Tag Archives | hautagaiak

Lehendakaritzarako hautagaiak izandakoak gertutik

mintegirekinDenok nahitaez dakigunez, duela gutxi izan dugu EAEn hauteskunde-kanpaina, eta horregatik alderdi guztiek beraien hautagaiak eta programak aurkeztu dituzte. Ez da pasatu minutu bat, zeinetan hauteskunde-publizitatea ez dugun jaso: kalean hautagaien kartel bat ikusi, egunkarian debate baten laburpena irakurri, irratian eslogan bat entzun… Etxean lasai-lasai irakurtzen egonda ere, megafonoz ondo horniturik dagoen kotxe bat pasatu da noiz edo noiz alderdiren baten abestia entzunaraziz!

Baina egoera horren aurrean, zera galdetzen diot neure buruari: bozkatu dugun, hots, hurrengo lau urteetan gure Lehendakari izatea nahi dugun hautagaiaren izaeraz eta pentsaeraz zer dakigu? Aurkezten diguten pertsona idealizatu -edo deabru bihurtua, publizitatea egin duenaren arabera- horrek zer du errealaz? Horrenbeste mirestu (edo gorroto) dugun gizaseme hori, nolakoa da?

Esan bezala, hauteskundeak igaro dira. Ikaskide talde batek hautagaien gazteekiko politika zein litekeen ikertzeari ekin genion, elkarrizketa ezberdinen bidez. Ondorioak eta egindako lan guztia euskaljakintzan argitaratu genituen: #u21, gazteon ikuspegia. Hasieran, itxaropen handirik gabe; denbora aurrera joan eta baiezkoak jasotzen genituela ikusita, aldiz, gogo eta motibazio handiagoz, elkarrizketak hitzartzen eta material guztia prestatzen joan ginen. Urduritasun handiz zenbait elkarrizketa burutu genituen; nahi genituen beste batzuk, berriz, ezin izan genituen egin.

urkullurekin2Baina nire (hobeto esan, gure) ustekabea bestelakoa izan zen. Hautagaiengana aurreiritzik gabe joatea proposatu arren, beti izango dugu denok ikuspegi konkretu bat, aurretik egina jasotako informazioa dela eta; alderdiek publizitatearen bidez eman digutena. Hala ere, aipatu bezala, nire ezustekoa bestelakoa izan zen: hautagaiak gertutik ezagutzean, pertsona arruntak direla konturatu nintzen, gure inguruko pertsonak bezalakoxeak. Aurreiritziz beterik joan nintzen, beraien izaera ezagutzen nuela pentsaturik, eta ikusi nuena guztiz txunditurik utzi ninduen. Aurrean nuen hori, nik konpartitzen nituen ideia politikoak ez izan arren, nire herriko ezagun bat izan zitekeen, nire irakasle izandako bat… herriko jende arrunta azken finean. Eta berdin beraien talde eta alderdikideekin. Norbaitek pentsatuko luke politikoki bere iritzietatik guztiz urrun dagoen beste norbait ezin dela pertsona ona izan, baina errealitatea guztiz kontrakoa da. Ezberdin pentsatu arren, ez dira (edo gara) horren ezberdinak.

Aipatu dudan bezala, harriturik utzi ninduen hautagaien gertutasunak, batik bat politikari moduan ezagutzen nituelako, eta politikaren munduan esandakoaren araberako iritzia egina nuelako. Elkarrizketa hauek burutu ondoren, baina, ondorio batera iritsi naiz: politikariak, politikari baino lehenago, pertsonak dira. Denok hori kontuan izango bagenu bozkatzeko orduan, hautagaien izaera eta portaera ezagutuko bagenu, agian, hobeto pentsatuko genuke nor bozkatu, eta, agian, hobeto joango litzaiguke.

aranarekinErrandako guztia labur-labur esanez, nahiko nuke azpimarratu politikarien -eta batik bat hautagaien- inguruan dugun ikuspegia okerra edo ez guztiz osatua izan daitekeela, politikariek ez baitute soilik alderdi publikora begira dagoen aurpegia; alderdi pribatura begira dagoen beste aurpegi bat dute, gertutasunean nabaritzen den beste aurpegi bat. Lehendakariak, edozein delarik, botere handia du, eta botere handia duen norbaitek ezin ditu egiten dituen ekintza guztietan aurpegi bi horiek banandurik mantendu. Horregatik da horren garrantzitsua hautagaiak gertutik ezagutzea, irabazteko kasuan, benetan nork agintzen duen jakin dezagun, ez soilik komunikabideetan ikusten duguna ezagutu.

Hala ere, hori guztia esan ondoren, galdera bat sortzen zait: gertutik ezagutu ditudan hautagai horien aurpegiak zer dira, beraien aurpegiak edo publikorantz begira dagoen beste aurpegi bat? Zer pentsatu ematen du honek ere…

Comments { 0 }
-->