Interneti esker, edozeinek alda dezake mundua klik bakar batekin!

Argazkia: Valentina Carta (FlickrCC)

Argazkia: Valentina Carta (FlickrCC)

Aurreko batean, Change.org izeneko webgune baten berri izan nuen. Gune hau, gobernuari kanpaina bidez eskakizunak egiteko da eta jadanik milaka pertsonek euren helburuak lortu dituzte. Adibidez, orain dela gutxi Madrid Arenan gertatutako ezbeharrean, ama batek bere alabaren bizia galdu ondoren kanpaina bat aurkeztea erabaki zuen, horrelakorik berriz gertatu ez zedin eta 428.739 firma lortu ondoren, bere helburua lortu zuen (hemen duzue informazio gehiago). Orain arte ez nuen webgune honen berririk, eta, oso erabilgarria izateaz gain, pertsona askorentzat benetan lagungarria izan daitekeela pentsatzen dut.

Minutu pare bat irakurtzen igaro eta gero, hainbat motatako kanpainak ikusi nituen; hala ere, harrigarriena ama batek bere alabaren bizia arriskuan jarri zuten web orrialde batzuen salaketa izan zen. Emakume honek webgune horiek debekatzeko edota blokeatzeko eskatzen zuen. Kanpaina horretan, ama honek orain ospitale batean isolaturik dagoen alabaren kasua kontatzen du, eta ezin duela berarekin hitz egin ezta ikusi ere. Amak hitz hauekin azaltzen du bere erreakzioa webgune hauetako edukia lehen aldiz irakurri zuenean, bere alabak horietako bat bisitatzen zuela aitortu ondoren: “Nik ez nekien existitzen zirenik ere, nire alabak horietako bat bisitatu zuela aitortu zidan arte. Ziurtatzen dizuet lehenengo ilarak irakurtzen hasi bezain laster negar malkoak isuri zitzaizkidala eta ilea inoiz ez bezala tentetu zitzaidala. Inoiz irakurri dudan gauzarik izugarriena bezala gogoratzen dut.”

Internet, bulimia eta anorexia aldeko  web orrialde hauez beteta dago, pro-ANA eta pro-MIA izenekoak. Hauetan, pisua galtzeko aholkuak ematen dituzte, baina hauek gazteen osasuna arriskuan jartzen dute: oka errazago egin gurasoak ohartu gabe, zer egin gosea ekiditeko…

Niri ama honek Change.org-ren bidez laguntza eskatzeko izan duen ideia hau oso egokia iruditu zait, eskakizun hauek Justizia Ministeriora doazelako zuzenean eta webgune honen bidez laguntza eskatzea ez delako alferriakoa. Jadanik 170.958 sinadura lortu ditu, baina oraindik 29.042 falta dira helburua lortzeko. Nik neure sinadura bidali dut. Espero dut gehiago lortzea eta ama honen helburua bete ahal izatea. Gogoratu: klik bat eginez, pertsona askoren bizitza alda dezakezu. Hemen uzten dut esteka, sinadura bidali nahi izanez gero, bertan sartzeko.

, , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->