Tag Archives | arazoak

Ez dut ezkondu nahi: umea naiz! (I)

UNICEFek urteko argazki aukeratu zuen 11 urteko neska afganiarra eta 40 urteko gizonaren arteko ezkontza agertzen duen argazki hau.

Esan dezakegu ezkontza bat behartu eta goiztiarra dela bi pertsonen baimena gabe aurrera eraman eta presioa zeremoniaren zati denean. Ezkontza behartuetan, “wali” deritzon hirugarren pertsona batek ematen du baimena, umeen aukeratzeko eskubidea urratuz, ezinezkoa baita haur horiek erabaki zentzudun bat hartzeko adina helduak izatea.

Hegoaldeko Asia eta Saharan azturazko dira behartutako ezkontzak. Intervidaren azken txostenaren esanetan, Bangladeshen, 51 emakumeekiko 15-19 urte bitarteko 5 mutil daude ezkonduta; Malin, 5 eta 50 artean kokatzen da gazte ezkondu horien kopurua eta, Guatemalan, 8 eta 24 bitartean. Afaganistan eta aipaturiko lurralde horietaz gain, Indian, Yemenen, Nepalen, Etiopian, Chaden eta beste hainbat txoko afrikarretan, Mexicon, Colombian eta Perun ere jazotzen dira modu horretako ezkontzak. Dirudienez, munduko 70 herrialde azpigaratu baino gehiagotan gertatzen dira. Hala ere, umeen eskubide eta ongizatearen gaineko Karta Afrikarrak espresuki onartzen du neskatxen ezkontza goiztiarrengandik babesteko eskubidea, giza jardunbide kaltegarria baita. UNICEFek dioenaren arabera, ordea, une honetan 10 eta 17 urte dituzten neskatilen arteko 82 milioi ezkonduko dituzte 18 urte bete aurretik. Afganistanen, neska gazteen %16 ezkontzen da 15 urte bete baino lehen. Zoritxarreko ezkontza behartuak dira eta senarrek maite duten beste emazte bat aukera dezaketen arren, emazteek ez dute aukerarik. Ezkontzeko gutxieneko adina emakumeentzat 16 urte eta gizonentzat 18 urte izanagatik ere, adin txikikoen ezkontzak %43 dira.

Ez pentsa, baina, ezkontza behartuak lurralde “txiroetan” baino ematen ez direnik. Alemanian, esaterako, neska gazte etorkinen artean, %20-30 ezkontza horien erruz joaten da etxetik. Bestalde, Britainia Handiko Barne Ministerioak ezkontza behartuen 1.000 kasuri egin behar izan dio aurre azken lau urteotan.
Igarotzen den minutu bakoitzeko, 156 neskatxa behartzen dira ezkontzera, 40 nerabe geratzen dira haurdun eta 14-15 urte bitarteko 5 neska kutsatzen dira hiesaz. Haatik, ez dira neskak usantza hau pairatzen duten bakarrak, kasuen %15en gizonak baitira ezkontzera behartzen dituztenak.

Warren Jeffs, Texaseko arrantxoa maneiatzen zuena, 10 urteko kartzela zigorrera kondenatu zuten eta epaiketa gehiagoren zain dago.

Noizbehinka entzuten ditugu zentzugabekeria honen aurkako ekintzak eta albisteak; dena den, beti izango dira urriegi. Horien artean, Texasen gertaturikoa dugu, non 137 adin txikiko aske geratu ziren sexu gehiegikeriak nozitzen zituzten arrantxo batetik. Halaber, Habibari agitutakoa dugu. 13 urteko neska bizkor hau 23 urteko gizon batekin egongo litzateke une honetan ezkonduta bere gelakideen salaketa tartean izan ez balitz; izan ere, bere lagunak izan ziren superintendenteak legea aplika zezan lortu zutenak eta, oraingoz, ikasten jarraitu ahal izango du. Ez zuen zorte bera izan Afganistango hiru urteko neskatila batek, ostera, zazpi urteko bere lehengusuarekin ezkontzera behartu zutenean. Baby Pathani, 13 urteko pakistandarra, aitak enparatu zuen aitonak erabakitako ezkontza baliogabetuz. Alabaina, prezio bat ordaindu behar izan zuten eta bai aitona aitona eta baita hirurogei urteko ezkontidea ere zigorrik gabe geratu ziren. Beste kasu bat S-rena dugu, jatorri bangladeshtarra duen neska britainiar batena. 16 urte zituelarik, te kikara bat edan eta seko lo geratu zen. Esnatu zenerako, familia osoarekin Bangladeshera joateko hegazkin bat hartzeko zorian zegoen aireportuan. Atzipetuta eraman zuten bertara eta ukatu arren, gizon batekin ezkondu zuten. Hainbat katramilaren ostean, jazotakoa aitortu zuen eta orain ezkontza baliogabetzea planteatzen ari da. Hauek guztiak kasu solte batzuk baino ez dira… (jarraipena, bihar)

Comments { 0 }

Abortua zazpi urtetan bikoizturik

erabakitzeko eskubideaBa al zenekiten, 2007. urtean, 112.000 abortu baino gehiago egin zirela estatu mailan? 2000. urtean egin zirenen bikoitza, eta hauetatik 15.000 hemeretzi urte baino gutxiago dituzten emakumezkoetan izan ziren. Harrigarria, ezta? Abortu gehienak klinika pribatuetan egin dira, %98 hain zuzen ere; gainontzekoak, aldiz, publikoetan. Dena den, datu aipagarrienetako bat izan daiteke abortu horietatik guztietatik 10 besterik ez direla bortxaketagatik izan. Umea galdu nahi duen emakumea bikote eta haurrik gabea, ikaslea eta hogeita bost urtez beherakoa izan ohi da.

Espainia mailan gaur egun abortua hiru kasutan baino ez da legala: haurdun dagoen emakumearen osasuna edo bizia arriskuan dagoenean, bortxaketa kasuan edo fetua gaizki eratua badago. Gainerako kasu guztietan ilegala da. Planeta osoa kontuan hartuz gero, herrialde garatu gehienetan librea da abortua, hau da, legediaren aurrean onartua dago.

Egun, gizartea bost talde ezberdinetan dago banatua: muturreko ideologia kontserbadorea dutenak, ideologia kontserbadore moderatudunak, erdibideko jarreradunak, liberalak eta, azkenik, muturreko liberalak. Gizartean, beraz, abortuaren inguruko iritzi ezberdinak daude; izan ere, ez dute iritzi bera izango katolizismoa praktikatzen duen pertsona batek, eta abortua aurrera eramaten duen ginekologo batek, esaterako. Lehenengoak abortua ez luke inolako kasutan onartuko, eta hurrengo eguneko pilula hartzea ere abortutzat joko luke. Bestalde, gero eta gehiago dira pilula honen bila doazen gazteak, bai preserbatiboa hautsi zaielako eta baita metodo antisorgailurik erabili ez dutelako ere. Batzuek ez dakite pilula hau hiru egun baino lehenago hartu behar dela; beste batzuek, ordea, ez dute pentsatzen pilula honen gehiegizko erabilerak zein eragin dituen, eta pilula hau antisorgailu modura erabiltzen duen gazterik badago.

hurrengo eguneko pilulaKomeni da esatea azken urte hauetan gehien erabiltzen den antisorgailua gizonezkoen preserbatiboa dela. Honek %97ko eraginkortasuna du, bai haurdunaldia eta baita sexu-transmisiozko gaixotasunak ekiditeko orduan ere; horretaz gain, erraz eskura daiteke farmazia edo tabernetako makinetan. Pilula antisorgailuak ere asko erabiltzen dira.

Ni abortu librearen aldekoa naiz. Ez zait iruditzen honekin umea galtzera bultzatzen denik; izan ere, abortatu nahi duenak hemen edo hemendik at berdin-berdin egingo duelakoan bainago, baina bai ekidin daiteke gerora begirako hainbat arazo. Iruditzen zait norberak ikusi beharko lukeela zer den komenigarri berarentzat.

Comments { 2 }

Eta garapenak norabidea galtzen badu?

gorpuaDudarik gabe, XXI. mendea teknologia berrien mendea izango zela esan zuenak bete-betean asmatu zuen; izan ere, prentsara jotzen dugun bakoitzean ia beti aurkitzen dugu aurkikuntza berri baten inguruko artikuluren bat edo beste. Artikulu horietan arlo guztietako idorokundeak aurki ditzakegu; gure gustura molda daitekeen robot bat, tekilatik abiatuta diamanteak lortzea… , baina gehien interesatzen zaizkigunak medikuntza arlokoak izan ohi dira, beldurra sortzen duen heriotza saihestu edo bizitza erosoagoa bezalakorik ez baitago. Hona hemen azkeneko berriak:

Gehienok entzuna izango duzue Bartzelonan farmakorik gabe eginiko lehen trakea transplantearena. Miraria hildako emaile baten trakea eta gaixoaren ama zelulen erabilpenean datza. Horrela, gaixotasun baten ondorioz ezkerreko birikarik gabe geratzera zihoan emakumea operatu, eta hamar egunetara etxean egotea lortu dute; izan ere, aurrerakuntza honek gorputzak transplantea errefusatzearen ondorioak aurrezten baitu.

Hala ere, japoniar zientzialari batzuk urrutiago iritsi dira. Kaltzio fosfato hautsa, ur destilatua eta likido solidatzailearen arteko nahasketa batekin nahi diren neurriko hezurrak egitea lortu baitute. Kaltzio fosfatoa benetako hezurren material berdina izanik, hildako hezurrak erabiltzea saihesten da.

Hori guztia gutxi balitz, Kaliforniako Teknologia Institutuak hamar minutu baino gutxiagotan odol tanta batean gaixotasun kardiobaskular eta minbiziaren presentzia detektatzen duen txip bat garatzea lortu du. Orain arte minbizia detektatzeko prozesuaren iraupena ezagututa, benetako aurrerakuntza hori ere.

zahartzaroCelle-2 aldizkariak honako beste hau argitaratu du: ADN txip batzuen garapenari esker, ugaztunetan zahartze prozesua baldintzatzen duena sirtuin izeneko proteina dela baieztatu da. ADNaren narriadura dela eta, aktibatu gabe egon behar duten geneak aktibatzen direnean, sirtuin proteinak ezin du bere lana ondo egin, bere lana espresio genetiko egoki baten erregulazioan baitatza. Hortik abiatuta, aldizkariak zahartzaroaren mekanismo unibertsal bat proposatu du, izaki guztiengan berdina dena; izan ere, eboluzioan zehar mantendu den mekanismo batez hitz egiten ari gara.

Aurreko aurkikuntzan oinarrituta, saguekin egindako ikerketek bere emaitza eman dute. Sirtuin gehiagoko saguetan ADNaren konponketa eraginkorragoa da, saguen bizi itxaropena %24-46 artean areagotuz.

Hotzikara eragiten du urte gutxiren buruan zahartzaroaren aurkako sendagarria eskura edukiko dugulako ideia soilak, edo ama zelulen bitartez txarto daukagun organoren bat bere kopiaz ordezkatzeak. Sentsazio horrek aipatutako guztiari oztopoak jartzea ekartzen du; izan ere, aurrerakuntza horiek guztiak onerako erabil daitezkeen bezalaxe txarrerako erabil baitaitezke. Alfred Nobel dinamitaren asmatzaileari galdetu besterik ez dago.

Teknologia berrien abiadura eta gizakiak hori guztia onartzeko prozesuak behar duen denbora eskutik ez doazenean, modu batera edo bestera, saihestu nahi ditugun hanka sartzeetan erortzen garela iruditzen zait. Halaxe esan zuen Albert Einstein zientifiko alemanak ere bere garaian:

“Zergatik ematen digu hain zoriontasun gutxi lana aurreztu eta bizitza errazten digun teknologia zientifiko bikain honek? Sinpleki hauxe da erantzuna: oraindik zentzutasunez erabiltzen ikasi ez dugulako.”

Informazio gehiago:

Comments { 3 }
-->