Tag Archives | erlijioa

Itzalpeko milaka ekintza txiki

“Izorratuta nago, abokatu jauna, halaxe esan diot, izorratuta nago, hemengoek esaten duten moduan, ederki izorratuta gainera, epaiketa egin aurretik kondenatu naute, zertarako epaiketa bat, pentsatuko zuten, zertarako astirik galdu, diren krimen guztietatik makurrena omen da-eta nirea, bihozgabeena, zitalena (…)”

Hitz hauekin ematen dio hasiera Xabier Montoia euskal idazle ezagunak Fucking Artists liburuko apaiz pederasta baten bakarrizketari, bakarrizketa bikainari. Gaurko honetan ez nator, ordea, Elizaren errugabetasuna zipriztindu duten delituez -ez hainbestetan salatu diren delituez, ez isilean ezkutatu direnez- hitz egitera. Gaurkoan, Eliza bera izango dugu aztergai.

Azken urteetan fededun kopurua jaisten ari omen da, hauen adinak gora egiten duen artean. Apaizen edadeak ere aurrera dirau, eta badirudi ondorengoen kopurua oso urria -ia nulua- dela. Gero eta jende gehiago da ateoa edo agnostikoa; eta gurasoen erlijio desberdinetara konbertitu denik ere badago. Zergatik ez? Jendearen izaera aldatu dela esan genezake, hala baita neurri handi batean; halere, sinestun kopuruaren beherakada hau ez da fenomeno psikologikoa -edo ez, behintzat, bere osotasunean-.

Batek daki nola definituko duten gure ondorengoek bizi garen mende hau; baina ukaezina da aurrerabidea hitza ezingo litzatekeela falta. Internetaren aroan bizi gara, garapenaren aroan, globalizazioaren aroan: XXI. mendean. Elizaren zati handi bat, aldiz, hermetismo ideologiko moduko batean murgildurik bizi da, abantzuan doan gizartearen iskanbilari entzungor eginez. Gertaera bat ukatzeak honen izaera ukatu ez eta fededunak galtzen ari da, gainera.

Izan ere, gurea bezalakoa den gizarte batean, Elizaren buru den Aita Santuak preserbatiboen erabilerak HIESa ezin geldiaraz dezakeela esateak ez du eragin handirik izango, beharbada; baina hori bera garatze bideetan dauden herrialdeetan esatea guztiz onartezina -zigorgarria ez esatearren- iruditzen zait. Nola liteke! Ez da Aita Santua, gainera, honelako iritziak zabaltzen dituen bakarra; alde baititu Elizako buru asko; eta, hauei jarraiki, fededunak.

Ez da ahaztu behar, dena den, Elizaren alde humanitarioa. Kristau balioetan hazi eta hezi naizelako izango da beharbada, baina aurrekoak bezalako esapideei entzungor egin eta alde ona ikusten irakatsi didate. Komunikabideetan gutxiago agertzen badira ere, hor daude gehien behar dutenei laguntzen dieten talde erlijiosoak. Eta ez dira gutxi.

Kristau erlijioak proposatzen dituen balio asko hurkoaz arduratzen dira, eta balore hauek dira Eliza osatzen duten talde askok duten gizarte konpromisoaren erantzule. Eta horiek dira benetako apaltasunez eta inongo aberastasunik gabe lan egiten dutenak, erlijioaren benetako balioak zabaltzen dituztenak.

Hauen lana, ordea, itzalean geratu ohi da, gainerako guztiei Elizaren beste aurpegia erakutsiz. Egia izango da kristautasunaren mandatari ugari oker daudela; baina horien handitasunari ezentzunarena egin eta beste talde erlijioso askoren laguntza-deia -dei etsia- entzun beharko genuke.

Azkarregi bizi garelako izango da beharbada, gaur egungo gizarteak frenetikotasuna besterik ez duelako onartzen edo, baina aurrekoa bezalako gauza txikiak aztertzeko gaitasuna galtzen ari garela dirudi. Eta, ugariak izanik, haien txikitasunari itzal egiten dio emaitzak: egun bat gehiagoz sabela betetzea lortzen duten behartsu kopuruak, garapen bidean dauden herrialdeetan eraikitako eskolek…

XXI. mendeko Elizak badu, eduki, alde kontraesankor bat; garbiketa handi bat behar duen alde bat. Baina badu, bestalde, gainerakoez arduratzen den zati handi bat. Eta guk gaizki dagoena aztertu eta zigortzen dugun moduan, zoriondu beharko genituzke hain eskuzabalak diren beste itzalpeko milaka ekintza txiki.

Comments { 0 }

Minareteak, Islamaren baionetak?

File:Mahmud Moschee1.jpgOrain dela hilabete batzuk Europa osoan eragina izan zuen zerbait gertatu zen: Suitzako UD alderdiak erreferendum bat antolatzea eskatu zuen. Bertan, minareteak eraikitzea debekatu behar zen edo ez galdetzen zen. Suitzako konstituzioaren arabera, erreferendum bat antola daiteke gai bati buruz herritarrek horrela eskatzen badute, nahiz eta gobernua honen aurka agertu. Gobernua, parlamentua, erakunde erlijiosoak eta hainbat erakunde erreferendumaren aurka agertu ziren. Gainera, hainbat kantoitan debekuaren aldeko propaganda debekatu zen. Hala ere, erreferendumean, %57,5ek debekuaren alde egin zuen. Europa osoan kritikak egon ziren, jendearen eskubideen aurkakoa zela adieraziz eta xenofobiak eta islamofobiak eragin zutela esanez.

Herriak demokratikoki erabaki du, eta ez da gobernuak inposatutako zerbait. Suitzak, beste estatu batzuek ez bezala, demokrazia zuzen baten antzekoa dauka, hau da, populazioak zuzenean parte har dezake erabakietan. Populazioaren zati batek zerbait eskatzen badu (100.000 sinadura behar dira) erreferendum bat antolatu behar da. Beste estatuetan, berriz, gobernuak bakarrik antola ditzake erreferendumak. Proposamena onartzeko gehiengo bikoitza behar da, hau da, populazioaren eta kantoien gehiengoak baiezkoa eman behar du. Erreferendumean, populazioaren %57,5ek eta 26 kantoietatik 22k bai bozkatu zuten. Beraz, erabaki hau Suitzako herriak askatasunez hartua da eta demokratikoki onartua.

Hala ere, nahiz eta gehiengoak onartua izan, batzuen ustez, erabaki hau “gehiengoaren diktaduraren” adibide bat da; gehiengoak gutxiengoari eskubideak kentzen dizkiola, alegia. Hau ez da egia. Minarete berriak eraikitzea debekatzea ez da eskubideak kentzea. Eraikita dauden minareteak mantenduko dira eta ez dira meskitak debekatzen; beraz, musulmanek bere erlijioa praktikatu dezakete. Gainera, minareteak asko nabarmentzen dira eta eta hiriaren skyline-a aldatzen dute. Minareteak ondo gelditzen dira Istanbulen edo Kairon baina ez Mendebaldeko Europako hiri batean.

File:Minarets poster 1.jpgHorretaz aparte, Suitzako eta, orokorrean, Mendebaldeko Europako musulman gehienak inmigranteak dira eta asko ez dira integratzen. Europako populazio musulmana asko hazi da azkeneko urteetan eta hauen artean islamista erradikalak daude. Erradikal hauek bosgarren zutabe bat osatu dezakete eta terroristak sortu. Gainera, islamista hauek meskitetan adoktrinatzen dituzte. Minareteak islamismoaren zabalkuntzaren adierazleak dira. Recep Tyyip Erdogan-ek, orain Turkiako lehen ministroa denak, 1997an minareteak islamaren baionetak direla esan zuen. Beraz, nire ustez, intolerantziarekin ez da tolerantea izan behar. Herrialde musulman gehienetan ezin dira musulmanak ez diren eraikin erlijiosoak eraiki.

Referendum honen ondorioz Europan zehar antzeko erabakiak hartzeko eskatu dira, alde batetik, eta kritikatu egin da, bestetik. Islamismoaren hazkuntza laizismoaren aurka doa. Ilustraziotik eta Iraultza Frantsesetik hasita estatuaren eta erlijioaren arteko banaketa lortu da, eta musulmanek ez dute hori onartzen. Gainera, erlijioa sexista da, emakumeek eskubide gutxiago dituztelako. Adibidez, emakume musulman batzuek bere borondatez estaltzen dute burua, baina beste askok bere familiak derrigortuta. Laikoak diren herrialde musulmanetan ere erlijioak indar gehiago hartzen du. Turkian, adibidez, AKP alderdiaren gobernu islamistak konstituzioa aldatu nahi du, eta armadari eta epaileei -laizismoaren zaintzaile- boterea kendu nahi die, Atatürk-en erreformak deseginez. Beraz, kontu handiz ibili behar da honekin eta argi gelditu behar da mendebaldeko kultura onartu behar dutela hona etortzen diren inmigranteek.

Ondorioz, nire ustez, minareteak intolerantziaren sinbolo dira; beraz, ez dira gehiago eraiki behar Mendebaldeko Europan. Gainera, inmigrazioari kontrol gehiago jarri behar zaiola iruidtzen zait, berandu izan baino lehen.

File:Minarettinitiative 2009 de.svg

Comments { 1 }
-->