Ziurrenik, hau izango da orain arte idaztea gehien kostatu zaidan bidalketa. Ziurrenik, hau izango da gehien hausnarrarazi didana. Behin baino gehiagotan idatzi dut, buelta asko eman dizkiot buruari… Uste dut, baina, lortu dudala nik nahi nuen kutsuaz blaitzea azkenean.
Hasiera-hasieratik sinetsi nuen Euskal Hizkuntza eta Literatura lantzeko eskaini zitzaigun aukera berritzaile honetan. Euskaltzaindiako arauak landu ditugu, literatura ere bai; elkarrizketak egiten ikasi dugu, iritzi artikuluak idazten ere bai… baina hori guztiaz gain, internetek izan dezakeen indarraz jabetu gara. Ikasgaiari zegozkion konpetentziez gain, sarea baliatuz sakonagoa den filosofia bat transmititu digu Maitek, sortu eta partekatzearena. Segurtasuna eman didan esperientzia izan da, bete egin nauena eta, zinez diotsuet, ez nuke ezerengatik aldatuko.
Urtebete igaro da iaz esperientzia honi hasiera eman genionetik, eta gaur bi sentimendu kontrajartzen zaizkit. Alde batetik, lana nahiko txukun egin dudan susmoak ematen didan poztasuna; bestetik, tristezia, iritsi baita lekukoa pasatzeko eguna. Ziklo bat bete dudala argi dago eta, Maitek uzten badit, beste bat hasiko dut, aurrekoa hasi nuen ilusio eta gogo berberaz (edo handiagoz). Nire asmoa parte hartzen jarraitzea da, euskaljakintzako partaide izateari eustea.
Amaitu baino lehen, aholku bat eman nahi nizueke, horretarako norbait banaiz bederen, ondoren zatozten horiei: aprobetxatu eta gozatu Maitek eskaintzen dizuen aukera hau. Uler ezazue blog hau zuen ideiak mundura zabaltzeko gunetzat, euskararen ikaskuntzan laguntzeko txokotzat; eta ez eginbehar hertsigarritzat. Ereindakoa bueltan etorriko zaizue. Nire aldetik, ezer gehiago ez. Ez adiorik euskaljakintza. Ongi etorri, euskaljakintza6!
Iruzkin berriak