Noraino iritsiko zinateke dirua irabazteko?

FlickrCC, by trustypics

FlickrCC, by trustypics

Krisi ekonomikoa alde guztietara zabalduta dago azken urteetan. Ondorioak ez dira langabezian bakarrik ikusten, baita osasunean ere. Ez naiz estresaz ari. Dirua lortzeko jendeak proba zientifikoetan parte hartzen du, askotan beraien osasuna arriskuan jarriz. Baina honen kasurik larriena etengabe hazten doan organoen trafikoa da.

Hasteko, arrazoi batzuk aipatuko ditut jendeak organo trafikoan sartzeko. Organoen komertzioa organoen salerosketa da. Egoera hau pertsona aberats eta pertsona behartsu baten artean eman daiteke. Alde batetik, aberatsak bizitzen jarraitzeko irtenbide bakarra du, organoaren transplantea; eta bestetik, behartsuak dirua behar duenez gero, edozer gauza egiteko prest ikusten du bere burua diru pixka baten truke, kasu honetan bere organoak saltzera iritsiz. Komertzio hau jende aberatsa eta oso behartsuak elkarrekin bizi diren herrialdeetan ematen da normalean. Denok dakigu giltzurrun batekin ondo bizi gaitezkeela. Horregatik, bestea saltzen badugu muturreko egoera batean, dirua irabaz dezakegu. Gehiegi pentsatu gabe baiezkoa ematea, diruaren beharrak eraginda, hainbat tokitan nahiko zabaldua dago:. Kasu horretan, kontuan izan behar da maiz ebakuntzen baldintza higienikoak txarrak izaten direla eta gaixotasunak har ditzakezula.

Nolanahi ere, saleroste honetaz gain, bada beste praktika bat areagotzen ari dena: organo lapurreta. Organo trafikanteak drogaren menpean uzten zaitu, organoa kentzen dizute eta hurrengo egunean ez zara ezertaz gogoratzen. Trikimailuak ere erabiltzen dituzte pertsonen organoak lortzeko eta, ondoren, merkatu beltzean prezio altu batean saltzeko. Aipatu behar da, normalean, organo batek 10.000 eurotik gorako prezioa duela (organoaren baitan, noski). Egun, transplante mordoa egiten da: giltzurrunekoa, bihotzekoa, biriketakoa, pankreasekoa

Laburbilduz, zera esan dezakegu: kontuz ibili beharra dago horrelako gauzekin. Organoen komertzioa ekidin daiteke bizitzeko baldintzak  hobetuz eta aberats eta pobreen arteko aldea murriztuz, gehienbat osasunari dagokionez. Horretaz gain, neurri prebentiboak ezarri beharko lirateke, eta arazoari buruzko informazio gehiago eman, gaur egungoa eskasa baita. Ondo pentsatu behar dugu diruagatik gure osasuna arriskuan jartzea merezi duen ala ez, arriskua beti hor dago eta.

Amaitzeko, “Run Of Her LIfe” filma gomendatu nahi dizuet. Bertan garbi ikusten da organoen trafikoa.

Comments { 0 }

Bi hitz baino ez: “Déjà vu ”

Déjà vu (FlickrCC,  illuminaut)

Déjà vu (FlickrCC, illuminaut)

Erabat ziur nago, noizbait bizi izan duzula egoera edo esperientzia bat, non egoera hura lehenago bizi izan duzun irudipen bitxi bat eragin dizun. Bi hitz baino ez: DÉJÀ VU. Momentu batean nahasita gelditzen zara, gertatu behar denari itxaroten bezala, zer gertatuko ote den asmatu edo gogoratu nahian sarritan.

Aspaldidanik nire buruan jirabiraka zebilen gaia da Déjà Vu delakoarena. Egia esan, ez nekien asko fenomeno honi buruz, baina aurrekoan izandako esperientzia nahasi batek gaiari buruz jakin-mina piztu zidan.

Lagunekin parrandan nenbilen, eta petril batean eseri ginen une batez. Bat-batean edaten ari zen lagun batek hura zer zen galdetu zion beste bati. Orduan erabat aztoratuta geratu nintzen, eta Déjà Vu bat bizitzen ari nintzela ohartu nintzen.

Entziklopedia eta informazio iturri ohikoetara bisitatxo bat egin dut ea zer edo zer zioten gaiaren inguruan, baina ezer gutxi topatu dut…  Gehiengoak arrazoi zientifikoetan oinarritzen dira, gure pertzepzioa nahasten duen garunaren alterazio bat dela esanez. Beste batzuk, ordea, ez datoz ikerketa zientifikoekin bat eta “ametsen memoria” dela diote. Argi dagoena da gertakari paranormal honen misterioa ez dela kontu berria; izan ere, antzinako Greziar Filosofoek jada fenomeno honen inguruan idazten hasiak baitziren.

Dena dela, gaur egun indar gehien duen teoria zientziak eman digu. Adituek diote fenomenoa gertatzerakoan garunak lapsus moduko bat izaten duela, pertzibitutako
informazioa zati inkontzienteak soilik bereganatuz; horrela, segundo frakzio bateko lapsus horren ondoren, zati kontzienteak informazioa bereganatzen du, baina informazio hori jada garunean inkontzienteki gordeta dagoenez, lehenago bizi izan
dugun esperientzia bat bizitzen ari garela iruditzen zaigu.

Ulertzen zaila den fenomeno hau hobeto ezagut dezazuen, hemen uzten dizuet bideo hau:

Hala ere, nire bizipen pertsonaletan oinarrituta, ziur nago fenomeno esanguratsu honek  bestelako misterioren bat gordetzen duela eta, aurrerantzean, Déjà Vu bat izaten dudanean, misterio hori argitzen ahaleginduko naiz.

Comments { 0 }

Sortu zure jokoak Gaurko Hitza plataforman

Gaurko hitza plataforma

Gaurko hitza plataforma

Plataforma berri bat dago denon eskura, atzotik aurrera, joko itxurako aukera anitzeko galdeketak sortzeko. Tresna hau bereziki irakasle eta ikasleentzat pentsatutakoa bada ere, edonork egin dezake kontua bertan eta jokoak sortu. Egitasmoa abian ipintzeko orduan, ondorengoak izan dira helburu nagusiak:

  • Irakasleek ikasleentzat ariketa moduko jokoak sortzea, gai bat errepasatzeko edo.
  • Adin bateko ikasleek ere gauza bera egitea, ikasleak sortzaile eta, aldi berean, irakasle bihurtuz. Gainera, sortzen dituzten jokoak Tuenti, Twitter edo nahiago duten sareetan parteka ditzakete. Horrela, euren lagun, guraso, irakasle edo nornahiri jokatzeko aukera eman diezaiekete.
  • Interneteko euskarazko edukiak areagotzea.

Esan behar da plataforma Forma 3.0 enpresak -duela gutxi arte Ihardun- garatutakoa dela eta HPSk diruz lagundua. Adibide honetan ikus dezakezuen bezala, test moduko joko edo ariketak sortzeko aukera ematen du, eta sortutakoa sare sozial ezberdinetan partekatzeaz gain (Tuenti, Twitter, Facebook eta Google+), korreoz ere bidali ahal izango da. Azken aukera, irakasle edota ikasleentzat interesgarria izan daitekeena, ‘enbotatu’ edo nork bere web orrian, gelako zein ikastetxeko blogean txertatzearena da.

Joko bat egin nahi duenak plataforman alta eman eta 15 galdera sortu beharko ditu. Nahi adina joko sortzeko aukera izango du erabiltzaile orok eta sortutako guztiak bere profilean gordeta geratuko zaizkio. Erabiltzaile ezberdinei jarraitzeko aukera ere egongo da. Eman beharreko urrats guztiak ondorengo bideotutorialean ikus ditzakezue (hementxe jarraibideak idatzita).

Gonbidatuta zaudete zuen jokoak bertan sortzera!

Comments { 0 }
-->