Tinko lehenari, baina…

solidaritateaTradizioak tradizio bihurtzen ditugu gure egunerokoan, urtekoan, hamarkadan, mendean… agian, baina beti edo ia beti lehengo kutsua errekuperatzean edota gogoratzean dago zaharragoa izan den hori, jatekoan, osasun alorrean, sineskeria esparruan, gizarte talde jakinetako zereginetan… gaurko ukitu modernoaz plazaratzeko.

Gure inguruan honelako ekintza ugari ikusi izan ditugu: aparteko azoka bereziak elikadurak duen garrantziaz ohartarazteko, noski produktu natural eta aukeratutakoak erakutsiz; honelako edo bestelako ikuskizunak, gure Euskal Herriko mito zein kondairatan oinarria dutenak; emakumeak gaur egungo egoerara arte bizi izan duen egoera plazaratzeko ekimenak…Ikusle garenok, entzule garenok, berehala prestatzen gara ekintza hauetan parte hartzeko. Interesatu eta kuriositatez murgildu egiten gara giro berezian. Esaterik banu… akaso aberastu egiten gara. Ongi dago. Garrantzizkoa da egiten duguna. Aurrerantzean ere zergatik ez ekimenak mantendu, garaian garaikoari eutsi nahian. Gure ekarpena eta inplikazioa ere baliagarria da.

Denbora pasa eta pasa eta tradizioak behin eta berriz errepikatu, kanten leloen antzera. Gabon garai honetan eta bereziki honetan oso ohikoak izaten ez diren proiektuak gauzatzen dira, talde jakin batek edo besteak, behar gordinak eta gorriak sufritzen dituztenak asetzeko helburuaz, desberdintasunezko mundu artean garapen ekintzak sustatuz… ekitaldiak , orain batez ere. Egoerak, lehenagokoak, ez dira bat-batean sortuak. Gizarte zibilizatutik ageriko dira eta tamalez indartuz doaz. Batzuk, etiketa daramate zintzilika eta abenduan sekulako oihartzuna du gureganaino iristen den premiaren garrasiak.

Sentsazio onak gure barrenean, sentipenak ere. Zipriztintzen dugu, dut, gizakion balio handiaren argia, maitasuna. Sentsibilitateak malkoetara garamatza, narama. Solidaritate bizi-bizia ia ukitzerainokoa da. Irribarre sakona, samurra, ispiluaren isla bezain azkar desagertzen ez ote den susmoa dut.. . egunak igarotakoan, lehengora ez ote garen bueltatzen. Ez nuke horrelakorik nahi. Gizona, emakumea, berriz… irekitasuna, begirada garbi eta zabala gerta bedi gure anaikortasunaren seinale. Gabonetan, urte berrian, aurrerantzean, geroago… berriro ere hurrengo Eguberrian.

Comments { 0 }

Zaindu jarrera txar horiek!

Opor egun hauetan ez hainbeste baina, besteetan, egunero-egunero ordu asko egin ohi ditugu eserita bai gelan, bai etxean ikasten baita ordenagailuaren aurrean ere. Hau dela eta, gero eta ugariagoak dira bizkarreko lepoko eta zango, begi eta buruko minak.

Gaitz eta min hauei guztiei aurre egiteko modurik onena aholku erraz batzuk jarraitzea da, hainbat jarrera aldatzea eta ariketak egitea, hain zuzen ere.

Eserita gaudenean:

  • Bizkarrak zuzen eta aulkiari erabat bermatuta egon behar du.
  • Postura aldatu, segundo batzutan jaiki, pauso batzuk eman…
  • Oinek zoruaren gainean egon behar dute.
  • Ez gurutzatu zangoak; horixe baita jarrerarik txarrena.

Ordenagailuaren aurrean:

  • Teklatua ahalik eta baxuena egotea komeni da.
  • Sagua ez indar handiz sakatu. Ukondoek beti mahaiaren gainean egon behar dute.
  • Ordenagailuko monitoreak begien parean kokatuta egon behar du.
      Argi suabe eta orokorra erabil ezazu.
      Denbora luzez egon behar baduzu, zure begiei ordu laurdeneko atsedenak eman.

Jarrera hauek kontuan hartuta gero, ondo legoke, gure lana bukatu ondoren, luzapen batzuk egiteko tartetxo bat hartzea.

luzapenak"/

Comments { 0 }

Anari Ordiziako gaztetxean

anariAspaldi eskatu zitzaion Anariri Ordiziako Gaztetxean kontzertu bat eman zezan eta azkenik eman zuen, abenduaren 27ko gauean. Anari talde azkoitiarra da eta bertako kantaria, Anari bera, gure ikastolan, Ordiziako Jakintza ikastolan, irakasle da. Ikasleok maiz kantatzeko eskatu arren, berak ez digu inoiz abesten, diskoa erosi edo kontzerturen batera joateko esaten digu. Horregatik eskatu genion hona etortzeko kontzertu bat ematera, bere musika hobeto ezagutzeko.

Asteko egun arrunt bat izan arren, gaztetxea betetzea lortu zuten. Bere gitarran arreta jarri genuenok ezaugarritxo batez jabetu ginen, bere disko berrienaren azalean agertzen den zebraren irudia zuela itsatsirik bertan. Anariren musika ezagutu edo disfrutatzera joan ginen guztiok gustura irten ginela iruditu zitzaidan niri eta oso detaile polita izan zuen izandako eta diren ikasleei abesti bat eskaintzean.

Beraz, oraindik talde honen musika ezagutzen ez duen oro kontzerturen batera joatera gonbidatzen dut. Ezin duenarentzat hemen dituzue orain arteko abesti guztiak entzungai.

Orain arte Anariri buruz euskaljakintzan idatzitakoa irakurri nahi baduzu:

Comments { 2 }
-->