Tag Archives | bulimia

Arroparen neurria? Zenbaki bat besterik ez!

Lehengo egunean, gau ilun hauetako batean, gustuko dudan gai baten inguruan ikertzen hasi nintzen, moda, alegia. Kontua da, halako batean artikulu bat aurkitu nuela eta, itxura ona zuenez, irakurtzeari ekin niola. Bat-batean, bukatzen ari nintzenean, zur eta lur utzi ninduen esaldi bat irakurri nuen. Hona hemen esaldi horrek zioena:

“Soineko hori ez dago zuretzat egina, ez zaizu sartzen, 36a da”

Argazkia: FlickrCC, Rega Photography

Argazkia: FlickrCC, Rega Photography

Ba al dakizu zertaz ari naizen? Seguru aski halaxe izango da! Kontuak kontu, esaldi hori saltzaile batek arropa begiratzen ari zen neska bati zuzen-zuzenean bota zion, lotsarik gabe. Baina nola da posible hain bargasta izatea? Noiztik diseinatzen du disenadore batek 36 neurrira arte bakarrik? Nola sentituko zinateke zu? Ni, behintzat, ez oso ondo. Baina gatozen harira!

Seguruenik hau egoera larri baten hasiera da. Ez da beharrezkoa esatea horrelako egoerak sortzen dituzten gaixotasunak. Anorexia eta bulimia gaur egun gehien ematen diren gaixotasunak dira gizarteak jartzen dituen edertasun arauak kontuan hartzen dituzten gazteen artean. Nik uste dut horrelako esaldiak esaten dituzten pertsonak ez direla konturatzen benetan zer gerta daitekeen. Halaber, egunero iruzkinak uzten dituzten indibiduoak ez dute kontsideratzen egunen batean seme-alabak izango dituztela, eta, agian, hauek ere erasoak jaso ditzaketela.

Argazkia: Wikimedia Commons

Argazkia: Wikimedia Commons

Ez gara ordenadoreak disenatutako robotak, ez gara perfektuak. Gure gizartean, orokorrean, ohituta gaude gaizki begiratzen perfektua ez denari edo gaur egun erakusten diguten edertasuna ez duenari. Denak ez gara berdinak, eta horrek  berezi  egiten gaitu. Beraz, ikasi behar duguna da geure burua maitatzen, garena garela, eta kasurik ez egiten esaten digutenari, nork bere gorputza baitauka.

Laburbilduz, gogoan izan egunen batean denda batean arroparen neurria ez aukitzea gerta dakigukela edo norbaitek esatea lodi gaudela. Ezin gara denak  oso sendoak izan, eta horrelako egoera batean aurrean, badakite zer egin. hala ere, pentsatu behar dugu ahulak ere badaudela eta asko hunkitu ditzakegula. Beraz, hausnartu dezagun pixka bat ezer esan aurretik, eta ziur asko horrek kondizio hau aldatzera eramango gaitu. Bukatzeko, kontuan izan jantziaren neurria zenbaki bat besterik ez dela eta ez gaituela inolaz ere definitzen.

Comments { 0 }

Interneti esker, edozeinek alda dezake mundua klik bakar batekin!

Argazkia: Valentina Carta (FlickrCC)

Argazkia: Valentina Carta (FlickrCC)

Aurreko batean, Change.org izeneko webgune baten berri izan nuen. Gune hau, gobernuari kanpaina bidez eskakizunak egiteko da eta jadanik milaka pertsonek euren helburuak lortu dituzte. Adibidez, orain dela gutxi Madrid Arenan gertatutako ezbeharrean, ama batek bere alabaren bizia galdu ondoren kanpaina bat aurkeztea erabaki zuen, horrelakorik berriz gertatu ez zedin eta 428.739 firma lortu ondoren, bere helburua lortu zuen (hemen duzue informazio gehiago). Orain arte ez nuen webgune honen berririk, eta, oso erabilgarria izateaz gain, pertsona askorentzat benetan lagungarria izan daitekeela pentsatzen dut.

Minutu pare bat irakurtzen igaro eta gero, hainbat motatako kanpainak ikusi nituen; hala ere, harrigarriena ama batek bere alabaren bizia arriskuan jarri zuten web orrialde batzuen salaketa izan zen. Emakume honek webgune horiek debekatzeko edota blokeatzeko eskatzen zuen. Kanpaina horretan, ama honek orain ospitale batean isolaturik dagoen alabaren kasua kontatzen du, eta ezin duela berarekin hitz egin ezta ikusi ere. Amak hitz hauekin azaltzen du bere erreakzioa webgune hauetako edukia lehen aldiz irakurri zuenean, bere alabak horietako bat bisitatzen zuela aitortu ondoren: “Nik ez nekien existitzen zirenik ere, nire alabak horietako bat bisitatu zuela aitortu zidan arte. Ziurtatzen dizuet lehenengo ilarak irakurtzen hasi bezain laster negar malkoak isuri zitzaizkidala eta ilea inoiz ez bezala tentetu zitzaidala. Inoiz irakurri dudan gauzarik izugarriena bezala gogoratzen dut.”

Internet, bulimia eta anorexia aldeko  web orrialde hauez beteta dago, pro-ANA eta pro-MIA izenekoak. Hauetan, pisua galtzeko aholkuak ematen dituzte, baina hauek gazteen osasuna arriskuan jartzen dute: oka errazago egin gurasoak ohartu gabe, zer egin gosea ekiditeko…

Niri ama honek Change.org-ren bidez laguntza eskatzeko izan duen ideia hau oso egokia iruditu zait, eskakizun hauek Justizia Ministeriora doazelako zuzenean eta webgune honen bidez laguntza eskatzea ez delako alferriakoa. Jadanik 170.958 sinadura lortu ditu, baina oraindik 29.042 falta dira helburua lortzeko. Nik neure sinadura bidali dut. Espero dut gehiago lortzea eta ama honen helburua bete ahal izatea. Gogoratu: klik bat eginez, pertsona askoren bizitza alda dezakezu. Hemen uzten dut esteka, sinadura bidali nahi izanez gero, bertan sartzeko.

Comments { 0 }

90-60-90: denok berdin?

anorexia1Gaur egun emakume guztiak ez gara berdinak; izan ere, ez ditugu gustu berdinak, ezta kargu berdinak ere. Adibide bat jartzearren, lanean, bata ministra izan daiteke, eta, bestea, mekanikaria… Hau emakume guztiok berdin pentsatzen ez dugulako edo berdinak ez garelako gertatzen da. Ondorioz, zergatik emakume guztiok 90-60-90 izan beharra daukagu?, modan dagoelako?,  merezi ote? Pasa gaitezen, bada, gaia atalez atal jorratzera.

90-60-90 askotan entzun ditugun neurriak dira. Tamaina hauek emakume perfektua irudikatzen dutela uste dugu, hala esan digute behintzat. Baina benetan emakume perfektu batek horrelako proportzioak izan behar ote ditu? Zer egiteko gai da emakume bat neurri hauek lortzeko edo gure gizartean gaizki ikusita dagoen gizentasunean ez erortzeko?

Emakume eta, batez ere, neska gazte gehienak edozer gauza egiteko gai dira gizen ez egoteko, besteak beste, dietak. Dieta egoki bat egitea eta honi laguntzeko kirol pixka bat egitea oso egokia da gure osasunerako. Gehiago esango nuke: nire ustez, beharrezkoa da osasuntsu egoteko. Dena den, arazoa ez da dieta egitea; izan ere, buruhaustea dietaren aukeraketan baitago. Neska gazte asko ez dira espezialistengana joaten dieta hasi aurretik, beraien aldetik jartzen dira abian. Honek ondorio larriak izan ditzake, batez ere, neska gazte batek ez dakielako bere gorputzari eta osasunari zer komeni zaion. Espezialista batengana joanez gero, gauzak asko aldatzen dira, berak bai baitaki zer den komenigarriena kasu bakoitzean.

anorexia2Guztiarekin ere, afera hau ez da horren larria; okerragoa baita, dieta hasi ordez, jateari uztea. Honen ondorioz, hainbat eta hainbat gaixotasun sortzen da. Horietan famatuenak, eta zoritxarrez entzutetsuenak, anorexia eta bulimia dira. Aurreko urtean, esaterako, Osakidetzak horrelako 557 kasu ezberdin detektatu zituen. Zifrak oso altuak dira, hala ere, esan daiteke urteak joan urteak etorri, kasu gutxiago daudela, 2004an 640 kasu baitzeuden. Hau horrela izanagatik ere, oso altuak dira zenbakiak eta garbi dago zer edo zer egin beharra dagoela kasu berri gehiago ez egoteko.

Emakume guztiek 90-60-90 neurriak eduki nahi izatearen arrazoi nagusienetakoa moda da. Modan jartze horretan, zalantzarik gabe, TELEBISTAK erru handia du, argi eta garbi baitago gazteengan izugarrizko eragina duela. Hau, batez ere, aktore edo bestelako ospetsuen eraginarengatik gertatzen da. Gehienak oso argalak daudenez eta gazteen eredu direnez, gazte guztiek beraien antza izan nahi dute. Ondorioz, argalak egon nahi izaten dute eta jateari uko egiten diote hori lortzeko.

Aipatutakoa, ordea, ez da janaren erdeinua bultzatzen duen eragile bakarra. Moda da garai honetan gazteengan gehien eragiten duen faktorea. Esan bezala, moda oso garrantzitsua da gaur egun gazteentzat eta, horren haritik, pasarelek eta bertan agertzen diren modeloek eragin zuzena dute. Modelo hauetako asko anorexiak jota daude, eta hori da haiek imitatu nahi dituzten gazteak ere anorexian erortzearen kausa nagusienetako bat. Hona hemen bideo bat ikusteko zer nolako ondorioak ekar ditzakeen jateari uzteak:

Aurreko guztia laburbilduz, esan dezakegu emakume guztiak ez garela berdinak eta, ondorioz, bakoitza den bezala onartzea izango litzatekeela egokiena, batez ere, anorexiaren antzeko gaixotasunak saihesteko eta bizitza osasuntsuagoa izateko. Bide horretan, kirola egitea eta jaki osasungarriak jatea da egokiena, eta EZ JANA UZTEA!!!!

Comments { 2 }
-->