Nori ez zaio gertatu ostiral edo larunbat batean, egun gogor bat eta gero, kaleko iskanbilen ondorioz lo hartu ezinik ibiltzea? Niri, zoritxarrez, behin baino gehiagotan. Izan ere, gertakizun hau gero eta gehiago ematen ari den arazo bat da, bai gure herrian baita gure ingurunean ere. Baina zer egin dezakegu honen aurrean? Ba al dago konponbideren bat arazo hau saihesteko?
Lehenengo eta behin, aurreko astean gertatutako pasarte bat kontatuko dizuet. Etxetik atera eta solasaldian zeuden pare bat bizilagunekin topo egin nuen. Haietako batek oporretatik bueltatu behar izan zuela zioen. Arrazoiak esan zituenean, zur eta lur geratu nintzen: egun batzuk pasatzen ari zen herritik kanpo eta bueltatu behar izan zuen, deskantsatu eta lo egin ezinik ibili zelako! Ez dakit ziur zein herritara joan ziren, baina bueltatu behar izan zuten gaueko iskanbilen ondorioz eta beraien ume txikiek hala eskatuta. Ez dago dudarik onartezina dela horrelako egoerak gertatzea; bidegabekoa da batzuek alkohola edan edo beste sustantzia batzuk hartzearen ondorioz jarrera desegokiak izaten dituztelako, gainerakoei beraien oporrak oztopatu eta, azkenik, lehen esan bezala, deskantsatu ezinik ibiltzeagatik etxera bueltu behar izatea.
Honen ostean, arazo mota horien ondorio batez hitz egingo dizuet: soinu kutsadura.Fenomeno honetaz oso jende gutxi konturatzen da edo ez dio jaramonik egiten. Arazo larria da, ordea. Gehiegizko soinuak, belarrietan eragiteaz gain, gorputzeko beste hainbat lekutan eragiten du eta luzera jota ondorio garrantzitsuak eragiten ditu. Denok dakigun bezala, nabarmenena entzumenik gabe geratzea da, baina ondorioen artean nekea, estresa eta beste hainbat aurki daitezke. Eta ez hori bakarrik, aurreko adibideari jarraiki, toki zaratatsu batean bizi diren umeek efektu negatiboak pairatzen dituzte ikasketa eta, batez ere, osasunean. Beraz, kontu handiz ibili behar da.
Gaur egun, ulergarria da, teknologiak aurrera egiten duen heinean, gazteek gero eta musika edo zarata gehiago jasatea. Ohikoa da toki batzuetan elkartzea eta teknologiak beste guztia egiten du. Ikusi, adibidez, Chuecaren kasua. Bertan, urtero festa bat ospatzen da eta dezibelio gehiegi egoten dira, bai kontzertu baita karrozetan ere. Horiek gorabehera, bizilagunak urtero kexatzen aritu dira idatzi bitartez, eta, azkenean, udaletxearekin eta festetako antolatzaileekin hitz egin ondoren, soinurik gabeko festa lortu dute aurten.
Arazo honi irtenbidea emateko bide bat nork bere entzungailuak ipintzea izango litzateke. Alde batetik, gainerakoei ez diezu trabarik egiten euren eguneroko bizitza aurrera eramatean; beste aldetik, nork bere kaskoak edukitzean, ez duzu zarata taldean entzuten eta, bolumen baxuan jarriz gero, zure osasuna ez duzu kaltetzen. Beraz har ditzagun neurriak!
No comments yet.