Riomundo – JON MAIA

MaiaJon Maia Urretxun jaio zen 1972. urtean eta gaur egun Zumaian bizi den bertsolari, musikari eta idazlea dugu. Euskal Filologia ikasketak egin zituen eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian hirutan iritsi da finalera: 1997, 2001 eta 2005ean. Hedabideen munduan oso ezaguna da; izan ere, komunikabide desberdinetan artikulu anitz idatzi baititu. Honez gain, musika talde ugarirentzako hitzak idatzi izan ditu eta Karidadeko Benta musika taldearen sortzaile, letragile eta abeslaria da. Riomundo da bere lehen liburua eta bere familiaren istorioan oinarritzen da, frankismo garaiko bizi baldintzengatik Euskal Herrira etortzen den familia batean, alegia. Idazle lanekin jarraituz, orain dela hilabete gutxi, 2006ko abenduan, bere bigarren lana kaleratu zuen, Apaizac Obeto izeneko kronika.

Liburuak, arestian aipatu bezala, Albaceteko familia baten gorabeherak kontatzen dizkigu. Frankismo garaian kokatzen da eta momentuko bizimodua eta buruhausteak islatzen ditu. Jon Maiak bost ataletan banatu du liburua, baina ez dago kronologikoki ordenatua eta hau izan daiteke eleberriaren zailtasuna. Hala ere, nahiko erraz ulertzen dela iruditzen zait.

Lehenengo atalean, Tito gaztearen, hots, protagonistaren abentura batzuk kontatzen dizkigu, azkenean Guardia Zibilengandik atxilotua izango dena.

Bigarren zatian, denboran atzera egiten du eta Titoren aitaren bizitza azaltzen da, Pedro Sierrarena, alegia. Gaztetatik hasita, gerra garaiko kontuak azaltzen dira, bilera klandestinoak, heriotza, kartzela… Testuinguru horretan, faxisten eta falangisten kontra borrokatuz, Luisa ezagutu eta elkarrekin ezkontzen dira.

Hurrengoan, Tito -istorioaren narratzailea- jada jaioa da; bost seme-alabetatik hirugarrena da bera. Langabezia dela eta, aitak Euskal Herrira emigratzen du lan bila. Diru pixka bat aurreztu ondoren, familia guztia etortzen da eta baserri batean jarriko dira bizitzen.

Ondoren, herriko pisu batera aldatzen dira, artean Tito nahiko gaztea da eta politika kontuetan murgiltzen hasten da. Atal hau bukatzean, berez, lehenengo zatia etorriko litzateke, Titoren atxilotzea eta kartzelan jasandako torturak kontatzen dituena:

Nire burua uretatik ateratzen eta berriz hondoratzen ikusten nuen, gorputzetik at banengo bezala. Eta nola arraina amuan urtetatik ateratzean, aho bete arnasa hartzen ahalegintzen nintzen, nire indar guztiarekin lepoa luzatuta, berriz ere putzuan sartzerako.

Bukatzeko, Riomundok ematen digun azken planoan, gerra amaituta eta gurasoak edadetuta azaltzen dira; eta Tito, heldua eta independentea. Aita eta bera, gerran hildako brigadistei egindako omenaldi batean agertzen dira.

Liburu hau nire gelako apaletan, berri-berri eta irakurri gabe nuelako aukeratu nuen. Urtea pasatxo da, ene gurasoek Durangoko azokatik ekarri zidatela. Hasieran irrikaz eskuratu nuen arren (Jon Maia bertsolari ospetsuaren lehen liburua…) baina denbora faltagatik edo, azkenean, alde batera utzi nuen gaur arte. Liburua irakurtzeko gomendioa egiten dizuet, istorioa oso interesgarria baita. Gainera, kontuan hartu behar da Euskal Herriko familia askoren historia dela. Ondorioz, gure herriko historia eta gure aiton-amona askoren bizitzak hobeto ezagutzeko abagune aparta dela iruditzen zait.

Jon Maia eta Riomundori buruz zerbait gehiago jakin nahi izanez gero sakatu hemen.

Amaitzeko, musika pixka bat uzten dizuet. Jarraian, lehen aipatutako eta Maiak berak sortutako Karidadeko Benta taldeak Bilbon -kalean- eskainitako emanaldia duzue ikusgai.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->