Gaueko argien kalte larriak

Ken zazpiren Gaueko argiak abestiak dio “argiak piztuta topatzen ditut kalera irteten naizen orduan”. Egia da, egun eta gau argiak piztuta daude nonahi. Nori ez zaio gertatu, noizbait, etxetik irten eta sukaldeko argia piztuta uztea? Niri, zoritxarrez, behin baino gehiagotan. Inoiz pentsatu gabe nengoen argiak sortutako kutsadura hain larria izan zitekeenik; harrigarria eta sinesgaitza iruditu zitzaidan Berrian irakurri nuen arte honi buruz. Orduan ohartu nintzen argiak sortzen duen kalteaz.

Lehenik, eta adibide gisa, aipatzekoa da astronomoei sortzen diegun arazoa. Hauek izarrak aztertzeaz arduratzen dira, eta guk, gaur egun, gero eta kale-argi gehiago ipintzen ditugu, herri eta hirietan batez ere. Faroletako argia zeruan islatzen da gehienbat, eta horrek sortarazten du kaltea; beraz, saia gaitezen argia erabiltzen beharrezkoak diren objektu edo inguruak argitzeko. Gainera, askotan beharrik izan gabe, piztuta mantentzen ditugu. Ondorioz, oso zaila izaten da izarrak ikustea. Egia esan, bistakoa da arazo hau ez dela denetan larriena. Ni harritu ninduenak argiak gizakioi egunaren eta gauaren erritmoa hautsi diezagukeela jakitea izan zen. Egindako ikerketen arabera, gauean argia ez izateak melatonina hormona murriztu egiten du eta hormona hau, alde batetik, loa eragiteaz arduratzen da. Bestetik, antza denez, minbizietatik babesten gaitu. Beraz, zenbat eta argi gehiago erabili gauez, minbizia pairatzeko arriskua orduan eta handiagoa izango da. Lo orduak murriztea ere eragin dezake.

Bigarrenik, gizakioi kalteak sortzeaz gain, animaliengan ere gaitz larriak sortzen ditu. Honako hauek dira batzuk: txorien migrazioan eragiten du, intsektuak harrapatzen ditu, animalien habitata eraldatzen du… Denetan larriena, txoriei sortutako kaltea dela iruditzen zait. Izan ere, gauean argi gehiegi egoteak txoriak lehenago loditzea dakar; ondorioz, goizegi hasten dira migratzen. Sinesgaitza dirudien arren, gaueko argiarekin jateak loditzea dakar. Duela gutxi egin da ikerketa arratoiekin eta orain gizakiekin egin nahi da.

Nolanahi ere, pentsatu behar dugu gauean argirik gabe ibiltzea ez litzatekeela erosoa izango; izan ere, edozer gauzarekin estroputz egin eta lurrera eror gintezke, edo beldurtu egingo ginateke kalean zehar bakarrik ibili behar izanez gero, gertatzen diren gauza guztiekin. Gaueko argia inoiz asmatu izan ez balitz, argirik gabe bizitzeko arazorik ez genuke izango; halere, gaur egun, argi artifizialik gabe bizitzea ezinezkoa dela esatera ausartzen naiz. Edonola ere, honekin ez dut esan nahi argi asko erabiltzea egoki jokatzea denik. Dena bere neurrian.

Aurreko guztia laburbilduz, zera esan daiteke: gauez argia erabiltzea kaltegarria da. Halere, gaur egun argirik gabe bizitzea ezinezkoa denez, modu kontrolatu batean erabiltzea izango lizateke egokiena arazoak murrizteko.

Bideo honetan, labur-labur azaltzen dira argiak sortutako kutsaduraren ondorio gutxi batzuk.

, , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->