Tag Archives | gaurko_hitza

Hitzapasa: telebistako Pasapalabra euskaraz online

Betidanik gustatu izan zaizkit hitzak, eta horiek bezainbeste, ia-ia, hitzekin zerikusia duten lehiaketak, jokoak… Etxean nagoenean, adibidez, askotan pizten dut telebista Pasapalabra programaren azken txanpa ikusteko, non alfabetoko hitzez osatutako erroskoa azaltzen den. Eta beti inbiditan! Euskaraz horrelako zerbait egongo balitz, etekin polita aterako nioke…

Geroago, Gaurko Hitza blogarekin hasi nintzenean, egunez egun ipintzen nituen hitz horiek praktikatzeko hitz-jokoak sortzeari ekin nion. Orduan ere, ditxosozko erroskoa buruan nuela, han eta hemen galdezka hasi nintzen, ea norbaitek ezagutzen ote zuen Pasapalabra sortzeko aplikaziorik edo. Adibide batzuk bidali zizkidaten PowerPoint eta JClic programak erabiliz egindakoak (esker mila, Anibal De La Torre) eta beste bakarren bat ere topatu nuen (Pasapalabra navideño), baina nahiko urrun zeuden nik buruan nuen hartatik. Duela hilabete batzuk, ordea, sarean bi adibide hauek topatu nituen: Pasapalabra eta Pasaconjuro. Horietatik tira eginez, sortzaileekin harremanetan jarri eta jatorrizko artxiboak lortu nituen Esker mila, bihotzez, Chuan Garces eta Segio Armiséni euren lana (jatorrizko artxibo guztiak) inolako oztoporik gabe helarazi eta laguntza eskaintzeagatik. Hainbeste denbora atzetik ibili ondoren, gainera, biak egun berean. A ze gauzak!

Kontua da biak ala biak .fla artxiboak zirela. Flasha menperatzen ez nuenez, Twitter bidez laguntza eskatzea otu zitzaidan. Horrela, La Personnalitéko Goiok laguntza eskaini eta hitza hartu nion (bide batez, Diario Vasco.com-eko Kortabitarteri ere eskerrak eman nahi dizkiot, bera ere laguntzeko prest agertu baitzen). Gauzak horrela, Goiori zein aldaketa nahi nituen esan eta abian ipini zen. Bileraren bat, ordu batzuk eta hainbat buruhauste eta gero, azkenean, Larramendik esango lukeen legez: “Ezina ekinez egina”. Goio, hitzak motz geratzen zaizkit eskerrak emateko.

Hitzapasa: Pasapalabra jokoa euskaraz online

Hasierako helburua Gaurko Hitzan azaltzen joan diren hitzak praktikatzea bazen ere, horiek oso zailak zirela ohartuta, maila edo urrats ezberdinetako ariketak sortzea pentsatu nuen, maila guztietako erabiltzaileek euren hiztegia hobetzeko aukera izan zezaten. Oraingoz, 3 urrats ezberdinetan banatutako 6 ale baino ez daude, baina pixkanaka-pixkanaka gehiago sortzen joango naiz.

Jokatzen hasi aurretik, komenigarria litzateke ondorengo oharrak kontuan izatea:

  • Definizioa irakurri eta idatzi hari dagokion hitza laukitxoan. Adi! Erantzuna -a artikulurik gabe eman behar da, mugagabean).
  • Erantzuna idatzi ondoren, erantzun (edo enter) botoia sakatu.
  • Badaezpada ere, erantzun botoia sakatu aurretik bi aldiz begiratu, idatzi duzuna idatzi nahi zenuena dela ziurtatzeko.
  • Erantzunen batean zalantza baduzu, erabili PASO EGIN botoia eta aurrera jarraitu (geroago erantzuteko aukera izango duzu).
  • Kontuz denbora mugarekin!
  • Amaieran, puntuazioa eskuratzeaz gain, erantzunak ikusteko aukera izango duzu (asmatutakoak zein oker erantzundakoen zuzenketa).

Hitzapasa gehiago sortu ahala, Gaurko Hitza eta euskaljakintza blogen eskuineko zutabeetan eskuratu ahal izango dira. Hasteko, baina, hementxe uzten dizuet 1. urratseko adibide bat (egin klik irudiaren gainean jokoari ekiteko). Ea gai zareten hitz guztiak asmatzeko! Zorte on!

Guztiak ikusteko:

Comments { 8 }

Gaurko Hitzak urte bat bete du gaur!

Egunez egun eta hitzez hitz zure hiztegia aberasten lagunduko dizugu. Sar zaitez egunero edo harpidetu gure edukietara, gurekin eguneko hitza ikasteko.

Hitz horiekin ematen genion hasiera egitasmo berri honi 2008ko azaroaren 3an; urte bat bete da gaur, beraz, Gaurko Hitza bloga martxan ipini genuenetik. Ez dira gutxi izan tartean gertatutakoak. Hasiera batean, ikasleen EGA azterketari begira sortutako ekimenak, pixkanaka-pixkana, bizitza propioa hartu eta gu guztion hiztegia aberasteko bidean ipini dela pentsatzea gustatzen zaigu; izan ere, ez dira gutxi izan zuen ekarpenak, iradokizunak, hitz-proposamenak, iruzkinak, adar-jotzeak eta bestelakoak hainbat eta hainbat hitzen inguruan.

Bestalde, oso pozgarria izan zen guretzat Sustatuko lagunek Letrak Sare Kantoitik atalean Gaurko Hitza txertatzeko proposamena luzatu zigutenean. Letrak, hitzak, esaldiak, testuak… maite ditugunontzat ezin ukatu ohore bat denik Anjel Lertxundi handiaren eta Markos Gimeno apartaren aldamenean tokitxo bat izatea. Mila esker, Sustatu!

Errepaso txiki honi amaiera emateko, aldaketak aipatu nahi ditugu. Horietako bat, hitza argazkiaz laguntzea izan da; izan ere, hasieran, hitzaren azalpena testura mugatzen bagenuen ere, argazki batez lagundua joan ohi da orain (hitzak, behinik behin, horretarako baimena ematen duenean). Eta gaur, urteurrena ospatzeko, urrats bat haratago joan nahi izan dugu eta bideoa txertatu. Gauzak horrela, gaurtik aurrera, astean behin, Gaurko Hitza bideo batean azalduta joango da. Twitterren jaio eta hemendik hartutako ideia hau aurrera eramateko, Pernan Goñi komikigile ezagunaren laguntza jasoko dugu. Mila esker, Pernan!

Hementxe duzue estreinaldikoa. Entzungailua ipini eta entzun eguneko hitza!

ahutzeko iz. g.e.
[masailekoa] ahoko, belarrondoko, danbada, danbateko, dangateko, kolpe, masaileko, matraileko, mustupileko, muturreko, takateko, zartako, zartateko, kolpekada Heg., zartada Heg., zartadako Heg., kaska Ipar., kaskako Ipar., kolpeka Ipar., matelako Ipar., mazelako Ipar., panpako Ipar., paso Ipar., ukaldi, zaflako Ipar., zafra Sort., zarta Sort., plastada Bizk., plastateko Bizk., zaplada Bizk., zapladako Bizk., zaplateko, zaflada Naf., zafladako Naf., belarraldeko Zub., ezpaineko g.e., zanpateko, kohat Ipar. g.e., zanpako Sort., azote Ipar. zah., zafardako Ipar. zah., zaplazteko (UZEIren Sinonimoen Hiztegia)

Comments { 4 }
-->