Tag Archives | arazoak

Handien indarra, handien agintea

Merkataritza-guneaGero eta gehiago dira, eta gero eta jende gehiagok hartzen du bertan erosketak egiteko erabakia. Ez, ez naiz ari auzoko denda txikiei buruz, normalean hiriburuetan edo hiriburuen inguruan kokatzen diren merkataritza-gune handiei buruz ari naiz. Argi dago, noizbait, denok joan garela eta joaten jarraituko dugula pabilioi handi hauetara, baina inoiz pentsatu al dugu horrek denda txikiengan izan ditzakeen ondorioez?

Zalantzarik gabe, ez da burura etortzen zaigun lehen kezka, erakusleihoan ikusten ditugun erdi prezioko prakek hori guztia pentsatzea galarazten baitigute. Baina egia da kaleak ez liratekeela berdinak izango denda txikirik ez balego. Ziurrenik, askoz jende gutxiago ibiliko litzateke hara eta hona, eta hormak batere erakusleiho eta, ondorioz, inongo argirik gabe, karrikak pareta tarte soil bat izatea eragingo zuten.

Onartu beharra dago zentro komertzial hauek aurrera ateratzeko, langile ugarik egin behar dutela lan bertan, hots, langabe kopuru handi batek langabe izateari uzteko aukerak ematen dituztela. Horrez gain, eskaintzen dituzten aukerak anitzak dira: denda ezberdin ugari bata bestearen ondoan, zinema, jatetxe eta horrelako hainbat toki, aukera handia produktuak hautatzeko orduan, hainbat eskaintza, zerbitzu ezberdinak (aparkalekua edo komun publikoak, esate baterako), ordutegi paregabea lanak ordu asko jaten dizkionarentzat… Hala eta guztiz ere, onerako edo txarrerako, aukera anitz horien artean ezin dugu saltzaile eta erosle arteko harremana aipatu, beharbada, merkatal zentroetako aire girotuek hoztu dutelako, edo zentro komertzial hauetako jende kopuru altuak harreman hori posible ez izatea eragin duelako.

Dendak kaleanDena den, eremu erraldoi horiek ez dira enpresa txiki horiek dituzten aurkari bakarrak, kontuan hartu beharrekoa baita mundu hau gero eta globalizatuagoa izatearen eragile nagusia den Internet. Euskal Estatistika Erakundearen arabera 2007an gehien bisitatu ziren orrien artean egunkari digitalak eta mezularitza orriak nagusitu ziren arren, gisa honetako orri ezagunetariko bat ere aipatu beharra dago, rankinean 18. postua lortu zuena, ebay hain zuzen ere. Izan ere, gaur egun gero eta erosketa gehiago egiten dira amaraunean nabigatuz, horretarako bereziki prestatutako orrietan, non bakoitzak bere salmenta eta erosketa propioak egin ditzakeen klik soil bat eginez. Baina ez hori bakarrik, erosketak egiteko erosotasun eta azkartasunaz gain, Internet bidez lan egiten duten enpresa hauek aukera ugari eskaintzen dituzte: beherapen txundigarriak, etxetik mugitu gabe produktuaz gozatzeko aukera…

Baina fidatzen al gara geure ordenagailuan ikusten ditugun saltzaile eta prezioez? Badirudi baietz, gero eta gehiago baitira etxetik bere erosketak egitera animatzen direnak.

Hitz gutxitan esateko, bistakoa da urteak aurrera doazen heinean, gauzak aurrerantz edo atzerantz aldatu egiten direla. Gainera, batzuen onerako eta besteen kalterako, bide beretik jarraituko dutela argi dago. Edonola ere, ahaztu ezinezko zerbait da neurriaren kontua, txikiak ezin ditugulako ahantzi handiek agintzen jarraitu arren.

Comments { 13 }

Edertasuna = argaltasuna

argaltasunaDenboraren joanak gizakiaren lehentasunak aldatu ditu. Mundu berri bat eraiki du, baina mundua ez dago denon neurrira egina. Batarentzat, txikiegia; bestearentzat, handiegia… Ipar mundu kapitalista honek askea izan nahi duen arren, gizakiak gizartearen neurrikoa izan nahi du, mugatua. Lehen norbanakoaren helburua biziraupena bazen, orain norgehiagoka da.

Dema honen frogetako bat bullyinga dugu. Aurrez ere existentzia izan duen arren, denboraren poderioz irten da argitara. Halabeharrez, guztion auzoetan lortu du presentzia azken bolada honetan. Biktima izatearen arrazoia desberdina izatea da. Gizartearen kopia ez dena, taldetik kanpora! Biktima hauetako asko gizenak dira. Gizartearen peskisan: itsusiak, desberdinak, arraroak… Inposatu dugun rola bete ezean, ez dugu lekurik, eta, ondorioz, hauetako askok irtenbide bat aurkitzen dute. Onartuak izateko argaltzea dute oinarrizko baldintza, zigorra. Argaltzetik gehiegi argaltzera, ordea, badago alderik.

Asko eta asko mugaren ertzeraino heltzen dira. Anorexiaren hatzaparretan erortzen direnen %95 emakumezkoa da. Normalean, nerabezaroan egiten dute irrist, baina 20tik 30 urte bitartera ere ohikoa izaten da. Gaixoak dira gaixoak… Gizarteak behartu ditu sufritzera eta hauek men besterik ez dute egin. Zergatik kondenatzen ote dugu emakumea ederra izatera?

gehiegizko argaltasunaTristea den arren, denok edo gehienok dugu helburu hau: klon bat gehiago izatea. Dendetako erakusleihoetan kalera begira dauden manikiak dira perfektuak: argalak. Ez gara ohartzen, baina, neurri utopiko batzuk baino ez direla. Edonola ere, ez dira horren neurri irrealak ere. Aurtengo Cibeles Pasarelako antolatzaileek, esaterako, iazko parte-hartzaileen %30ari ateak itxi behar izan dizkiote, ez omen dute nutrizioan adituak direnek ezarritako baldintzak betetzen. Gutxieneko gorputz masa %18 izan behar dute osasuntsuak izateko eta, dirudienez, iazko %30 gaixoa da. Egia esan, aurrera pausu bat dela deritzot gaixoak izatera bultzatzen gaituen burugabekeria honi hegoak mozteari, baina honek ere badu kontraesanik: %17ko gorputz-masa duena osasuntsua ez bada, %18 duena ba ote? Eurak dira modeloak eta ereduak. Guk ere politak izan nahi dugu. Beraz, argalak. Hor dago arazoa.

Hala eta guztiz ere, ez dugu zertan hain urrun joan gizarteak daraman norabideaz jabetzeko. Arazo honen partaide eta demostrazio ez dira bullyingaren biktimak, anorexikoak eta mundu osoko pasareletan zeta finen euskarritzat gorputz argalak dituzten neskatilak soilik. Lagun batek hala aireratu zuen mahaiaren bueltan afari lege bat egiten genuen bitartean. Kalean zihoala bi emakume helduk topo egin eta batak besteari esan omen zion: “Jesus neska, zeinen dotore zauden! Argaldu egin zara, ezta?” Bestea orduan, azken hilabetean bi kilo irabaziak zituela jakinaren gainean egonagatik, inoiz baino zoriontsuago joan zen kalean aurrera, noizean behin, eta horietan justu-justu, hitz egiten zuen ezagunarekin hitz aspertuan aritu ondoren.

Kontuak kontu, gu gara gizartea, gu gara errudunak eta baita biktimak ere. Guk geuk inposatu dugun eredu edo prototipo argal honek gizartean onartuak izateko legeak ezarri ditu. Dena den, hain garatua iruditzen zaigun gizakiak askea izan nahi omen du. Har dezala, bada, gizarteak berak hitza. Klon bat gehiago? Ez, eskerrik asko!

Comments { 8 }

Zaborrak espazioan, usteak erdi ustel!

bee-hive-5_h11-1Izan al duzue inoiz espazioko zaborraren berri? Ez dakit jakingo duzuen, baina satelite, espazio-ontzi eta honelakoetatik askatutako objektuak biraka dabiltza espazioan sortuak izan ziren zereginetarako funtzionatzen ez dutelako, ezin direlako konpondu edo besterik gabe askatu egin direlako. Zer egiten da zabor espazial horrekin? Bada, ez da ezer egiten eta orbitan gelditzen da.

Ba al dakizu dagoeneko 8.000 objektu daudela orbitan espazioan? Urtetik urtera, gainera, kopuru hori 175ean handitzen doa. Aipatutako zaborra neurri askotakoa izan daiteke: zentimetro bateko piezetatik hasi eta hamar zentimetrokoetara iritsi arte. Jakina, zein baino zein arriskutsuagoa eta badirudi ez garela horretaz ohartzen. Jakin beharko genuke espazioan gelditutako zabor hori erabat arriskutsua dela beste satelite aktiboentzat. Adibide bat ipintzearren, espazioan orbitan dabilen Meteosat sateliteak zabor horietako batekin talka eginez gero, automatikoki hondaturik geldituko litzateke.

upperstage_explosionEta zergatik ezin da zabor hori hemengoa bezala suntsitu? Zoritxarrez, gizakiak gaitasun askoz ere handiagoa du zaborra sortzeko deuseztatzeko baino. Ondorioz, besterik egin ezean, zabor espaziala orbitan gelditzen da denbora luzez, lurreko atmosferarekin kontaktuan sartu eta, balaztatu ondoren, lurrera erori arte. Lurra jo orduko, zaborra hauts bihurtzen da.

Gizakia 1957tik darama kontaktuan espazioarekin, eta, harrezkero, gauzak izugarri aldatu dira. Astronautek, esate baterako, objektu asko galdu dituzte azkenaldi honetan: orraziak, hortzak garbitzekoa, eskularruak, golfeko pilotak, kamarak… Harrigarria, ezta? Objektu hauetako batzuk lurrera iritsi eta hauts bihurtu dira…

Comments { 8 }
-->