Tag Archives | gizartea

Berak ez luke egingo, zuk zergatik bai?

Zoritxarrez, animalienganako tratu txarrak gero eta gehiago entzun daitekeen gaia da, oso gai gogorra eta jende askorentzat garrantzi askorik ez duena. Nire ustez, ordea, denok jakinaren gainean egon beharko genuke tratu txarrak ez direla emakumeengan eta umeengan baino ematen; izan ere, animaliek ere guk uste baino maizago pairatzen baitituzte.

tratu txarrak jasandako txakurraAnimalienganako tratu txarra era askotakoa izan daiteke. Ezagunena edota guregana gehien iristen dena txakurrengan ematen dena da, baina ez da bakarra: beste animalia askok ere jasaten dute. Tratu txar horiek animalia errepide bazter batean uztetik has daitezke, eta, amaitu, mila kalamidade jasan ondoren akabatzen dituztenean. Jokabide lazgarri hau gehienetan etxean ditugun animaliekin gertatzen da, askotan umeen apetagatik. Adibide ezagun bat aipatzearren, oporrak iristen direnekoa aitatu dezakegu. Familiek ez daukate animalia horiek nork zaindu, eta usu errepide bazterrean edo mendian askatzea baino ideia egokiagorik ez zaie bururatzen. Eta noski, hauek izututa, zer egin ez dakitela, kotxeren batek harrapaturik edota gosez hiltzen dira. Halaber, ez gara konturatzen beste hainbat jokabidez. Gehiengoak ikusi du noizbait animaliaren bat galduta edota noraezean, eta gutako asko ez gara saiatzen laguntza eskaintzen, begiratu besterik ez dugu egiten. Honekin ez dut esan nahi pertsona okerragoa denik abandonatutako animaliak laguntzen ez dituena, ezta gutxiago ere. Bakoitzak bere arrazoiak dauzka, eta askotan horrelako egoera batean ez dakigu nora deitu edo nora eraman animalia gaixoa.

Animalienganako beste tratu txar era bat toki itxi batean uztea eta goseak hiltzea da, baita gaixo dauden animaliei laguntzarik ez ematea ere. Hau egiteko gai diren pertsonei iruditzen zaie animaliei nahi dutena egiteko eskubidea dutela, hauek ahulagoak direlako. Nire ustez, aztertu beharreko pentsamendua da hori  eta horren aurka zerbait egin behar da . Inspekzio gehiago? Ez dakit, baina zerbait egin behar da. Gero eta gehiago entzuten den gai batez ari gara eta inork ez du ezer egiten animaliak babesteko. Hori guztia gutxi balitz, hauetako animalia asko larruak lortzeko erabiltzen dira, hau da, akabatu egiten dituzte beraien larruaz arropak, zapatak eta bestelakoak egiteko.

Nola jakin animalia batek tratu txarrak jasotzen dituen? Hori da askok geure buruari galdetzen dioguna. Animalia batek tratu txarrak jasotzen dituenean, hasieran, errazena zauriak ikustea izaten da: bizkarrean, buruan, oinetan… Dena den, euren jokatzeko moduari ere erreparatzea lagungarri gerta dakiguke; izan ere, zauri fisiko hauekin batera, zauri psikologikoak ere jasotzen baititu. Tratu txarrak jasandako animalia hori ez da inor gutxiz fio, ez da ukitzen uzten eta egun osoa txoko batean igarotzen du, bakardadean.

tratu txarrak jasandako txakurra 2Lehengoarekin jarraituz, eskerrak eman beharko genizkieke tratu txarrak jasandako animaliak babesten eta laguntzen dituzten elkarte guztiei; izan ere, hauek egongo ez balira, animalia askoz ere gehiago hilko lirateke eta asko eta asko aterperik gabe geratuko. Hemen daukazue horietako elkarte bat: El refugio. Madrileko mendizerran kokatua dagoen elkarte hau 1996. urtean sortu zen tratu txarrak jasotako animaliak zaintzeko eta hauei etxe eta aukera berri bat emateko.

Guztiarekin ere, ezin ditut ahaztu munduan tratu txarrak jasotzen dituzten beste animalia asko: zezenak, zaldiak, katuak, itsas txakurrak… Ezin ditugu hauek alde batera utzi, hauek ere tratu txarrak pairatzen dituztenen zerrendan ohikoak baitira. Okerrena da, gainera, hauetako asko festetan jendeak ongi pasa dezan erabiltzen direla, eta penagarria da jende hori ez konturatzea animalia sufritzen ari dela. Kasurik argiena zezenarena da, aurrekoan Anak garbi utzi zuen bezala (Nor basatiago?). Ondoren zaldiak dauzkagu, lasterketetan ibiltzen direnak. Horietako askok ere tratu txarrak jasotzen dituzte. Itsas txakurrei eragiten zaien tratu txarra ere aipatzekoa da. Tratu txar mota honek helburu ekonomikoa dauka; hau da, beraien larrua, txakurrenarekin batera, arropak, zapatak eta bestelakoak egiteko erabiltzen da, eta, horretarako, urtean milaka eta milaka itsas txakur akabatzen da. Eta horrela beste animalia gehiago ere.

Bukatzeko, nire uste apalean, denok kontzientziatu beharko genuke arazo honetaz; izan ere, zoritxarrez, sarraski hau egiten duten pertsonak gero eta gehiago dira eta honek ezin du horrela jarraitu. Gogoratu animalia pertsonaren lagunik onena dela eta berak inoiz ez lukeela horrelakorik egingo. Horregatik, hemen uzten dizuet “20minutos” aldizkarian aurkitu dudan berri hau. 2007. urtekoa da, baina oso ongi islatzen du ia egunero gertatzen dena animalia askorekin. Oso sentiberak bazarete, jakinarazi nahi dizuet ondorengo bideoak zuen sentsibilitatea mindu dezakeela:

Comments { 4 }

90-60-90: denok berdin?

anorexia1Gaur egun emakume guztiak ez gara berdinak; izan ere, ez ditugu gustu berdinak, ezta kargu berdinak ere. Adibide bat jartzearren, lanean, bata ministra izan daiteke, eta, bestea, mekanikaria… Hau emakume guztiok berdin pentsatzen ez dugulako edo berdinak ez garelako gertatzen da. Ondorioz, zergatik emakume guztiok 90-60-90 izan beharra daukagu?, modan dagoelako?,  merezi ote? Pasa gaitezen, bada, gaia atalez atal jorratzera.

90-60-90 askotan entzun ditugun neurriak dira. Tamaina hauek emakume perfektua irudikatzen dutela uste dugu, hala esan digute behintzat. Baina benetan emakume perfektu batek horrelako proportzioak izan behar ote ditu? Zer egiteko gai da emakume bat neurri hauek lortzeko edo gure gizartean gaizki ikusita dagoen gizentasunean ez erortzeko?

Emakume eta, batez ere, neska gazte gehienak edozer gauza egiteko gai dira gizen ez egoteko, besteak beste, dietak. Dieta egoki bat egitea eta honi laguntzeko kirol pixka bat egitea oso egokia da gure osasunerako. Gehiago esango nuke: nire ustez, beharrezkoa da osasuntsu egoteko. Dena den, arazoa ez da dieta egitea; izan ere, buruhaustea dietaren aukeraketan baitago. Neska gazte asko ez dira espezialistengana joaten dieta hasi aurretik, beraien aldetik jartzen dira abian. Honek ondorio larriak izan ditzake, batez ere, neska gazte batek ez dakielako bere gorputzari eta osasunari zer komeni zaion. Espezialista batengana joanez gero, gauzak asko aldatzen dira, berak bai baitaki zer den komenigarriena kasu bakoitzean.

anorexia2Guztiarekin ere, afera hau ez da horren larria; okerragoa baita, dieta hasi ordez, jateari uztea. Honen ondorioz, hainbat eta hainbat gaixotasun sortzen da. Horietan famatuenak, eta zoritxarrez entzutetsuenak, anorexia eta bulimia dira. Aurreko urtean, esaterako, Osakidetzak horrelako 557 kasu ezberdin detektatu zituen. Zifrak oso altuak dira, hala ere, esan daiteke urteak joan urteak etorri, kasu gutxiago daudela, 2004an 640 kasu baitzeuden. Hau horrela izanagatik ere, oso altuak dira zenbakiak eta garbi dago zer edo zer egin beharra dagoela kasu berri gehiago ez egoteko.

Emakume guztiek 90-60-90 neurriak eduki nahi izatearen arrazoi nagusienetakoa moda da. Modan jartze horretan, zalantzarik gabe, TELEBISTAK erru handia du, argi eta garbi baitago gazteengan izugarrizko eragina duela. Hau, batez ere, aktore edo bestelako ospetsuen eraginarengatik gertatzen da. Gehienak oso argalak daudenez eta gazteen eredu direnez, gazte guztiek beraien antza izan nahi dute. Ondorioz, argalak egon nahi izaten dute eta jateari uko egiten diote hori lortzeko.

Aipatutakoa, ordea, ez da janaren erdeinua bultzatzen duen eragile bakarra. Moda da garai honetan gazteengan gehien eragiten duen faktorea. Esan bezala, moda oso garrantzitsua da gaur egun gazteentzat eta, horren haritik, pasarelek eta bertan agertzen diren modeloek eragin zuzena dute. Modelo hauetako asko anorexiak jota daude, eta hori da haiek imitatu nahi dituzten gazteak ere anorexian erortzearen kausa nagusienetako bat. Hona hemen bideo bat ikusteko zer nolako ondorioak ekar ditzakeen jateari uzteak:

Aurreko guztia laburbilduz, esan dezakegu emakume guztiak ez garela berdinak eta, ondorioz, bakoitza den bezala onartzea izango litzatekeela egokiena, batez ere, anorexiaren antzeko gaixotasunak saihesteko eta bizitza osasuntsuagoa izateko. Bide horretan, kirola egitea eta jaki osasungarriak jatea da egokiena, eta EZ JANA UZTEA!!!!

Comments { 2 }

Haur-pornografiari EZ!

pornografia_infantil_noAsko eta asko dira egunero umeen bideoen bila sarean ibiltzen diren pederastak. Gaur, azaroak 20, Umearen Egun Unibertsala da, eta anonimotasunaz baliatuz ehunka haurren bizitzak zapuzten dituzten horien aurka egiteko egun aproposa dugu, egunero-egunero borrokatu behar genukeen arren.

Internetek muturren aurrean jartzen die euren irrika sexual gaixoti eta gaitzesgarria asetzeko abagunea. Sareak, ordea, euren aurkako kanpaina bat antolatu du. Blogokanpaina honen xedea ahalik eta blog gehienek “Haur-pornografiari EZ” (Pornografía infantil NO) esaldia idatziz Interneteko bilatzaileak betetzea da. Modu horretan, lotsagarrikeria horrekiko erdeinua argitara emango dugu. Esaldi horretaz gain, pederasta eta pedofiloek bilatzaileetan erabiltzen dituzten “angels”, “lolitas”, “boylover” edo “preteens” moduko terminoak txertatuko ditugu, burugabe horiek aipatutalo bilaketak egiten dituztenean, praktika horiek salatzen dituzten idatziekin topa daitezen.

Euskaljakintzak blogokanpaina honekin bat egin nahi izan du, gizartea astintzen duen errotik moztu beharreko “arazo” horren aitzi, bere hondar aletxoa ipini eta indibiduo lizunen ekintzak salatzeko. Haur-pornografiari EZ! (Pornografía infantil NO)

Comments { 4 }
-->