Tag Archives | euskaljakintza5

Ez adiorik, euskaljakintza5! Orain, euskaljakintza6, zuen txanda da…

Ziurrenik, hau izango da orain arte idaztea gehien kostatu zaidan bidalketa. Ziurrenik, hau izango da gehien hausnarrarazi didana. Behin baino gehiagotan idatzi dut, buelta asko eman dizkiot buruari… Uste dut, baina, lortu dudala nik nahi nuen kutsuaz blaitzea azkenean.

Hasiera-hasieratik sinetsi nuen Euskal Hizkuntza eta Literatura lantzeko eskaini zitzaigun aukera berritzaile honetan. Euskaltzaindiako arauak landu ditugu, literatura ere bai; elkarrizketak egiten ikasi dugu, iritzi artikuluak idazten ere bai… baina hori guztiaz gain, internetek izan dezakeen indarraz jabetu gara. Ikasgaiari zegozkion konpetentziez gain, sarea baliatuz sakonagoa den filosofia bat transmititu digu Maitek, sortu eta partekatzearena. Segurtasuna eman didan esperientzia izan da, bete egin nauena eta, zinez diotsuet, ez nuke ezerengatik aldatuko.

Urtebete igaro da iaz esperientzia honi hasiera eman genionetik, eta gaur bi sentimendu kontrajartzen zaizkit. Alde batetik, lana nahiko txukun egin dudan susmoak ematen didan poztasuna; bestetik, tristezia, iritsi baita lekukoa pasatzeko eguna. Ziklo bat bete dudala argi dago eta, Maitek uzten badit, beste bat hasiko dut, aurrekoa hasi nuen ilusio eta gogo berberaz (edo handiagoz). Nire asmoa parte hartzen jarraitzea da, euskaljakintzako  partaide izateari eustea.

Amaitu baino lehen, aholku bat eman nahi nizueke, horretarako norbait banaiz bederen, ondoren zatozten horiei: aprobetxatu eta gozatu Maitek eskaintzen dizuen aukera hau. Uler ezazue blog hau zuen ideiak mundura zabaltzeko gunetzat, euskararen ikaskuntzan laguntzeko txokotzat; eta ez eginbehar hertsigarritzat. Ereindakoa bueltan etorriko zaizue. Nire aldetik, ezer gehiago ez. Ez adiorik euskaljakintza. Ongi etorri, euskaljakintza6!

Comments { 0 }

Zoriontsu bizi eta gora zuek!

Ze egun polita ikastolan, larunbatean, bizitzeko aukera izan genuena! Gure 92ko neska-mutilak badoaz ikastolatik. Bai, horiexek, urte osoan zehar gune honen goiburuan izan dituzuenak: euskaljakintza 5. Ez zuten ikastola utzi nahi, baina, guraso, irakasle ohi eta egungo irakasleoi ganorako agurrik eskaini gabe eta, noski, guk ere ez genituen hegan egiten utzi nahi gure besarkadarik goxoena helarazi gabe.

Egia esan, ez da erraza laburbiltzea gertatutakoa: irribarreak, barre algarak eta malkoren bat edo beste ere izan genituen lagun.  Ez genuen ikasturtea amaitu nahi, ordea,  urte osoan zehar sarearen bestaldean, klik batera, egon zareten guztiokin lehengo eguneko bizipenak partekatu gabe.  Zuek bizi izan dituzue gure gorabehera guztiak, gure hausnarketak, gure pozak, gure histurak, gure gaziak eta gure gozoak;  horregatik, azken une hauek ere zuekin batera bizi nahi ditugu. Jakin badakigu bideo batek ez dituela sentimenduak ordezkatzen; halere, gure txokoa den honetan, bizitakoaren lekukotasuna utzi nahi genuen eta hementxe doa.

Ekitaldiari hasiera emateko, Jakintza Ikastolako Manu Olano zuzendariaren hitzak izan genituen:

Jarraian, Estibalitz Goenaga aritu zen teklatuan. Estik ezin hobeto girotu zuen ekitaldi osoan. Hementxe utziko dugu bere lehenengo interpretazioa: “Comptine d’un autre été: l’après midi”.

Hurrengo uneak bereziki hunkigarriak izan ziren: ikasleen hitzak eta laburpen bideoa. Ikasleen ordezkaritza Garazi Otegi eta Laura Zabalak hartu zuten eta ikastolan hainbeste urtetan bizitakoa maisuki laburtu zuten. Ondo prestatu, hausnartu eta atondutako hitzak biek ala biek bota zituztenak! Begiratu besterik ez zegoen ikusleen begietara!

Garaziren hitzak:

Lauraren hitzak:


Ederra benetan Haritz Alzola eta Irune Agirrek ekoiztutako bideoa! Bikotearen lanak ez zuen inor epel utzi. Garbi dago orduak eta orduak ematen direnean zerbaitetan, ilusioz gainezka, hori begi-bistan geratzen dela. Halaxe gertatu zen larunbatean. Denok izan ginen euren ahaleginaren lekuko (gelakideen argazkiak jaso, bideoari itxura eman…). Hitzak, kasu honetan, soberan daude.

Ekitaldia denon txalo beroekin amaitu ostean, taldeko argazkia atera…

… eta elkarrekin bazkaltzera joan ginen ikastolako jangelara:

Eta eguna karaoke parte-hartzaile bezain sutsu batekin amaitu genuen (bideoa ez da kalitate onekoa, baina ideia bat egiteko nahikoa). Eta horixe izan zen guztia!

Ez dut bukatu nahi 92ko guztiei, euskaljakintza 5ekoei, nire esker ona aitortu gabe; nire eskerrik onena eta agurrik beroena. Esker mila euskaljakintzari eta ikastolari eman diozuen guztiagatik. Zoriontzu bizi eta gora zuek! 😉

Comments { 2 }
-->