Tag Archives | arazoak

Sexu-eskumuturrekoak eztabaidaren erdian

sexu-eskumuturrekoak (irudia: fotos.lne.es)Lehengo batean, telebista ikusten ari nintzela, moda berri baten berri izan nuen: sexu tendentziak adierazteko erabiltzen diren koloredun eskumuturrekoak.  Sexu-eskumuturrekoak izenarekin ezagutzen direla jakin nuen. Moda hau Erresuma Batuan jaio, AEBetatik igaro eta orain Brasilera iritsi da. Baina zenbait istilu gertatu dela-eta, antza denez, horiek debekatzea aztertzen ari da bertako gobernua.

Artikulu honetan irakur ditzakezue joera berri honi buruzko zehaztasunak. Dena den, dirudienez, sexu-eskumuturrekoek zenbait heriotz ekarri dituzte; hainbat neska gaztek, eskumuturra soinean eraman eta gero, koloreak adierazten zuena bete ez izanagatik. Apaingarri hauen bitartez, kontaktu fisikoa izateko nahia adierazten omen da. Kolore ezberdinak daude, eta bakoitzak bere mamia dauka. Horiak, adibidez, eramaileak besarkada bat jaso nahi duela esan nahi du; bioletak, muxu baten grina; arrosak, neska bere bularrak erakusteko prest dagoela; urdinak, sexu orala praktikatzeko apeta; eta, beltzak, sexu harreman osoa izateko gogoa. Gauza ez da hor bukatzen, baina. Prozedura ondorengoa da: mutilek eskumuturreko horiek puskatu behar dituzte neskek adierazi nahi duten hori bete ahal izateko. Puskatu eta gorde; izan ere, kolore eta kopuruaren arabera, mutilen sona handituz joango da.

Moda berri hau iritsi da dagoeneko gurera eta, Brasilen gertatukoa ikusirik, zenbait lekutan koloredun eskumuturrekoen erabilera debekatzen hasiak omen dira. Gaur egungo gazteok edozer gauza asmatzen dugula garbi dago; ez dugu ikusten, nonbait, moda berri honek izan dezakeen arriskua. Hainbat gaztek jolas bat baino ez dela pentsatzen du eta hori da, nire ustez, arazoa. Gazte askok ez du honen berririk. Bada, demagun hemen ere modan jartzen direla eta neskek kolore ezberdinetakoak eramaten dituztela jakin gabe esanahia? Zer gerta liteke? Brasilen gertatutakoa errepika daiteke?

Bestetik, eskumuturrekoak debekatzea ez da, ene aburuz, arazoarekin amaitzeko konponbiderik egokiena; izan ere, horiek ekoizten dituen enpresak ez baitu gazteek egiten duten erabileraren errua. Enpresak ez zituen asmo horrekin sortu eta, ondorioz, bere erabilera debekatzea erabat bidegabekoa da. Egokiena informatzea izango litzateke, hau da, gazteei moda honen berri ematea, izan ditzakeen arriskuez ere informatuz.

Comments { 1 }

Immigrazioa pobreziaren seinale?

Gaur egun gero eta etorkin gehiago dago Euskal Herrian. Etorkin hauek herrialde ezberdinetatik datoz, esate baterako, Afrika iparraldetik eta Hego Amerikatik. Herri hauek oso txiroak dira eta, horregatik, emigrazio tasa oso altua da. Bertako jendea bizi baldintza makurretan bizi denez, beste bide bat hartzea erabakitzen dute, kasu honetan, herrialde garatuetarako bidea. Hala ere, inmigranteek euren herrialdeetan zuten bizimodua aldatzea ia ezinezkoa da eta lehen zuten rol bera edo okerragoa izaten jarraitzen dute helmugako herrietan.

Etorkinek immigratutako herrialdeari aberastasun ugari ematen diote, adibidez, kultur eta ohitura ezberdinen aberastasuna. Horregatik, herrialde garatu nahiz garatu gabeetan, etorkinen presentzia beharrezkoa dela iruditzen zait, eta hori herrialde baten hazkundearen edo gorakadaren seinale da.

Baina, kasu gehienetan, etorkin hauek mesedea ekarri beharrean, oztopoa besterik ez dute sortzen. Horren lekuko immigranteen arteko istiluak dira. Hauek maiz gertatzen dira euskal lurralde guztietan eta arrazoi ugari egon badaitezke ere, ohikoena droga izaten da. Immigranteek gure herrialdean lan arriskutsuak egiten dituzte eta ohikoena soldata baxua izatea da.

Bestalde, droga-trafikatzaile nagusienak marokoarrak izaten dira. Hori dela eta, droga munduan murgiltzean, istilu eta borroka ugari gertatzen dira bai etorkinen artean, eta batzuetan, baita bertako biztale eta etorkinen artean ere. Hori ekiditeko, arrazismo jarrera hori desagerrarazi beharko genuke, errespetu osoz jokatu eta ez beraien gainetik egongo bagina bezala.

Laburbilduz, Euskal Herrian etorkinek duten presentzia oso garrantzitsua da; izan ere, ekarpen ugari egin dituzte. Horrela, errespetuz jokatu beharko genuke haien aurrean eta arrazismo oro baztertu. Gainera, gizarteak ez luke beraien ahulezia aprobetxatu behar lan baztertuak emanez, soldata baxua eskainiz… Hala ere, gurera etortzen direnean, gure kulturako ezaugarriak errespetatu eta, adibidez, euskara ikasten saiatu beharko lirateke.

Comments { 0 }

Minareteak, Islamaren baionetak?

File:Mahmud Moschee1.jpgOrain dela hilabete batzuk Europa osoan eragina izan zuen zerbait gertatu zen: Suitzako UD alderdiak erreferendum bat antolatzea eskatu zuen. Bertan, minareteak eraikitzea debekatu behar zen edo ez galdetzen zen. Suitzako konstituzioaren arabera, erreferendum bat antola daiteke gai bati buruz herritarrek horrela eskatzen badute, nahiz eta gobernua honen aurka agertu. Gobernua, parlamentua, erakunde erlijiosoak eta hainbat erakunde erreferendumaren aurka agertu ziren. Gainera, hainbat kantoitan debekuaren aldeko propaganda debekatu zen. Hala ere, erreferendumean, %57,5ek debekuaren alde egin zuen. Europa osoan kritikak egon ziren, jendearen eskubideen aurkakoa zela adieraziz eta xenofobiak eta islamofobiak eragin zutela esanez.

Herriak demokratikoki erabaki du, eta ez da gobernuak inposatutako zerbait. Suitzak, beste estatu batzuek ez bezala, demokrazia zuzen baten antzekoa dauka, hau da, populazioak zuzenean parte har dezake erabakietan. Populazioaren zati batek zerbait eskatzen badu (100.000 sinadura behar dira) erreferendum bat antolatu behar da. Beste estatuetan, berriz, gobernuak bakarrik antola ditzake erreferendumak. Proposamena onartzeko gehiengo bikoitza behar da, hau da, populazioaren eta kantoien gehiengoak baiezkoa eman behar du. Erreferendumean, populazioaren %57,5ek eta 26 kantoietatik 22k bai bozkatu zuten. Beraz, erabaki hau Suitzako herriak askatasunez hartua da eta demokratikoki onartua.

Hala ere, nahiz eta gehiengoak onartua izan, batzuen ustez, erabaki hau “gehiengoaren diktaduraren” adibide bat da; gehiengoak gutxiengoari eskubideak kentzen dizkiola, alegia. Hau ez da egia. Minarete berriak eraikitzea debekatzea ez da eskubideak kentzea. Eraikita dauden minareteak mantenduko dira eta ez dira meskitak debekatzen; beraz, musulmanek bere erlijioa praktikatu dezakete. Gainera, minareteak asko nabarmentzen dira eta eta hiriaren skyline-a aldatzen dute. Minareteak ondo gelditzen dira Istanbulen edo Kairon baina ez Mendebaldeko Europako hiri batean.

File:Minarets poster 1.jpgHorretaz aparte, Suitzako eta, orokorrean, Mendebaldeko Europako musulman gehienak inmigranteak dira eta asko ez dira integratzen. Europako populazio musulmana asko hazi da azkeneko urteetan eta hauen artean islamista erradikalak daude. Erradikal hauek bosgarren zutabe bat osatu dezakete eta terroristak sortu. Gainera, islamista hauek meskitetan adoktrinatzen dituzte. Minareteak islamismoaren zabalkuntzaren adierazleak dira. Recep Tyyip Erdogan-ek, orain Turkiako lehen ministroa denak, 1997an minareteak islamaren baionetak direla esan zuen. Beraz, nire ustez, intolerantziarekin ez da tolerantea izan behar. Herrialde musulman gehienetan ezin dira musulmanak ez diren eraikin erlijiosoak eraiki.

Referendum honen ondorioz Europan zehar antzeko erabakiak hartzeko eskatu dira, alde batetik, eta kritikatu egin da, bestetik. Islamismoaren hazkuntza laizismoaren aurka doa. Ilustraziotik eta Iraultza Frantsesetik hasita estatuaren eta erlijioaren arteko banaketa lortu da, eta musulmanek ez dute hori onartzen. Gainera, erlijioa sexista da, emakumeek eskubide gutxiago dituztelako. Adibidez, emakume musulman batzuek bere borondatez estaltzen dute burua, baina beste askok bere familiak derrigortuta. Laikoak diren herrialde musulmanetan ere erlijioak indar gehiago hartzen du. Turkian, adibidez, AKP alderdiaren gobernu islamistak konstituzioa aldatu nahi du, eta armadari eta epaileei -laizismoaren zaintzaile- boterea kendu nahi die, Atatürk-en erreformak deseginez. Beraz, kontu handiz ibili behar da honekin eta argi gelditu behar da mendebaldeko kultura onartu behar dutela hona etortzen diren inmigranteek.

Ondorioz, nire ustez, minareteak intolerantziaren sinbolo dira; beraz, ez dira gehiago eraiki behar Mendebaldeko Europan. Gainera, inmigrazioari kontrol gehiago jarri behar zaiola iruidtzen zait, berandu izan baino lehen.

File:Minarettinitiative 2009 de.svg

Comments { 1 }
-->