Tag Archives | gizartea

Stop spot!

stopNor ez da inoiz jostatu kaleko baldosa urdinak baino ez zapaltzera? Txikitako kontuak dira, baina helduok ere noizbehinka aritzen gara horrela. Kontua da, denborak aurrera egin ahala, inguratzen gaituzten iragarki guztiekin entretenitzeko aukera ere eman zaigula lurrera begira egon beharrean. Gauzak bere neurrian ederto datozkigu, bai; izan ere, interesatzen zaizkigun produktuen berri izateko bide ona da. Dena den, muga hori gainditu egin da egun, eta aspergarria izaten ere hasi da.

Telebistaren kasuan, esaterako, gogaikarria bihurtzen ari da gure telesailik gustukoena ikusi nahi izatea eta ez lortzea. Komunikabide honen antolaketa gero eta okerragoa delakoan nago. Programazioa dela eta, ez da ordutegiaren eta adinaren arteko erlazioa errespetatzen; iragarkiei erreparatzen badiegu,  ordubeteko saio batetik 20 minutu, gutxienez, iragarkiak direla ondoriozta daiteke. Gauzak horrela, malabarista moduan jardun behar al dugu horrelakoak ekiditen eta zapping egiten? Horrez gain, lotsagarria iruditzen zait isunen bidez atentzioa deitu behar izatea iragarleei, argi dagoenean muga aspaldi pasatu dutela.

zappingHala eta guztiz ere, aitortu beharra dago noizean behin desesperazioak beharbada tontotu egiten gaituela, eta egongelako kaxari begira egon gaitezkeela denbora luze batez. Neurritasunez jokatuz, arte berri bat ere sortu ahal izango litzateke, iragarki batzuk benetan onak baitira. Coca Cola eta Freixenet-enak ikusteko, adibidez, urte osoa itxaroten dugu. Itxarote horrek azkenean merezi izaten du, horrelakoak gustura hartzen dira eta.

Internetarekin gauza bera gertatzen da. Gainera, hemen aritzen garen modua are xelebreagoa izan ohi da: nabigatzen dugun bitartean irekitzen diren aparteko leihoak ahal dugun azkarren ixten saiatzen gara, kontu handiz ibiliz iragarkiaren laukitxoa zapaldu ez dezagun; izan ere, horrela ordenagailua kutsatzeko arriskua dagoela irakatsi baitzaigu. Ez da oso zentzuduna horrela ibiltzea, egia esan. Horregatik, internauten kexa garrantzitsuena izatera iritsi da.

iragarkiakKontuak kontu, nabigatzen ari nintzela gai honi buruzko informazio gehigarria lortzeko helburuaz, hara zer-nolako egoera paradoxikoarekin egin dudan topo! Webgune honetan jakingarri interesgarria aurkitu dut, bai, baina argibide baino iragarki gehiago azaltzen da bertan! Benetan harrigarria! Ez al du ezerk baino gehiagok gogaitzen horrelako gunea ikusteak?

Aipatutako biak adierazten dutena hasiera besterik ez da; izan ere, kalean, mugikorretan, egunkarietan eta aldizkarietan ere berdin gertatzen baita. Jakina da funtsezko elementu dela ekonomiak aurrera egingo badu, baina beharrezkoa ote da gure ingurune osoa erabiltzea eta soberan, gainera, horretarako? Ez al da gehiegi? Badirudi honek ez duela hobera egiteko asmorik, itolarrian gaude. Beraz, esan dezagun ozenki: STOP SPOT!

Comments { 1 }

Se subastan solteras!

subastachicas350Aurreko astean, diskoteka batean adinez txikiko neska batzuen “zozketa” egin zela entzun beharra izan genuen zoritxarrez. Ez da emakumearen duintasunaren aurka horrelako zerbait egiten den lehenengo aldia eta, dirudienez, ezta azkena izango ere. Herri garatu honetan, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortu nahi den batean, onartu ote daiteke horrelako egoerarik? Nire ustez, ez. Pasa gaitezen, bada, gaia atalez atal aztertzera.

Ekintza hau apirilaren 25ean jazo zen Granadan. Bertako diskoteka batek festa bat antolatu zuen 14 eta 18 urte bitarteko gazteentzat. Bertan, mutilek “Monopoly” jokoko dirua erabiliz, gehien gustatzen zitzaien neskarengatik apustu egin eta, diru gehien jartzen zuenak, nahi zuen neska aukera zezakeen. Ondoren, VIP palko batera joan eta diskotekaren kontura freskagarri bat hartzeko aukera zuten. Alkohola debekatua izanik, edatekoa freskagarria izan behar zen. Bestalde, jarduera lotsagarri honen berri ez zuen bertaratu zen neskaren batek eman, udaletxeko Aukera Berdineko sailak antolatutako tailer batera hurbildu zen mutil gazte batek baizik. Harrigarriena da honek ere ez zuela egoera salatu; aitzitik, festa goraipatu zuen, neska aurkitzeko aukera paregabea zela esanez.

Tamalez, aurretik esan bezala, ez da horrelako egoera baten aurrean aurkitzen garen lehenengo aldia ; izan ere, beste hainbat festa egin dira, non neska gazteak hainbat arrazoirengatik dirurik ordaindu gabe sartzen diren diskoteketan. Hau, adibidez, datorren ostiralean, aurretik aipatutako diskoteka berean gertatuko da: minifalda motzak dituzten neskek ez dute sarrera osoa ordaindu beharrik izango.

Hau dena nahikoa lotsagarria da. Alde batetik, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzen saiatzen ari garen bitartean; bestetik, aurretik geunden egoera baino okerragoan jartzen ari gara. Halaber, antolatzaileen ustez, ez zen jarrera sexistarik egon eta egoera normaltzat hartzen dute; hala ere, kartela pixka bat gehiegizkoa izan zitekeela onartzen dute. Nire ustez, horrelako egoerekin, orain arte aurreratu dugun guztia pauso batean atzeratzen dugu. Orobat, atzerako pausoa aurrerakoa baino handiagoa izaten da eta deitoragarria da XXI. mendean horrelako kasu baten aurrean egon behar izatea. Azkenik, espero dudan gauza bakarra da, hurrengo batean, egunkaria irakurtzen hasten naizenean, horrelako beste egoera negargarri baten aurrean ez aurkitzea, zaila izango bada ere.

Comments { 0 }

In vitro ernalkuntza, moralaren alde edo kontra?

Louise Joy Brown probeta batetik ateratako lehen haurra izan zen. Jaiotza honez geroztik, hainbat eta hainbat jaioko dira in vitro ernalkuntza dela eta. Gizartean onartuta dagoen teknika izanagatik ere, hautsak izugarri harrotu zituen bere garaian. Artikulu honen helburua polemika horiei ondorioren bat ateratzea den unetik, hasteko, ernalkuntza honen nondik norakoak azaltzea izango da egokiena.

in-vitroDenok dakigu medikuntza etengabe aurrera egiten ari dela; hori dela eta, irtenbidea bilatu behar zitzaion haur bat mundura ekarri nahi eta ezin zutenentzat. Eta hori nola? Komunikazio sare zabalek diraute goiz eta gau honen inguruko berriak aipatzen: 60 urteko andre batek bikiak izan dituela, gaur egun posible dela mundura ekarri nahi duten haur horien bereizgarriak aukeratzea… Honen guztiaren inguruan hausnarketa etikoa egin dezakegu. Goazen, bada, gaia atalez atal jorratzera.

In vitro ernalkuntzan, enbrioiaren transferentziaz hitz egin behar da, baina teknika hau ez da batere zaharra. Urteak atzera eginez gero, albaitaritzan erabilia izan zen amaren falopio tronpen arazoak, antzutasuna eta hainbat arrazoi ezberdinak medio. Albaitaritzan, beraz, arazo horiei aurre egitea lortu zen amaren obulu bat hartu, laborategi batean ernaldu eta garatzeke zegoen enbrioi hura, berriro ere, amaren barnean sartuz. Hau ikusirik, animaliekin erabilitako teknika hura gizakiekin erabiltzea pentsatu zen. Horrela, obulu eta espermatozoide normalik ez duten bikoteetan edota emakumea haurdun geratu ezin den kasuetan oso paper garrantzitsua beteko zuen.

Azaltzen hain erraza den prozesu hau aurrera eramatean bere zailtasunak izan ditzake. Emakumeak hormona-alterazio bat jasatea da lehen helburua; hala nola, hilabetean obulu bat sortu beharrean, zenbaitzuk sortzea. 4 eta 10 obuluren artean aterako zaizkio emakumeari ziztada baten bitartez eta ekografia baten bidez kontrolatuz. Hala ere, prozesu hau ez dago arrisku guztietatik at. Jarraian, gizonezkoaren semena lortu behar da eta hori, sarri askotan, masturbazioaren bitartez eskuratzen da. Hemendik aurrera, emakumearengandik eskuratutako obuluak semen horretan dauden espermatozoideekin ernaltzea besterik ez da geratzen. Pauso guztiak banan-banan aztertu behar dira ondo doazela ziurtatzeko. Beste era batera esanda, ernalkuntza honetan sortu diren enbrioiak mikroskopikoki behatu behar dira detaile guztiak kontutan hartuz; itxura anormala erakusten dutenak suntsitu egiten dira. Itxura hoberena dutenetatik hiru aukeratu eta emakumearen uteroan sartuko dira. Gainontzeko enbrioi guztiak izoztu egiten dira. Enbrioi kopuru handia transferitzen bada, haur biki kopuru handia ateratzeko probabilitatea dago; hori ekiditeko, beraz, hiru enbrioi transferitzea nahikoa eta gehiegi litzateke.

vitroEta teknika hau jarraituz gero, %100eko aukera al dago haurra izateko? Estatistika faboragarri bati beha, bikoteen %45ek baino ez omen du izaten haur osasuntsu bat. Horretaz aparte, adinak zerikusirik badauka prozesua burutzeko garaian. Adibidez, estatistika berdinari begiratzen badiogu, 35 eta 39 urte bitarteko emakumeetan, %28,9ra arte jaisten da; eta 40 urte baino gehiago duten emakumeez ari bagara, portzentajea %14,4 baino ez litzateke izango. Hala eta guztiz ere, oso zaila da in vitro ernalkuntzaren eraginkortasunaren inguruko datu fidagarriak eskuratzea, baina baiezta dezakegu sei bikotetik batek izango duela haurra izateko zorte hori.

Artikuluaren xedea ez da in vitro ernalkuntza zer den adieraztea, lehen esan bezala, horren guztiaren inguruan gertatzen denari buruzko hausnarketa egitea baizik. Konturatuko ginen oraino esandakoagatik, FIV deituriko teknika honek enbrioi kopuru handia hiltzera eramaten duela. Nahiz eta heriotza horiek borondatezkoak ez izan, onartuak dira. Horregatik, mediku taldea eta bikotea, biak, prozesu hau gauzatzearen erantzule diren momentutik, moralki heriotza horien errudun dira.

Beste gauza azpimarragarri bat zera da: denok dakigu medikuak prozedura eraginkorrak erabiltzera derrigortuta daudela, eta inoiz ere ez duda, mina eta arazo ekonomikoak sor ditzaketen prozedurak. Gauzak horrela, FIV horixe da: prozesu garestia, eraginkortasun eskasekoa eta zalantzatsua. Eta hori gutxi balitz, emakumearengan minak, antsietate kasuak, ziurgabetasunak… sortzen ditu. Teknika hau, ikuspuntu horretatik begiratuz gero, etikaren kontrakoa da zeharo. Hau guztia behin prozesuak eraginkortasun osoa eskuratuta eta sufrimendu hori eragiten ez duen momentutik aurrera onartu beharko litzateke.

Amaitzeko, medikuen lana sendatzea, lasaitzea eta kontsolatzea dela kontuan izanda, argi izan behar dugu teknika honekin ez dela antzutasuna sendatzen, nahiz eta bikotea ospitaletik haurra besoetan duela atera. Ez hori bakarrik, medikuek etengabe dihardute aukeratutako haurrak sortzeko teknika berrien bila, baina ez dira saiatu ere egiten arazo fisiologiko eta antzutasunaren inguruko arazoei irtenbidea aurkitzen.

Gure gizarte honetan, ez ote da garrantzitsuagoa haurra mundura ekartzea galarazten duten arazoei irtenbidea bilatzea, arazo horiei muzin egin eta teknika berriak asmatzen denbora galtzea baino? Jarraian, honen guztiaren inguruan ezagutzak zabaltzen lagunduko dizuen bideoa:

Comments { 1 }
-->