Tag Archives | arazoak

Mozkorrak vs hiritarrak

argazkia: sebastianurbina.blogspot.comTurismoa, gazte britainiarrak, alkohola, desfasea… azken egun hauetan denok notizietan entzundako terminoak dira hauek eta ziurrenik denoi gauza bera datorkigula burura horiek entzunda: Saloufest. Polemika handia sortu da gai honen inguruan; izan ere, Salouko bizilagun batzuek nazka-nazka eginda amaitzen dute gazte hauekin; beste batzuei, ordea, ondo iruditzen zaie ekimen hau aurrera eramatea, bertakoei lana ematen dielako krisi garaian; enpresariek egoera aprobetxatzen dute euren negozioen egoera hobetzeko… Baina Saloutik haraindi zabaldu da gaia. Eztabaidetan galdera hau sortu da: hau al da Espainian nahi den turismomota?

Hasteko, garrantzitsua iruditzen zait Saloufest delakoa zer den garbi izatea. Kirolarekin loturiko ekintza da teorikoki, baina errealitateanBritainiako 8.000-9.000 unibertsitario inguruk amaierarik gabeko parranda izateko aitzakia da. Bidaia-agentzia britainiar batek 2002tik geroztik (hasieran 200 gazterekin) urtero antolatzen duen ekimena da saloufest, gazteei plan erakargarria aurkezten diena: kirola eta festa, baina, batez ere, festa. Gazte batzuek kirola egiten duten bitartean, besteak mozorrotuta ibiltzen dira kirol instalazioetan zehar, eta gehienek edaten pasatzen dute eguna. Gauero, taberna eta pubak mozorro festak antolatzen dituzte, eta, horrela, mozorroturik, gazteak kaleetan zehar ibiltzen dira abestuz eta edanez. S hirukoitzaren bila datoz: sol, sangria, sexo. Neurrigabekeria da nagusi.

Egia esan, saloufest ekintza antolatua da, baina gai zabalago baten barnean sartzen da, “turismo de borrachera” deitua. Halere, Salouko udaletxeak ez du onartzen festa hau turismo mota horrekin alderatzerik; izan ere, ezin dugu ahaztu ekimen honen prestaketan kolaboratzen duela. Bozeramaile batek esan zuenez, kirolean oinarritzen da ekintza hau, eta gazteen gaueko dibertsioarekin guztiz bateragarria da. Gainera, ezbehar larririk ez zela gertatu jakinarazi zuten, zaratek bizilagunak molestatu izana posible izatea onartuz. Ekimen honen bederatzigarren edizioan, neurri gehiago hartu dira ezbeharrak saihesteko asmoz eta dispositibo polizial kopurua handitu egin da, kontrol gehiago ezartzeko helburuarekin.

Baina zergatik egia arbuiatu? Argi dago “mozkor-turismoa” kontsidera daitekeela. Estatu batuarrak Mexikora joaten diren bezala, britainiarrak Espainiara joaten dira euren herrialdean egin ezin dutena egitera. Bi turismo mota daude, jatetxe eta hotel garestietan dirua xahutzen duena, eskupekoak uzten dituena… eta gazteagoen turismoa, merkeenaren bila eta parranda gosez joaten dena oporretara. Biek diru ekarpen handiak ematen dizkiote ekonomiari, eta, krisi garaian egonda, enpresariak ez daude ezer ukatzeko egoeran. Espainiako kostak, eguraldi onagatik, ohiturengatik, janagatik… gazteentzako paradisu bihurtu dira. Antolatuta -edo antolatu gabe- herrialdeaz duten irudia berdina izaten jarraituz gero, parranda egiteko asmoz etortzen jarraituko dute.

argazkia: larazon.esFesta honen ondorio aipagarrienetakoa iruditzen zait gazte batek beste bati bortxaketagatik eginiko salaketa; izan ere, komunikabideetan ezagutzera eman den informazioaren arabera, neskak, alkoholaren eraginpean egoteagatik, gertatutakoa ez oroitzea onartzen du. Bestalde, mutilak, biek onartutako harreman sexualak izan zirela ziurtatzen du. Bakoitzak pentsa dezala nahi duena, baina ez da oso logikoa zure neurrigabetasunak eragindako egora batean zer gertatu gogoratu gabe salaketa bat egitea.

Zer da errazena? Gazteei errua botatzea, noski. Baina zergatik datoz hona mozkortzera? Edarietan eskaintza bereziak aurkezten zaizkielako, egunsentirainoko festa dagoelako, euren herrialdean touroperadorek ematen dien Espainiari buruzko ideiagatik, hoteletako “dena barne” eskaintzengatik… Beraz, nork du hiritarrentzako hain desatsegina den turismo mota honen nagusitasunaren errua? Krisian gaude, eta krisi egoeran guztiz normala da hotelak, pubak, tabernak eta diskotekak gazte hauek erakarri nahi izatea, euren lokaletan dirua uzteko. Baina enpresarien horren beharra, agian, administrazioak neurriak hartuz gero, amaitu egingo litzateke. Horretaz gain, kostako leku turistikoei buruzko beste irudi bat ematen saiatu beharko litzateke, horrela, beste turismo mota bat erakartzeko.

Hala ere, niri festa honek Sanferminak dakarzkit gogora. Hain ezaguna den festa honetako ondorioak antzekoak direla esan daiteke: hemengo naiz kanpoko gazteak mozkortuta, oka kaleetan zehar, zatarra…; ez dut inoiz ikusi, ordea, festa honi buruzko hainbesteko eskandalurik. Sanferminetan festa giroa dago, hiri guztiak goza dezakeena. Horrek zeresan handia du nire ustez.

Amaitzeko, badakit oso erraza dela nire etxeko lasaitasunetik gai honi buruzko iritzia ematea, gazte britainiarrik gabe nire etxeko atari ondoan oka eginez edo gauean eurek sortutako iskanbila entzun gabe. Niri herrialde batera mozkortzeko helburuarekin joatea tamalgarria iruditzen zait. Are gehiago zure burua kontrolatzen jakin ezean; izan ere, oso ondo dago herrialde bat ezagutzera joatea, eguraldiaz eta hondartzaz gozatzea eta gauean parrandan ibiltzea, baina kontrolatzen jakinda. Halere, oso garbi daukat gazte horiek zerbaiten bila datozela, eta bilatzen ari diren hori hemen aurkituko dutela ziurtatu zaiela.

La noria izeneko Tele5ko telebista saioan, gai honi buruzko eztabaida izan zuten:

Bibliografia:

Comments { 1 }

Zer dago gaur erretzeko?

zigarroakNork ez du inoiz tabako hitza entzun bere inguruan? Egun, beste zenbait hitzen artean, gehien entzuten ari dena dela esan dezakegu. Alde batetik, sor dezakeen kaltearengatik, minbizia esate baterako; bestetik, gai honekiko ateratzen ari diren lege berriak zeresan handia ematen ari direlako. Baina ba al dakigu gai honen guztiaren atzean zer ezkutatzen den? Zenbait informazio bildu dut gai honi buruz hitz egiteko eta daturen bat argitzeko.

Hasteko, esan beharra dago tabakoa Amerikan aurkitu zela lehen aldiz, eta bertara joan ziren europarrek botika moduan ekarri zutela beraien lurraldera. Hasierako erabilera hartatik urrun dago gaurkoa; izan ere, egun, droga moduan hartua egoteaz gain, negozio huts-hutsa dela esan dezakegu.

Ba al dakigu izena nondik datorkion? Aspaldi batean, Amerikako lurralde bakoitzak, hau da, bertako tribu bakoitzak bere modura deitzen zion. Adibidez, Aztekek pisietl deitzen zioten; Maiek, kutz, eta Brasilen petum izenarekin ezagutzen zen. Europara lehen aldiz ekarri zutenean, Jean Nicot enbaxadorea zegoen horren arduradun. Honek Frantziako gorteetara eraman zuen, eta agintean zegoen Catalina de Medicis erreginari hura erakutsi zion. Honek gustura hartu zuen Ameriketatik ekarritako produktu berri hura. Hortik aurrera, frantsesek Nicotina de tabacum deitu zioten. Baina hori XVII. mendean izan zen. Gaur egun, XXI. mendean, tabako (informalki zigarro, nahiz eta gauza bera ez izan) izenarekin gehiago ezagutzen da.

Galderekin aurrera jarraituz, ba al dakigu benetan zerk osatzen duen erretzen den zigarro bakoitza? Eta ba al dakigun zein den halako menpekotasuna sortzen duen osagaia? Tabakoaren menpekotasuna sortzen duen oinarrizko osagai aktiboa nikotina da. Osagai hau droga leunak taldearen barnean kokatuta agertzen da. Komeni da jakitea, denok nikotina ezagutzen badugu ere, horretaz aparte, tabakoak beste zenbait sustantzia kaltegarri ere badituela: alkitranak (minbizia edukitzera eraman dezakeen sustantzia marroia, biriketan pilatuta aurki dezakeguna), irritatzaileak (arnas aparatuari eragiten dion toxikoa), eta karbono monoxidoa (odolaren bitartez oxigenoa gure gorputz osora hedatzea oztopatzen duena).

Tabakoaren efektu negatiboen artean, biriketan arazoak, nekea, larruazalaren zahartzea, zenbait zentzumenen galera (dastamena eta ukimena) aurki ditzakegu, besteak beste. Hori gutxi balitz, menpekotasun fisikoa eta psikologikoa eragiten du eta, batzuetan, honen eraginez, jendeak erretzeari uzten dionean, antsietatea, irritabilitatea, kontzentratzeko arazoak, buruko mina… agertzen dira.

Espainian gehien kontsumitzen den droga dugu (hiritarren %36 erretzaile da). Azken urte hauetan emakume erretzaileen ehunekoa modu esanguratsuan igo da, gizonenen portzentajeari gailenduz. Euskaldunen %60, 15-79 urtekoen artean, noizbait tabakoaren kontsumoan erori da. EAEn,  %42k egunero erretzen du.

Lehen adierazita geratu den moduan, tabakoak menpekotasuna sortzen du. Hau jakinik, nola da posible jendeak erretzea? Jarraian labur-labur azalduko dizuet zer den tabakoak sortzen duena, zergatik erretzen den gaur egun, zeintzuk diren kontsumitzeko bideak, zeintzuk diren epe motzean sortzen dituen efektuak, eta egoki kontsumitzen ez denean sor daitezkeen arriskuak.

  • tabakoaren osagaiakErretzen denean: nerbio-sistema estimulatu egiten da, eta tabako hosto lehorrei alkitrana, karbono monoxidoa, arseniko eta nikotina (mendekotasun sortzailea) eransten zaie.
  • Bilatzen diren efektuak: garrantzitsua eta helduagoa sentitzea (batez ere nerabezaroan), lasaitzea, erlaxatzea, eskuetan zerbait edukitzea…
  • Kontsumitzeko moduak: erre edo murtxikatu.
  • Epe motzeko efektuak: musu gutxi jasotzea (hatsak eta ahoak usaina izaten dutelako), eztarrian azkura sortzea, hortz eta hatzen horitzea, pertsonaren kontsumitzeko moduaren araberako erlaxazio edo bizkortzea, odol hodien estutzea, arnasa hartzeko zailtasunak izatea…
  • Kontsumo ez egokien arriskuak: azkarregi nekatzea, arnas sistemaren narriadura eta zirkulazio sistemaren narriadura, faringitisa, mendekotasun psikologikoa eta abstinentzia sindromea.

Hau honela izanik, eta mundu honetan denak erretzaileak ez direla kontuan hartuz, tabakoaren “aurkako” zenbait lege atera dira. Hasteko, tabako paketeetan, hainbat mezu idazten hasi ziren eta, jada, pakete guztiek dute mezuren bat zein beste (“erretzea txarra da zuretzat eta zure inguruan daudenentzat”, “erretzeak biriketako minbizia ekar dezake”… ). 2006. urtean, estatuak lege berri bat atera zuen. Lege honen esanetan, lokaletan bi eremu bereizi behar ziren: erretzaileentzako eremua eta ez erretzaileentzako eremua. Tabernetako jabeek euren lokaletan zer egin zitekeen aukeratzeko ahalmena izan zuten:  zenbait tabernatan debekatua zegoen erretzea eta beste batzuetan, aldiz, betiko martxan jarraitu zuten.

Beñatek (Tabakismoaren amaiera: “Impossible is nothing”) eta Alejandrok ( Barruan ezin bada, kalera irten beharko!) artikulu banatan adierazi zuten bezala, 2010. urtean lege berri bat jarriko da indarrean. Erretzaileek ezin izango dute toki publikoetan erre, tabernetan esate baterako. Beraz, zigarrotxo bat erre nahi izango duen guztiak kalera atera beharko du.

Nolanahi ere, nire iritziz, lege berri honek ez du eragin handirik izango, egongo baita beti lekuren bat arau hori beteko ez duena; ederki asko dakigu denok ez ditugula mota honetako arauak betetzen. Bestalde, ondo deritzot erretzen duen pertsonak kalera atera behar izateari; erretzen ez duen pertsona batek ez baitu zertan erretzen duen baten ke guztia irentsi.

Comments { 1 }

ASPIBek Euskadiko skate gunerik ezagunena mantentzea lortu du

ASPIBAsociación de Skateboardears de la Plaza de Ibarrola de Basauri, hauxe da sigla horiek esan nahi dutena, eta Iñigo Rodriguez Bisairak sortu zuen, Basauriko plaza hau suntsituko zutela entzun zuenean. Plaza hau, EMB izenaz ezagunagoa dena, betidanik izan da skater askoren jomuga. Orain dela 5 urte udaletxeak kirol honen praktikarako egokitu zuen plaza zintarriak burniz babestuz, baranda bat jarriz, eta abar. Udaletxeak aldaketa hauek egin zituenetik, egunero plaza honetan gora eta behera ibiltzen direnek ez dute haien berririk izan. Esan beharra dago, gainera, kirol hau praktikatzen dutenen artean plaza hau oso ezaguna dela eta profesionalen hainbat bideotan ere agertzen dela.

Orain dela hilabete pare bat atzera, ordea, plaza skaterako debekatuko zutela entzun zuten. Batzuek ez zuten sinetsi nahi izan; beste batzuek, ordea, aurretik aipaturiko asoziazioa sortu zuten. ASPIBen helburua sinadurak jasotzea izan zen, EMBaren alde zeuden skater eta ez skater Dibujoembguztien sinadurak lortzea hain zuzen ere, udalak ikus zezan arazoak izango zituela bertan skatea debekatzen bazuen eta, horretaz gain, ohar zedin jende asko zegoela plaza honen alde. Helburua lortu dute, antza denez; izan ere, Ibarrola plaza skaterako irekia mantentzeaz gain, berritu ere egingo dute kirol honen praktika errazteko.

Oso harrigarria iruditzen zait kirol honekiko dauden aurreiritziak. Kirol hau gertutik bizi arte, pertsona askok du aurkako pentsamendu bat, ezin ds ulertu nola maite dezakegun lau gurpiletara loturik dagoen ohol bat. Baina hala da. Egur zati honek behar dugun guztia ematen digu: zirrara, urduritasuna, poza eta lagunak (ohol baten gainean dagoen edonor laguna baita). Hau egiaztatzeko era bakarra skatea dastatu eta guk sentitzen dugun “maitasuna” sentitzen hastea da; halere, ez da edonorentzako kirola, mina, nekea eta jendearen aurkaritza jasan behar baitira.

skate10Arestian aipatutakoa kirol honekiko dagoen kontrako jarreraren adibide bat besterik ez da. Egunero milaka gaztek poliziaren kolpeak, isunak eta ingurukoen irainak jasaten dituzte. Hemen ikusten ez badugu ere, eguneroko gauza da beste toki batzuetan. Nik, idatzi txiki honen bidez, nire iritzia azaldu eta ezjakin zaretenoi skatearen munduan zer gertatzen den aditzera eman nahi dizuet. Ibarrola plazaren kasua, esan bezala, adibide bat baino ez da. Zoritxarrez, ez da itxi nahi duten bakarra. Hortxe dago Bartzelonako MACBA plaza ere, eraldatzen hasi direna, skatea praktikatzea ezinezkoa bihurtuz. Honek Bartzelonari kalteak besterik ez dizkio ekarriko, gaur egun, Europako skate mailan, punta-puntakoa den hiri bat baita Kataluniako hiri nagusia, eta bere turismoaren zati handi bat skaterrek betetzen baitute.

Amaitzeko, zera esan nahi nuke: skatea kirol bat gehiago da, errespetua merezi duena. Beraz, futbol zelaiak eta frontoiak hain ugariak badira, zergatik ez skate parkeak?

Comments { 1 }
-->