Gabonak iristearekin bat, eta azken urte hauetan baita hilabete batzuk lehenago ere, herritar gehienok bat-bateko gaixotasun baten menpe bageunde lez saldoka abiatzen gara saltokiak eta dendak hustera. Hustera, bai, askotan ez baitugu kontuan hartu ere egiten zer erosten dugun, zer behar dugun edota zenbateko gastua egiten ari garen. Gabonek garai bateko izpiritua galdu dutela gero eta argiago dago, “oparien garaia” edo antzeko zerbait bilakatzeko. Urtez urte zabaltzen ari da “opari garaia”, gainera; izan ere, garai batean inori ez zitzaion burutik pasa ere egingo irailean jostailuen propagandarik jasoko genuenik. Egun, ordea, ohikoa da “Barbie”-n eta “Play Station”-en irudiak eskolan hasi bezain laster gure postontzietan agertzen hastea. Baina, nola heldu gara egoera honetara? Zer edo nor ote da urteroko “sukar” honen erantzule? Horrez gain, urtez urte gastatzen dugun diru kopuruak gora egiten du etengabe, gero eta gehiago erosten dugulako ote da? Edo prezioek gora egin dute?
Datuei begiratuko bagenie, aurtengo Gabonetan euskaldun bakoitzak batez beste 900 euro inguru gastatuko ditugula esango ligukete, aisialdi, janari eta opariak kontuan hartuz. Haurrei dagokienean, hauek jasoko dituzten oparien balioa 170 eurokoa izango da gutxi gorabehera, eta, hala ere, Norvegian, Japonian edo Suedian baino dezente gutxiago! Estatu mailan, 750 milioi euro salduko dira soilik jostailutan, janaria kontuan hartu gabe. Eta, hain zuzen ere, honako hauxe da gastu gehien sortzen duen ataletako bat, 290 euro inguru buruko! Eta, ez da ez harritzekoa, kontuan hartzen badugu garai honetan jatera ohitu garen jakien prezioa zenbatekoa den. Nork ez ditu ikusi, bestela, angulak 900 euroan, edota jendea xanpaina edan eta edan? Loteria ahaztu gabe, 120 euro jokatzen ditu norberak, bueltan (gehienetan behintzat) horren hamarren bat eskuratzeko.
Batzuek erosketak horren garesti izatearen errua prezioen igoeran kokatzen badute ere, benetako erantzulea ez ote da Gabonen izpiritua bera? Ez ote gara denok etengabe kontsumitzera behartuak sentitzen kalean Gabon argiak piztu bezain pronto?
ARRAZOIAK
Neurrigabeko gastu hauek aztertzeko orduan, beharrezko deritzot gure erosteko eta kontsumitzeko grina hori pizten duten kausak aztertzeari. Nik ez nuke prezioen garestitzea erosketetan gastatutako diru-kopuru beldurgarrien erantzule nagusitzat joko. Aitzitik, oso eragin txikia duela esango nuke gure erosketa desio aseezinarekin alderatuz. Asko eta asko saiatzen garen arren, gizarteak ezarririko betebeharrei ihes egitea benetan latz bilakatzen ari da. Jada begi txarrez ikusia dago Gabonetan erregalurik egiten ez duena, edo Urte Zahar gauean sekulako tripa-festa egiten ez duena. Zergatik? “Mundu guztiak hala egiten duelako, dedio!” Horra hor gaur egungo gure portaeraren azalpen sinplea. Oso jende gutxiri otutzen zaio Gabonen benetako esanahiaren inguruan gogoeta egitea, eta enpresa eta komertzioek prestaturiko tranpatik ihes egitea. Modu batera edo bestera (opariak direla, afariak direla, loteria dela…) denok erortzen gara kontsumismoaren atzapar bihozgabeetan. Eta, izan ere, zaila da abian jartzen den kanpaina mediatikoari ihes egitea, sekulako milioi pila inbertitzen baitute enpresa ezberdinek herritarrak gabon giroan sarrarazteko, baina, euren gustuko gabon giroan, gabon giro kontsumistan, jakinaren gainean baitaude behin kanpaina beldurgarri horiek aurrera eramanda, irabaziak ziurrak direla eurentzat. Hona hemen kanpaina horren adibide garbienetako batzuk, eta kanpaina horietan aireratzen diren mezuen funts nagusiak:
- Telebista eta gutunontzia oparien propagandaz beterik.
- Turroiak, xanpaina eta era guztietako janariz lepo egoten dira supermerkatuak.
- Gabonak ospatzen ez dituena triste bizi dela dioen topikoa.
- Eta, garrantzitsuena, gizartea oro har eta norbanakook elkarren artean, baita inkontzienteki ere, ingurukoei ezartzen diegun presioa espiral zoro horretan eror daitezen.
- Askok eta askok, gainera, opariak eta erosketak zoriontasunarekin lotarazten dizkigute, eta denok zoriontsu izan nahi dugunez, buruz behera jausten gara kontsumismoaren zepoan.
- Sinetsarazi nahi izaten digute eurek saltzen dutena guztiz beharrezko dugula, eta, azkenean, aipaturiko gauza horiek gabe nola bizi izan garen ahaztu ere egiten zaigu.
ZER EGIN TRANPAN EZ ERORTZEKO
Gehienok urtero-urtero neurrigabeko erosketarik eta tripa-festarik ez dugula egingo zin egiten diogu gure buruari, eta baita gure kontu korronteari ere, baina lortzen al dugu gutxiago gastatzea? Denok esaten dugu gero “urtarrileko aldapa” deitzen zaiona samurragoa izan dadin ahaleginak egingo ditugula, baina inork gutxik lortzen du hori. Eta, are gutxiago, Gabon gauean edo Urte Berri egunean langostinoak, patea eta abar bezalako gutiziak jan gabe egotea. Jakin badakigun arren klabea eskaintzen zaigun gauza guztiak nahi ez izatea dela, zaila izan ohi da kanpaina mediatikoari ihes egitea. Hala ere, gure esfortzuek, gutxiago gastatu nahi izanez gero behinik behin, horixe izan behar dute helburutzat: propagandarekiko immunitatea lortzea. Nik pauso hauexek proposatzen dizkizuet, aurten erorita bazaudete, datozen urteei begira :
Erosketak aldez aurretik egin; izan ere, azken egunetako presa dela-eta, erosketak ez ditugu arrazoizko moduan egiten, eta, gainera, prezioak asko igotzen dira.
Bidezko merkataritzako dendak, onura sozialak ekartzeaz gain, opari bat egiteko alternatiba ezin hobea izan daitezke.
Begiratu ondo erosketa tiketei, iraungipen datan arreta berezia jarriz.
Ondasun iraunkorrak erosten direnean, gorde ordainagiria eta behar bezala zigilatutako bermea.
Aurrez pentsatu zer behar duzun eta zer ez. Beste era batera esanda, ez joan supermerkatura edo dendara zer erosi ez dakizula. Batetik, beharrezko ez duzun zer edo zer eros zenezakeelako; eta, bestetik, prezioak konparatzea komenigarria delako.
Saiatu bat-bateko inpultsoei eta uko egiten eta ez egin kasu telebistan edo propagandan ematen zaizun informazio guztiari.
Produktu bat erosi aurretik, antzekoak diren beste batzuekin konparatu.
Janariari dagokionez, erosi aurretik ongi pentsatu zein kantitatetan beharko duzun jaki bakoitza, eta, jateko orduan, neurtu zer eta zenbat ahoratzen duzun.
Saiatu zeharkako gastuak dakartzaten produktuei uko egiten.
URTARRILEKO ALDAPA ETA MERKEALDIAK
Gabonetako “ajea” oraindik pasa gabe dugula heldu ohi gara urtarril madarikatu horretara. Behin urtarrilaren 7 edo 8an lanera itzuli beharraren disgustua jaso ondoren, gehienok geure buruari kargu hartzen hasi ohi gara Gabonetan gehiegizko gastua egin dugulako. Aipaturiko gastuak gutxi ez eta merkealdiak iristen dira ezustean! Izenak dioen bezalaxe, beherapenak hitzaren helburua horixe da, Gabonen ondoren izaten ditugun penak kontsumo basatiaren bidez asetzea, horixe baitu gogoko sistema kapitalistak. Etxetik irten eta denden erakustokiak eta kristalak “Merkealdiak!” dioten afixez beterik topatzen ditugu. Sekulako pagotxak aurkituko ditugulakoan, saldoka abiatzen gara gehienetan existitzen ez diren “txolloen” bila. Iaz, euskaldunon %80k egin zuen erosketaren bat “merkealdi” garaian. Garai honetan bai ahultzen dela guztiz behar izatea edo beharrik ez izatea. Ez du axola beste galtza edo gona berdinak izateak, produktu bera erdi prezioan dagoenez, ezin utz diezaiokegu honelako aukera bati ihes egiten. Garai honi aurre egiteko modurik onena Gabonetan erosteko gogoz geratu zaren gauza horiek zerrendatzea da, eta, ahal baduzu behintzat, erostea. Baina, adi ibili behar da ustez benetako pagotxak izan arren halakoak ez direnekin, timo edo iruzurrekin, alegia.
Kontsumoaren atzaparrak zorrotzak eta luzeak izan arren, ez naiz ni izango ezer erosi gabe geratu behar dugula esango duena, ezta gutxiagorik ere. Jakina baita denok dugula kontsumista txiki bat gure barnean, gure betebeharra da horri mugak jartzea, gure benetako mesederako izango den kontsumoa aurrera eramatea. Bestela, kontsumismo larrian erori eta sosik gabe geratzeko arriskua dugu, Gabonetan bereziki, aurrez aipatu dudan bezala, erosketa gehien egiten den garaia delako. Beraz, badakizu irakurle, erosketak egiterakoan burua hotz eta Visa patrikan lotua baduzu, hobe! Zentzuz erosi!
[kml_flashembed movie="http://youtube.com/v/CCmt8Cnu-_8" width="425" height="350" wmode="transparent" /]
Iruzkin berriak