Tag Archives | arazoak

Odol-ematea, egin dezakezun oparirik onena

Euskadin odol-emateak ehuneko zazpi erori dira udan. Baina hau ez da guztia, Espainia mailan ere odol-emate kopuruak asko erori dira azkenaldi honetan. Hau aldatzeko, leku ezberdinetan konponbide ezberdinak pentsatzen hasi dira. Ni gehien harritu nauena Bartzelonan egiten hasi direna izan da. Normalean, odol-ematearen ondoren, ogitarteko, edari edota elikagai ezberdinak ematen dituzte; beste leku batzuetan, ordea, elastikoak, bolalumak… odol-emateari buruzko slogan edo marrazkiekin, publizitatea egiteko. Bartzelonan, berriz, ospe handiko sukaldariak egindako janariak ematen hasi dira odol-emate kopurua handitzeko. Hortaz, odola emateaz gain, kalitatezko menu bat jateko aukera izango dute kataluniarrek. Bazkaria prestatzen lehena Fermí Puig chef ospetsua izan zen, eta honen ondoren, Ada Parellada, Fabián Martín, Ferran Adria… sukaldari ospetsuek hartuko dute parte. Bakoitzak bere menu propioa prestatuko du, Fermí Puigek, esate baterako, lau tapaz osatutako menua egin zuen, elikagai goxo eta osasuntsuekin. Niri ideia hau oso originala iruditu zait eta, egia esan, osoerantzun ona izan du Katalunia osoan.

Hala eta guztiz ere, garrantzitsuena da jendea odol-ematearen garrantziaz konturatzea; izan ere, odol honi esker pertsonen biziak salba ditzakegu, eta baita askoren osasun baldintzak hobetu ere. Halaber, odola oso garrantzitsua da talasemia etadrepanocytosis bezalako gaixotasunak dituzten pertsonei laguntzeko, izan ere, hauek aldiro odol-transfusioak behar dituzte bizi ahal izateko.

Gainera, odola egunero behar den zerbait da. Odol-emailerik gabe, esate baterako, nekez egin ahal izango lirateke premiazko ebakuntza asko eta asko. Odolak denbora tarte mugatu batean baino ez du balio, eta, guk ez badugu ematen, ez genuke izango odol transfusioak izateko aukera eta, beraz, aipatu bezala, ez genuke urgentziaz operatzeko aukera izango. Ez dago esan beharrik, ebakuntza hauek gabe jende asko hilko litzatekeela.

Odola beste pertsona bati eman diezaiokegun oparirik onena da; izan ere, odol horrekin pertsona baten bizia edo bat baino gehiagorena salba baitezakegu (odola deskonposatzen bada -globulo gorri, plaketak… -, hainbat gaixotasun berezi senda daiteke).

Ondorioz, odola ematera gonbidatzen zaituztet. Hau oso garrantzitsua da besteei laguntzeko, eta, azkenean, egin behar dugun bakarra da denbora tarte txiki batean min pixka bat jasan, besterik ez. Beti, noski, medikuek emandako baldintzak jarraituz. Baldintza hauek jarraitu ezean, gure gaixotasunak beste pertsona bati transmitituko genizkioke, eta garbi dago ez dugula hori nahi. Hemen uzten dizuedan bideo hau Gurutze Gorriak eta Coca-Colak egindako iragarki bat da, odol-emate kopuruak handitzeko.

Comments { 1 }

Gaixotasunen sendagaia, dirua?

Egungo gizartean gaixotasun arraroekin ematen den egoerak haserretzen nau. Justiziaren eta ongiaren bila gabiltza; halere, horietara iristeko oztopo den faktore batekin topo egiten dugu: dirua. Argi dago diruak ez duela zoriontasuna ematen, baina esan behar da asko laguntzen duela. Dena den, ezin dugu ahaztu dirua sortu aurretik gizakia sorturik zegoela. Nola da posible, bada, pertsona batzuek proiektu bat nahiago izatea, pertsona baten bizitza baino?
Betidanik egon dira gaixotasunak eta, hauen ondorioz, generazio asko hil dira. Nahiz eta gaur egun teknologia oso aurreratuta egon, gaitz askori ezin izan zaie irtenbiderik bilatu oraingoz. Baina, beste hainbatetan, nahiz eta sendabidea izan, jende kopuru gutxiengan ematen denean, bertan behera uzten dira saiakera guztiak diru gastuak direla medio. Honen ondorioz, familia ugarik jasan dute kide baten heriotza eta kalte hori, garbi dago, ez da diruaren bidez konpontzen. Gaixotasun horietako batzuk HIESa, hainbat minbizi mota edo Lupusa dira.

Aipatu behar da gaixotasun hauek ez dutela beti heriotzara eramaten gaixoa. Zeinbatetan gaixotasun kroniko bihurtzen dira eta kutsaturik dagoen pertsonak izugarrizko aldaketa fisiko eta psikikoak jasaten ditu. Ondorioz, hianbat kasutan, ez dira gai izaten bere kabuz beste guztion moduan bizitzeko, eta horrek familiartekoei sekulako arazoak ekartzen dizkie.

Hori gutxi balitz, ez da ahaztu behar 3. munduan gertatzen dena. Afrikan, esaterako, biztanleriaren gehiengoa gaixotasun arruntez hil ohi da. hau oraindik okerragoa da; izan ere, pertsona hauek normalean gripe edo beherako sinpleak jota hiltzen baitira.
Beraz, gaixotasun hauek sortzen duten kaltea konpon daiteke; halere, arrazoi ekonomikoak tarteko, ez zaie behin betiko amaiera ematen. Zergatik? Diru falta edo gogo faltagatik? Gai hau interesgarria iruditu bazaizu, jarraitu irakurtzen ondorengo gunean: gaixotasun arraroak.

Comments { 2 }

Gurasoen etxean betiko? Ez, mila esker!

Ikaslea zara ala lan egiten duzu? Hau da aurrekoan, lagunekin nire herriko taberna batean nengoela, mutil batek beste neska bati galdetu ziona. Gehien harritu ninduena, baina, erantzuna izan zen. Ikasketak iaz utzi nituen eta ez dut lan egiteko asmorik, gurasoen etxean ondo bizi naiz. Hori da neska gazteak erantzun ziona.

Gaur egun, telebistan gazteei buruzko gero eta programa gehiago jartzen dituzte. Hauetan gazteek 24 orduz zer egiten duten ikus dezakeg, esnatzen direnetik lokartzen diren arte. Lokartzen badira, noski; izan ere, askotan ikus baitezakegu, lo egin ordez, beste edozein gauza egiten dutela: festetan goizean goiz arte ibili, lo egin nahi dutenei pakean ez utzi eta horrelakoak, aurrekoan programa horietako batean ikusi nuen antzera. Programa hauetan argi ikus daiteke gaur egungo gazte askok lan egin edo ikasteko asmorik ez dutela, eta nahiago dutela telebista-programetara joan dirua erraz irabaztera.

Hori al da XXI. mendeko gazteok eskaini nahi dioguna gure etorkizunari? Antza denez, gero eta kasu gehiagotan hala da; izan ere, lehen azpimarratu dudan moduan, gero eta gazte gehiago dira etxean ezer egin gabe -ez lan, ez ikasi- geratzen direnak. Hori guztia gutxi balitz, gazte hauek euren gurasoen teilatupean bizi dira, haien diruaz eta laguntzaz baliatuz. Era honetan jokatzen duen generazioa “nini” izenez ezagutzen da. Gaztelaniazko, “NI estudian, Ni trabajan” esaldian du bere jatorria, eta honek, azken batean, gure herrialdeko gazte guztiak ezizen honekin ezagutzea ekarri du.

Penagarria iruditzen zait gazteok gainontzekoei eta gure atzetik datozen belaunaldiei irudi hau ematea, are gehiago gaur egun mundua dagoen egoeran egonda. Izan ere, adituek diotenez eta ikus daitekeenez, krisi gogor batean gaude sartuta eta gero eta ikasketa maila altuagoak eskatuko dizkigute lanpostu bat eskuratzeko garaian. Baina etxean sofan botata bagaude, alferkeriagatik edo beste edozein arrazoirengatik, argi eduki, ez dugula -gaur arte jende askok egin duen bezala- gurasoen etxea utzi eta gure kasara bizitzeko aukerarik izango.

Hala ere, egia da goitizen honek gazte guztiak zaku berdinean sartzen dituela eta, leku guztietan bezala, denetarik aurki dezakegula herrialde batean: golpe zorririk jotzen ez dutenak, eta, bestalde, beraien bizitza aurrera ateratzeko gogotsu lan egiten dutenak. Honen ondorioz, gaizki egongo litzateke “nini” erabiltzea gure herrialdeko gazte guztiei erreferentzia egiteko, orokortu egiten baitu; eta, gaur egun, gazte asko daude, bizitzan zerbait izateko, gogor lanean ari direnak. Dena den, beste askok ez dute horrelako ezer egiteko asmorik, aurrekoan El Diario Vascon irakurri bainuen 34 urte baino gutxiagoko 700.000 bat gaztek ez dutela ez lanik egiten, ezta ikasten ere.

Hau guztia esan ondoren, gaur egungo gazteei, ni barne, etorkizunean pentsazeko garaia iritsi zaigula esan nahi nieke. Buruan ditugun tontakeriak alde batera utzi, eta lanean hasteko garaia da. Argi hitz egitea nahi baduzue, egokitu zaigun etorkizun hau ez da batere erraza izan behar; beraz, hobe dugu ernatu, besteen baitan bizitzeko beharra ez izateko. Ala nahiago al duzue gurasoen etxean betiko geratu?

Comments { 4 }
-->