Tag Archives | gizartea

Krisia, denon arazoa

jendea-erostenKrisiarena aurten gehiegi entzuten ari garen gaia irudituko zaio askori; niri, ordea, ez. Nahiz eta milaka artikulu gehiago idatzi krisiari buruz, gauza gutxi konpontzea lortuko dugula uste dut. Edonola ere, gertatzen ari denari buruz informatzea gustatuko litzaidake; izan ere, kontuan izan behar dugu denei eragiten digun gaia dela. Norena da, baina, krisiaren errua?

Ez da batere erraza errua norbaiti leporatzea, baina askoren ustean krisiaren jatorria Estatu Batuetan dago. Arrazoi potoloena diruaren erabilera okerra izan da, eta badirudi hori esanda dena konponduta dagoela; pentsatzen hasita, ordea, konturatuko gara erru osoa gizartean dagoela. Estatu Batuetan garrantzi gehiena diruak dauka, eta nahiz eta duten diru kopuru hori txikia izan, denek gastatu egiten dute; hau da, gorde beharrean gastatu egiten dute. Arazoa kulturala da, eta kontuan izaten badugu Estatu Batuak mundu osoan zehar duen eragina itzela dela, kultura hori toki guztietara zabaldu dela esan dezakegu. Dirua = gastatu. Pertsona askok ez dute behar adina diru; hala ere, erosteko behar hori sentitzen dute eta biderik errazenera jotzen dute hau konpontzeko: dirua bankuari eskatu.

Horra hor krisiaren eragile handi bat: bankuak. La crisis Ninja artikuluan irakur dezakegunez, bankuek edonori utzi diote dirua eta edozein kantitatetan; alabaina, horietako zenbait pertsonak ezin dute diru hori bueltatu. Horrela sortzen da krisiaren zatirik handiena: hainbat banku edo fintza etxek itxi behar izan du bertan dirurik ez dagoelako. Gertatzen ari dena ongi ulertzeko, adibide erraz bat ipiniko dizuet. Imajina ezazue etxea ordaintzen ari den familia batek kreditu bat eskatzen diola bankuari auto bat erosteko eta beste bat oporretara joateko. Pentsa ezazue familia horrek dituen diru-sarrerekin doi-doi iristen dela hilabete bukaerara. Honi bankuari bueltatu behar dion diru guztia batzen badiogu, argi geratzen da ezin grafikoaizango duela dirua itzuli, ez baitauka. Gerta liteke errua bankuarena izatea kreditua eman baino lehen familiaren bizi baldintzak ez dituelako oso ondo begiratu; hala eta guztiz ere, errua bankuei bota beharrean, zergatik ez dugu gure albora begiratzen? Zenbatek ez ditu eskatzen kredituak oporretara joateko edota auto bat erosteko, jakinda ezingo duela diru hori bueltatu? Galdetu diezaiogun gure buruari ea hori benetan beharrezkoa den. Bankuek ez dituzte begiratuko familien bizi-baldintzak, baina guk behinik behin begiratuko beharko genituzke mailegu bat eskatzera joan aurretik…

Eta orain beste galdera bat: zeintzuk izaten ari dira krisi honen ondorioak? Erantzun garbiena eta benetan sufritzen ari garena langabezia da. Tasa oso handia da eta izugarri igotzen ari da azkenaldi honetan. Espainian, % 6 inguruan ibili ohi bada, aurten % 12,1eraino igo da; datuak ikaragarriak dira, benetan beldurgarriak. Hainbat arlo izan dira kaltetuak, baina etxegintzarena izan da kolpe handiena jaso duena; izan ere, sektore hau langabeziak gogor astintzeaz gain, etxeen salneurriek behera egin dute krisiarengatik. Burtsa ere ondorio larriak jasotzen ari da: egunak joan egunak etorri, milaka pertsonek ezin dute ezertxo ere egin beraien akzioak balioa galtzen ari diren bitartean. Eta zer egiten dute boterea dutenek hau konpontzeko? Bada, milaka dolar injektatu bankuei! Oraindik ere soluzio horren emaitzen zain gaude. Hori gutxi balitz, neurri honen ondorio larria diruak bere balioa galtzea izan daiteke. Batek daki noraino irits gaitezkeen!

wall-streetEdonola ere, ez da krisi izugarria jasaten dugun lehengo aldia. Atzera egiten badugu, 1929ko krisiarekin egingo dugu topo. Garai hartan, gaur egun bezala, krisia Estatu Batuetan sortu zen, eta ondoren mundu guztira zabaldu zen. Nola izan zen, bada, krisi honen hasiera? 1929ko krisia Wall Streeten hasi zen, burtsak krak egin ondoren Ostegun Beltza delakoan. Lehen Mundu Gerraren ostean gertatu zen. Hasiera batean, ekonomia gora egiten hasi zen eta honekin batera burtsa ere bai. Orduan, jendea maileguak eskatzen hasi zen burtsan inbertitzeko. Halako batean, urriaren 24an, burtsak krak egin zuen, utzitako kapitala itzulitakoa baino handiagoa zelako. Jendeak ezin zuen dirua itzuli eta bankuek behea jo zuten.

Aurreko guztia irakurri ondoren, konturatuko zarete gizartea ez dela horrenbeste aldatu: lehengo akats berberak egiten jarraitzen dugu. 1929ko krisia eta egun pairatzen ari garenaren artean ez dago alde handirik. Ulergaitza da, jasan zuten guztia jasan ondoren, gaur egungo gizarte aurreratuak gauza berdinetan erori izana. Argi dago beste krisi batzuetatik irteteko gai izan baziren, gu ez garela gutxiago izango. Agian, denon artean lortu beharko genuke irtenbide bat, denoi galdetuz eta noreberak bere harri korkorrak jarriz. Garbi dago gobernuek ezarritako neurriek orain arte ez dutela emaitza positiborik eman, oraingoz ez da intebinde garbirik aurkitu krisi honi amaiera emateko. Nire uste apalean, zulotik ateratzeko lehenengo pausoa eta zailena gizartea aldatzea da, gure pentsakera aldatzea. Agian, hortik hasita urrats bat emango genuke krisia desagertzeko.

Comments { 1 }

Eskola-porrota: gizartearen arazo gorria

eskola-porrota1Haur batek bere adin urrirako eskuratu behar duen errendimendu maila ez oso altua jadetsi ez duenean, kalifikazio negatiboak, gehienetan oso negatiboak, erdietsi ohi dira. Kurtsoa amaitzean, 2 gutxiegi baino gehiago ditu eta, ondorioz, kurtsoa errepikatu beharrean aurkitzen da gaztea. Baina zerk sortzen du eskola-porrota? Zergatik sortzen da?

Atzerapen mentalak, ikaste-nahasteak, nahaste emozionalak, hiperaktibitatearen nahastea, besteak beste, dira eskola-porrotaren kausa agerienak. Aipaturikoetatik gutxien ematen dena oztopo mentala da, %2 hain zuzen ere. Ikasketako nahasteak, dislexia esaterako, eta emozionalak antzeko portzentajea heltzen dute, %29 eta %30 hurrenez hurren. Azkenik, hiperaktibitatearen nahasteak, baita TDAH izenez (gaztelaniaz) ezaguna ere , %10 bereganatzen dute. Gainerako %29a beste hainbat kausak atzematen du.

Eskola-porrotaren zergatia aztertzea da norako mamitsuena. Batetik, familia giroa ediren dugu, haurren eta gazteen ikasketetan gehien eragiten duena baita. Gurasoen jarrera takarrak eta gogorrak, edo agian gogorregiak, maitasun ezak, autoestimu baxuak, besteak beste, eskola-porrota sor dezake. Egoera honen irtenbidea lortzeko, gurasoekin hitz egitea izango litzateke gomendagarria edo, zenbait kasutan, profesionalengana joatea. Bigarrenik, motibazio gabeziarekin egiten dugu topo. Eragite eskasa dagoenean, askotan eskolako emaitzak ez dira onak izaten. Horrelako arazo baten aurrean, hasiera batean, haurrak gehien atsegin duen gai bat lantzera bultzatu beharko litzaioke. Horrela, gero, ez hain gustuko dituenak ikasteko erraztasun handiagoa izango du. Azkenik, arazo fisiko eta psikologikoak dauzkagu. Entzumen edo ikusmen arazoak, lehen esan bezala, dislexia eta abar.

eskola-porrota2Aurrezaindu al daiteke eskola-porrota? Gurasoek lan korapilatsu horretan dute protagonismo zuzena. Txiki-txikitatik umea estimulatu beharra daukate, haurraren lehenengo urteak erabakigarriak baitira bere garapen intelektualerako. Marraztera bultzatuz, musikaren laguntzarekin… haurrak estimulu egokiak eskura ditzake. Bestetik, eredu zuzena, hots, ona eman behar zaio txikiari, liburuak gomendatuz, antzerki-aretoetara edo erakusketetara joanez, kultura atsegin duzula erakusteko asmoz, alegia. Gora handikoa ikasketekiko interesa azaltzea da. Hala eta guztiz ere, ez zaio gehiegi exijitu behar, emaitza okerragoak lortzeko aukera dago eta. Sekula egin behar ez direnak konparazioak dira, bakoitzak bere maila baitu. Azkenik, aholkugarria da haurraren irakaslearekin harremana izatea.

Gaur egun, %29 inguruan dago eskola-porrota Espainian (EAEn %16,5ean gutxi gorabehera), Europako batez bestetik oso urrun. Herrialde bakarra dago Espainiaren gainetik portzentajean, Portugal hain zuzen ere. Europako beste zenbait herrialdetan, Suedian esate baterako, %7koa bakarrik da eskola-porrota. Zergatik hainbesteko berdingabetasuna? Orobat, Lehen Hezkuntzan %32k kurtsoa errepikatzen du, %35ek ez du DBHko bigarren maila gainditzen, %48k ez du batxilergoa gailentzen eta, azkenekoz, unibertsitatean hasten diren erdiak bere ikasketak alde batera uzten dituzte.

Non dago aterabidea? Badirudi gurasoek daukatela giltza. Baina, zergatik hainbesteko diferentzia Suedia eta Espainiaren artean? Zertan ezberdintzen dira? Nahiz eta gero eta oihartzun garaiagoa izan arlo honek, afera handiago bilakatzen ari da. Noiz hasiko ote da portzentaje hori murrizten?

Comments { 0 }

Heriotza zigorra: irtenbide ote?

argia-zeldanHeriotza zigorra Estatuaren hiltzera zigortuaren exekuzioa da, aldez aurretik legerian agertzen den delitu bat egin izanagatik. Gaztigua aplikatzen zaien lege-hauste horiei krimen edo delitu kapital deritze. Exekuzio formalak ez dira atzo goizekoak, bai baitirudi idatzizko historiaren sorreratik erabili ohi zirela; sistema judizialak agertu zirenetik, hain zuzen ere. Historia osoan zehar itxura ezberdina hartuz joan dira exekuzioak eta gizartearen antolakuntzaren baitakoak izan direla esan daiteke; izan ere, hasiera batean tribuak epaitzen zituen justiziak, baina, geroago, klaseen mende egongo ziren epai eta zigorrak. Gizarte sistemaz haratago, gerrak ere, exekuzio masibotzat jo ditzakegu. XX. mendean, kasu, nazio-estatuen arteko gudek milioika pertsonen bizitzak ebatsi zituzten.

Egungo egoerari arreta paratuz gero, mundu osoan 18.000 eta 27.000 pertsona bitarte hiltzera kondenaturik daudela ikusten dugu. Urrutira joan gabe, 2007. urtean, 1.252 pertsona exekutatu ziren 24 lurraldetan, Amnistia Internacional erakundearen datuen arabera. Horrez gain, 3.347 pertsona kondenatu zituzten hiltzera 51 lurraldetan. Aipatu beharra dago desoreka handia dagoela munduko lurraldeen artean heriotza zigorraren erabilerari dagokionez. Are gehiago, 2007an aurrera eramandako exekuzioen %88 bost lurraldetan baino ez ziren burutu: Saudi Arabian, Txinan, Estatu Batuetan, Iranen eta Pakistanen, hurrenez hurren.

aulki-elektrikoaAurrez esan bezala, heriotza zigorrak itxura ezberdinak hartu izan ditu. Ez hori bakarrik, heriotza zigorra aplikatzen zaien delituak ere, aldakorrak dira lurralde batetik bestera. Edozertara, lurralde erretentzionista (heriotza zigorra mantentzen duena) askotan, hilketa, espioitza edo traizioa zigortzen dituzte. Batzuetan, delitu sexualak, adulterioa edo sodomia, esaterako, punitzen dituzte. Bestelako delituen artean, apostasia, narkotrafikoa, pertsonen trafikoa eta korrupzio politikoa ere sar daitezke “masen eskarmentu” gisa. Beste alde batetik, indar armatuetan, koldarkeria, desertzio, managaiztasun eta matxinada delituak zehatzeko ere erabiltzen da heriotza zigorra.

Gaztigu horrek hartzen duen itxuraren arabera, metodo konkretu batez ariko gara. Egun, zazpi prozedura erabiltzen dira, horien artean urka eta fusilamendua direla nagusi. Urkaren bidez, bizkar-muineko lesioek edo iratopenak eragiten du heriotza grabitatearen ondorioz, gorputzak egiten duen indarragatik. Fusilamenduetan, gatibua bizi-organoetako lesio, nerbio-sistema zentraleko traumatismo edo hemorragiengatik hiltzen da. Aitzitik, elektrokuzioak ematen diren kasuetan, atxilotua aulki batera lotu eta kobrezko elektrodo hezeak ipintzen dizkiote buru eta hanka batean, korronte elektrikozko deskarga bortitzak aplikatuz; ondorio gisa, bihotz-gelditze eta arnas-paralisia gertatzen dira. Injekzio hilgarriaren bitartez, barbituriko kantitate hilgarri bat beste produktu kimiko gerarazgarri batekin nahasten da; heriotza sortzeko, ordea, zain egoki batean txertatu beharra dago eta badaude kasuak, non ebakuntza txiki bat ere egin behar izaten den. Gas exekuzioetan, gas zianuroa askatzen da atxiloa dagoen gas ganberan, arnasa hartzen duenean pozoituz. Dekapitazioak ere, erabiltzen dira hiltzera kondenaturikoekin, sable bidezko kolpe batekin, burua enborretik aldentzen ahaleginduz. Lapidazioetan, gatibua lotu eta garuneko lesioek, asfixiak edo lesioen konbinazio batek hil dezakete. Metodo honek heriotza luzatzea ahalbidetzen du.

horkaHasieran aipatu dugunez, historian zehar “betidanik” izan da heriotza zigorra present. Haatik, XII. mende aldera, aurkako jarrera batzuk azaltzen joan ziren. Honela esan zuen mende horretan bertan Maimonides sefardiak: “Hobea eta pozgarriagoa da mila errudun askatzea, errugabe bakar bat hiltzera kondenatzea baino.” Egia esan, polemika handia sortzen duen gaia dugu heriotza zigorrarena; alta, bi jarrera dira nabarmenenak: aldekoa eta kontrakoa. Alde daudenek delituen murrizketa azpimarratzen dute batik bat; aurka daudenek, ostera, biziarteko kateak baino delituen murrizketa handiagoa lortzen ez duela diote eta giza eskubideen aurka doala. Gainera, errugabeen exekuzioak bultzatzen omen ditu.

Nire uste apalean, edozein zigor aplikatzerako, erruduntasunak akatsik gabe egon behar du frogatuta, ezin baitzaio inori egin ez duen zerbait leporatu. Txorakeria badirudi ere, sarritan ikusi dira errugabeak kartzelan eta errudunak kalean eta onartezina deritzot horri. Heriotza zigorrak berak suposatzen duenari dagokionez, errudunak heriotza merezi balu, berak eskatu eta bere burua akabatzea izango litzatekeela hobezina iruditzen zait. Modu horretan, egindako kaltea ordaindu ezin denez, gehiago ez sortzea bermatuko bailuke. Hala ere, ez dut uste irtenbidea hori denik. Haur bat negarrez ari denean, karamelu bat ematea ez da irtenbide egokiena, zergatik ari den negarrez ikertu behar baita. Antzeko zerbait gertatzen da heriotza zigorrarekin. Konponbidea ez da gaizkilea akabatzea; bai, ordea, egin duena zergatik egin duen ikertzea. Era horren bitartez, egungo gizartearen arazo larriez jabetuko ginateke eta, horrekin batera, irtenbide gisa balio lezaketen ideiak otuko litzaizkiguke.

Comments { 1 }
-->