Tag Archives | komertzio txikiak

Komertzio txikien heriotza?

kaleaGabonak edo udako oporrak, aste bukaera edo astegunak, zubiak edo jai egunak… edozein egunetan zerbait erosi behar badugu -bai arropa, bai oinetakoak, bai janaria, bai etxetresna elektriko edo hamar mila gauza gehiago-, dendetara jotzen dugu. Nora joaten gara, baina? Gure herriko komertzio txikietara edo merkatal gune handietara? Edozein egunetan, merkatal gune batera joanez gero, beti leporaino dagoela ikusiko dugu; gure herriko dendetara joanez, aldiz, askotan erdi hutsik edo hutsik ikusiko ditugu. Zer gertatzen ari da?, zergatik nahigo ditugu merkatal guneak komertzio txikien ordez?, zer du handiak txikiak ez duenik? Pasa gaitezen, bada, gaia atalez atal jorratzera.

Merkatal guneak ez dira atzo goizeko kontuak, aspaldikoak dira eta arrakasta handikoak gehienetan. Egia da erosotasun handiagoa, aukera anitz nahi dugun objetua aurkitzeko, promozio handiagoak produktuetan, autoentzako aparkaleku ugari, aisialdirako guneak… aurkituko ditugula merkataritza gune handietan. Hauek guztiak, orokorrean, ezin aurki ditzakegu komertzio txikietan; dena den, txikiek ere badituzte euren alderdi onak.

Hasteko, harrera. Komertzio txiki tradizional batera joaten garenean, atentzio handia eskaintzen digute. Gune handiak jendez lepo egoten direnez, korrika eta presaka hartzen gaituzte, eta edozein gauza saltzen digute. Bestetik, kalitatea. Hauetan, orokorrean, kalitate oneko produktuak aurki genitzake; izan ere, adibidez, elektronika alorrean dugun “Media markt ” delako kate handian,prezio merkeak aurkitzen ditugu, baina askotan ezin konpara ditzakegu komertzio txiki batean aurki ditzakegun produktuen kalitatearekin. Ondorioz, konfiantza ere eskaintzen digute txikiek, bere lanean espezializatuagoak daudelako.

merkatal guneBien alderdi on eta txar batzuk gainetik aipatuta, zer ari da gertatzen? Hauxe, bada, komertzio txikiak hiltzen ari direla. Bai, etorkizuna leizea baino ilunago dute komertzio txikiek! Eta hein handi batean, merkatal guneen ondorioz da, batez ere inguruan gertu badute baten bat. Jende askok, abantaila gehiago aurkituta, nahiago izaten ditu merkatal guneak; horregatik, komertzio tradizionaletara joateari utzi dio. Azken finean, merkatal guneek bai promozio, bai beherapen, bai publizitate edo mila gauza gehiagorengatik jendea irabazten dute; eta txikiek, ordea, eskaintzak edo beste edozer gauza egiten ahalegintzen badira ere jendea erakartzeko, ez dute irabaztea lortzen, ezta eta lortuko ere; izan ere, arestian esan bezala, handiak txikiak jaten ari baitira.

Are gehiago, krisian murgildurik egoteak ez du ondorio onik. Hemen ere zatirik okerrena komertzio txikiak nozitzen du,kontsumoa moteltzeak zuzenean eragin baitio komertzio tradizionalari; izan ere, jendeak diru gutxi gastatu nahi eta, behin eta berriz bai prentsan eta bai telebistan merkatal guneen eskaintza handiak ikusten ari garenez, horra jotzen du. Ondorioz, krisiak bultzatuta, urteko jai egun batzuetan, komertzio batzuk ateak ireki dituzte, mozkinak berreskuratzeko asmotan. Halere, agian ez da bide egokia; izan ere, honek merkataritza-gune handiek gauza bera egitea ekar lezake.

Aurreko guztia laburbilduz, zera esan daiteke: erosotasun edo aukera gehiago bilatzera merkataritza guneetara jotzen dugu. Nolanahi ere, merkatal zentro handiak ez du, inondik ere, merkatari txikia eta herriko bizitza sustatzen; aitzitik, faktore ilun bat da komertzio txikiarentzat. Beraz, iruditzen zait saltoki tradizionalak indartu beharrean daudela herriko ekonomia, nortasuna eta kultura galdu ez daitezen. Ez baitugu hori galtzea nahi, ezta?

Hona hemen bideo bat egungo errealitatearen erakusle:

Comments { 6 }
-->