { 2 }

X hauskorra

logoxfragilLubs doktoreak, bere ikerketen ondorioz, ezaugarri fisiko eta mental jakin batzuk zituzten

Herentziak eragindako atzerapen mentalen lehen eragilea

zenbait pertsonek X kromosoma zati bat hautsita zutela deskubritu zuen. X hauskorraren sindromearen jatorri genetikoa frogatu zuen.

X hauskorraren sindromea herentziak eragindako atzerapen mentalen lehen eragilea bada ere, gizartean nahiko ezezaguna da oraindik. Aldi berean, medikuntza eta hezkuntzako profesionalek ere ez dute nahikoa informazio sindrome honi buruz. Ondorioz, diagnostikoa beranduegi egiten da gehienetan.

Baina… zer da X hauskorraren sindromea?

X kromosomako gene baten mutazioak proteina baten sintetizazioa eragozten du

kromosomaGene baten mutazioak eragindako trastorno genetikoa da. Gene hau X kromosomaren adar batean kokatzen da, irudian ageri den bezala. Mutazioaren eraginez geneak ez du proteina sintetizatzen; beraz, zeluletan proteina baten falta ematen da.

Sindrome honek gizon eta emakumeengan eragiten du, baina nabarmenagoa da gizonengan; izan ere, emakumeek bi X kromosoma izatean, bigarrenak babesten ditu. Bestalde, nahiz eta gizonengan eragin handiagoa izan, emakumeak genetikoki eramaileak izaten dira. Gauzak horrela, gaixotasunaren jatorria beti izaten da ama eramailearen bitartez.

X hauskorraren sindromea dutenengan zenbait ezaugarri agertzen dira maiz, baina aldakorrak izan daitezke sexu eta adinaren arabera:


GIZONEZKOENGAN

EMAKUMEZKOENGAN

HAURRAK

NERABEAK

Ezaugarri arinagoak

Eramaileen kasuan ezaugarririk gabeak.

EZAUGARRI FISIKOAK

Aurpegi luzea

Belarri handi eta zabalak

Artikulazio oso elastikoak

Ezaugarri fisikoak nabariagoak

Barrabil handiak

OSASUN ARAZOAK

Estrabismoa

Otitisa

Arazo kardiakoak

Oin lauak

Epilepsia

Eramaileak

Menopausia goiztiarra

GARAPENEAN ARAZOAK

Atzerapen mentala

Garapen motorean atzerapena eta alterazioak

Hizkuntzan atzerapena

Hiperaktibitatea eta arreta arazoak.

Jokabide autistak

Batzutan atzerapen mentala

Batzutan matematikarekin arazoak

xfragil3X hauskorraren sindromearen eragina nabaria izanik, bere diagnostikoa ahal den azkarren egitea komeni da. Gaur egun, DNAn egindako analisiak erabat fidagarriak dira gaixotasuna eta eramaileak diagnostikatzeko. Analisi hauek jaio aurretik egin daitezke eta ikerketak Terapia Genetikoaren bidean doaz. Etorkizunean, jaio aurretik arazoa konpontzeko bidea aztertzen ari dira ikertzaileak.

Diagnostikoaren garrantzia bikoitza da gure kasuan; alde batetik, familian eramaileak zeintzuk diren jakiteko beharrezko jotzen dituzten neurriak har ditzaten eta, bestetik, gaixotasuna dutenek laguntza jaso dezaten medikuntza, heziketa eta psikologia alorretatik.

Ikerketak Terapia Genetikoaren bidetik doaz

Bestalde, oraingoz ez dago gaixotasun honentzat sendabiderik. Medikuntzak momentuz, gaixotasunaren sintoma batzuk gutxitzen bakarrik lagundu dezake. Hala ere, hezkuntzak lan handia egin dezake bere gaitasunak garatzeko laguntza emanez. Batzuen eta besteen artean bizi kalitatea hobetzeko bidea jorratu behar dute familiarekin batera.

Laburbilduz, garbi ikusten da ikerkuntza bultzatu behar dela medikuntza alorrean. Gaixotasun hau sufritzen duten familien gastu ekonomiko, soziala eta pertsonala hain handia izanik, merezi du gizarteak indarra egitea irtenbideak aurkitzeko.

Orobat, X hauskorraren sindromea pairatzen dutenei gizartean integratzeko aukera zor diegu, gaur egun gertatzen ez den bezala. Gaixotasuna pairatzen dutenen argazki bilduma ikusteko, egin klik ondorengo estekan: The Many Faces of Fragile X Syndrome

tximeleta

Comments { 0 }

Ekialdeko mamuak – JON ARRETXE

Jon Arretxe BasaurinArretxe jaio zen 1963. urtean. Euskal Filologian doktore gradua lortu zuen eta Heziketa Fisikoan ere lizentziatua da. Izugarri gustatzen zaio bidaiatzea eta abenturak bizitzea. Honek bere bidaiei buruzko liburuak idaztera bultzatu du.

Denetarik idatzi du: narrazioak, nobelak, haur eta gazte literatura… Nobelen esparruan, adibidez, Urrezko triangelua, Manila konexioa eta Kleopatra topa ditzakegu; narrazioan, aldiz, Ostegunak, Ostiralak eta Larunbatak trilogia, Zazpi kolore, Oroituz eta Sustrai beltzak, besteak beste. Haur eta gazteen literatura ere jorratu du. Esaterako, Hakuna matata, Harresi handirantz eta Lurraren taupadak. Egindako bidaia baten kronika liburua da nik irakurri dudan Ekialdeko mamuak. Hala ere, baditu gehiago genero honen barnean: Tubabu, Tuparen seme-alabak (Beñatek emango digu honen berri) eta Griot.

Ekialdeko mamuak, arestian esan bezala, Jon Arretxek buruturiko bidaia baten kronika da. 2001. urtean, New Yorkeko Dorre Bikien erasoaren ondoren, Istanbulera abiatzen da idazlea aspalditik pentsatutako bidaia egitera. Bere asmoa Turkiatik atera eta Iraneko muga zeharkatuz, Teheranera iristea da. Horretarako bizikleta hartu eta bidaiari ekiten dio, 2.500 kilometro zeharkatuz bidaia osoan.

Liburuan zehar zeharkaldi honetan gertatzen zaizkion jazoerak eta bidean ezagututako jendearekin dituen erlazioak kontatzen ditu egunkari baten bitartez. Beldurrez hasten du bidaia, bertara joateko momentu egokia ez ote den pentsatuz. Baina beldur hauek alde batera utziz, bidaian murgiltzen da bertako jendeak zer pentsatzen duen eta nola bizi den bere begiekin ikustera. Noski, ez ditu bertako hizkuntzak ezagutzen eta batzuekin ingelesez hitz egiteko aukera izan arren, beste batzuekin keinuka edo ahal duen moduan mantentzen du harremana. Herri eta hiri mordoa zeharkatu eta ezagutzeko aukera izaten du.

Ekialdeko mamuakDenbora aurrera joan ahala, konturatzen da oso ikuspegi okerra dugula mendebaldekoek turkiar eta irandarrei buruz. Jendeak benetan oso tratu ona ematen dio. Adibidez, te etxe askotan jendea berarekin hitz egitera gerturatzen zaio, tea ordaindu eta haren etxean gaua pasatzera gonbidatzen dute… Nahiz eta jende arraro eta desatsegin bakar batzuekin topo egin, gehiengoa benetan pertsona umilak eta jatorrak dira. Hauetako askok bidaian dituen arazo txikiak gainditzen laguntzen diote. Adibidez, Turkian, Ismet lagunak Iranera sartzeko bisa lortzen laguntzen dio; Irango Tabrizen, gizon batek (Peter Khan) hiria erakusten dio dohainik eta leku askotara eramaten du, esaterako, emakumeak ingelesa ikasten duten eskola batera. Han, protagonistak emakumeekin hitz egiteko parada du. Berarentzat izugarrizko aukera ona da hauek zer pentsatzen duten jakiteko, ez baita erraza Irango emakume batekin hitz egitea. Bertan konturatzen da oso pentsamendu desberdinak ditugula. Gu hango emakumeez errukitzen gara aurpegia estalita eraman behar dutelako, baina haietako askok ez dute kultura hau gaizki ikusten…

Bidaia bukatzear dagoenean eta Iranetik bueltan datorrenean, bertako beste neska bat ezagutzen du. Honek, ordea, oso ideia desberdinak ditu. Iranetik alde egin nahi du Europara eta bertan bizi. Zenbat buru, hainbat aburu eta bidaian zehar oso iritzi ezberdinak topatzen ditu. Batzuk oso arro daude bere biziaz eta beste batzuek, ordea, Iranetik alde egin nahi dute. Askok esango diote protagonistari izugarrizko zortea duela Europakoa izateagatik. Liburu honek kultura eta pentsamendu desberdinak pixka bat gehiago ezagutzeko abagunea ematen du.

Ekialdeko mamuak irakurtzeko liburu oso erraza da. Ekintzak oso azkar gertatzen dira eta, horren ondorioz, oso arin irakurtzen da. Gainera, beste kultura bateko bitxikeriak eta bizierak ikusteko aukera aparta eskaintzen digu. Turkia eta Irango kulturari buruz beste ikuspegi bat ematen du eta guri, mendebaldeko biztanleoi, ekialdeko pertsona eta kulturari buruz dugun ikuspuntu gutxietsia ezeztatzen laguntzen digu. Niri pertsonalki izugarri gustatu zait. Pertsona orori gomendatuko nioke liburua hau; izan ere, daukagun pentsatzeko era eta hainbat aurreiritzi aldaraz baititzake. Mota honetako kontaketekin konturatzen zara benetan ez duela garrantzirik nongoak garen edo nondik gatozen eta leku guztietan aurki daitekeela jende umil eta jatorra. Udako opor hauek egun ezin hobeak izan daitezke bidaia liburu batean murgiltzeko; beraz, animatu!

Comments { 0 }
-->