Archive | 2006

KONPARAZIOAK

KONPARAZIOAK

Atal honetan bildutako konparazioak HABEre Euskara-Atalak jasoak dira.

Barea baino hotzagoa.
Tximiniko kea baino alperragoa.
Zahia baino alperragoa.
Elurra baino zuriagoa.
Zumea baino bigunagoa.
Olioa bezain leuna.
Hego haizea baino arinago.
Kazkabar alea baino xeheagoa.
Katua elorrian bezain larri.
Kea baino gutxiago gustatu.
Orrazia bezain zikina.
Lurra baino apalagoa.
Oilo kolka (loka) bezain nahasia.
Lupua baino txarragoa.
Txingarra baino beroagoa.
Gibelaundi urkabean baino lasaiago.
Isil-poltsa baino ezkutuago gorde bere asmoak.
Ardi zaharra baino apalago.
Upela baino handiagoko mozkorra.
Erratza baino latzago.
Lukainka baino luzeago.
Orbela baino makalago.
Zorria baino lotsagabeago.
Leizea baino ilunago.
Garo lehorra baino iharragoa.
Lurra baino faltsuagoa.
Mugarria baino gehiago ez mugitu.
Bakailoa baino iharragoa.
Galbahe zaharraren zuloa baino lasaiagoa.
Txoria baino arinagoa.
Akerraren adarra baino bihurriagoa.
Papera baino meheagoa.
Eztia bezain goxoa.
Aingiraren buztana baino labanagoa.
Tiroa bezain xuxen.
Harrobitik harria bezala.
Kedarra baino sikuagoa.
Sugeak sustatzeko moduko soinekoa.
Ijito auzia baino nahastuagoa.
Bi zangoak baino adiskideago.
Gazta zaharrak harra baino gehiago.
Ardi zaharra baino atseginago.
Labezomorroa baino itsusiago.
Morroi alperra baino txarrago.
Tximinia baino beltzago.
Kupela baino lodiago.
Sasiko masustarik helduena baino bigunago.
Igela baino argalagoa.
Pestea baino txarragoa.
Harrobitik harria bezala (sortu).
Euliak baino fundamentu gehiago ez eduki.
Txantxangorriak baino buru gehiago ez izan.
Errotarria baino lehorrago.
Kaka baino errazago (egin?)
Arranoa baino beltzago.
Jostorratza baino zintzoagoa.
Anpolaia baino gorriagoa.

Begiko makarra baino gutxiago ikusi nahi.
Kaieko portalea baino buru handiagoa.
Ardatza baino tenteago.
Eztaietara baino pozikago.
Tximista baino agudoago.
Harria baino gogorragoa.
Akerraren adarra baino gogorragoa.
Ardagaia baino lehorragoa.
Harkaitza baino egoskorragoa.
Zorria baino alperragoa.
Gorotza baino alperragoa.
Arbilorea baino alperragoa.
Umea harria baino gogorragoa.
Hiltzea baino gehiago pentsatu gabe.
Paziko esnea baino lasaiagoa.
Barea baino motelagoa.
Eguzkia baino argiagoa.
Larrosa baino ederragoa.
Esnea bezain zuria.
Zotza bezain alferra.
Altzairua bezain fina.
Atunak bezalako begi zabalak.
Oilo koroilduen antzera.
Bare zaharra baino motelago.
Zorria baino setatsuago.
Zorria baino lotsagabeagoa.
Atuna baino azkarrago.
Balea baino adoretsuago.
Piperra baino gorriago.
Itsasoaren orrua baino hondoago.
Hego haizea baino harroago.
Pikea baino beltzagoa.
Txakurraren muturra bezain hotz.
Lezea baino ilunagoa.
Lapak atxari baino gogorrago eutsi.
Zirauna legezko saretxalopa.
Abenduko eulia bezain lotsa gutxikoa.
Gatza uretan bezala urtu.
Hego haizeak adina urte izan.
Harra bezain gizen.
Kukusoa baino txikiago.
Orratza baino argalagoa.
Txibi-hezurra baino zuriago.
Ur-txakurrak nagusiaren aurrean baino urduriago.
Ernio baino gorago jaso.
Mendiko arroka bezain gogorra.
Eztula baino zaharragoa.
Haga bezain luzea.
Upela adinako andrea.
Haritza baino gogorragoa.
Txepetxak baino indar gutxiago.
Pika bezain ohoina.
Hesola bezala gogortu (besoa).
Itsas-aingira lakoxe treineruak.
Izurdea gogorrago.
Atarian legez elizara.
Barea baino hotzagoa.

Comments { 0 }

KORTESIAZKO ESAPIDEAK

KORTESIAZKO ESAPIDEAK

1. AGURRAK:

Formalak:

Egun on!
Eguerdi on!
Arratsalde on!
Gabon!

Erantzunak:

Baita zuri ere!
Halan ekarri!
Berdin!

Hain formalak ez direnak:

Kaixo, zer moduz? Ondo esan beharko!
Zelan zabiltza? Ni ondo, eta zu?
Zer moduz? Tira, betiko moduan.
Eup! Eup!
Aupa! Aupa!
Aspaldiko! Hain aspaldiko ere!
Nola, ba, zu hemen?
Zer berri dugu? Bat ere ez, betikoa!

Agur esateko:

Beno, agur! Ni banoa. Agur eta ondo ibili!
Agur eta laster arte! Agur, ba!
Gabon guztioi! Agur! Gabon eta ondo lo egin!
Adio eta ongi izan! Baita zuri ere!
Jaun-andreok, agur t’erdi!

Ongi etorria emateko:

Ongi etorri!
Hemen beti izango zarete ongi etorriak!

Ezagutzen ez dugun norbaitekin:

Pozten naiz!
Pozten nau zu ezagutzeak!
Baneukan zu ezagutzeko gogoa!

Berriro ikusiko dugulakoan:

Gero arte! Gero arte, bai!
Gabon eta bihar arte!
Hurrengora arte eta ondo ibili!
Datorren astera arte!
Elkar ikusi arte! Ikusi arte, bai!
Laster arte! Laster arte, bai!
Agur eta ondo ibili!
Ondo izan! Berdin!
Agur eta ondo segi!
Zortea izan!

Goraintziak emateko:

Goraintziak zure senarrari!
Eman goraintziak nire partez (nire aldetik)!
Eskumuinak eman etxeko guztiei!

Jaten ari den norbait agurtzeko:

On egin! Eskerrik asko!
On dagizula! Eskerrik asko!
On dagizuela! Mila esker!

Zenbait egun edo aldi berezitan:

Urte berri on! (Urte Berrian)
Eguberri on! (Gabonetan)
Zorionak! (Urteirrenetan eta Gabonetan)
Goian bego! (hildakoengatik)

2. ESKERRAK EMATEN:

Eskerrak emateko:

Eskerrik asko!/Esker anitz!
Eskerrik asko denagatik (guztiagatik)!
Mila esker!/Esker mila!
Bene-benetan eskertzen dizut!
Ez dakizu zenbat eskertzen dizudan!

Erantzuteko:

Eskerrik asko! EZ HORREGATIK!
Eskerrik asko! EZ DAGO ZERGATIK!
Eskerrik asko! EZ DA EZER ERE!
Eskerrik asko! BAITA ZURI ERE!

3. BARKAMENA ESKATZEN:

Barkamena eskatzeko:

Barkatu; ez naiz konturatu!
Barkatu; ez zaitut ikusi!
Sentitzen dut, nahi gabe izan da!
Ez dakizu zenbat sentitzen dudan!

Barkamen-eskabideei erantzuteko:

Barkatu! Lasai, ez da ezer.
Barkatu! Ez dauka garrantzirik.
Barkatu! Ez kezkatu, ez dio axola (ardura).
Sentitzen dut! Lasai, berdin dio.

4. OHIKO AKATSAK:

1. Zenbait hiztunek norbait agurtzean, aurrerago ikusiko dutelakoan badaude, gaztelaniatik hitzez hitz itzulitako “beste bat arte” esapidea erabili ohi dute. Adibidez:

*Gabon eta BESTE BAT arte!             Gabon eta HURRENGORA ARTE!

Iturria:

EUSKAL GRAMATIKA OSOA: Ilari Zubiri-Entzi Zubiri (851-53 orr.)

Comments { 0 }

ZIRKULUA – Andoni Urzelai

Andoni Urzelai Andoni Urzelai, literaturarengatik baino egun burutzen duen lanagatik izan daiteke ezagunagoa, izan ere, aretxabaletar honek, urte luzez Arrasateko Goiena Komunikazio enpresan ibili ondoren, Bainet tv ekoiztetxean egiten du lan, guztiok ezagutzen dugun “La Cocina de Karlos Argiñano” saioan.

Bere lanagatik ezagunagoa gerta daitekeela diot bere bigarren eleberria baita hau. Aurrekoarekin, Haginkada, Kutxa Irun hiria literatur saria irabazi zuen 2002an. Hala ere, idazle famatu edo arrakastatsua ez izateak ez ninduen atzera bota liburua aukeratzerakoan. Izan ere, liburu bat aukeratzerakoan, irakurtzen ari naizen bitartean nire arreta mantentzeko gai izango den begiratzen dut, ez dut nire pentsamendua aldatuko duen istorio bat bilatzen. Horregatik ez naiz oinarritzen liburua aukeratzerakoan besteengan eragindako arrakastan, nire gustukoa izatea baino ez baitut bilatzen.

Nik, literaturaren zale amorratua ez den honek, lehen esan bezala, irakurtzen ari naizen garaian nire arreta istorioan mantentzea lortzen duten istorioak ditut gogoko, irakurtzen amaitu arte irakurlea paparretik helduta mantentzen dituztenak. Hau lortzea errazagoa izaten da akzioa badago, istorioan gertakizun asko kontatzen badira. Idazlea denboran salto ugari egiten baditu eta pertsonaien pentsamenduak gehiegi aztertzera sartzen bada, askotan irakurlea galaraztea eragin dezake, eta ni bezalako irakurle ez amorratuengan baita logalea ere. Eta arrazoi horrengatik aukeratu nuen Zirkulua, udal liburutegian bere atzeko azala irakurtzean, nire iguripenak beteko zituela pentsatu nuelako, nire estiloko istorioa zelako. Baziren bere ondoan fama gehiago zuten liburu ugari, beren azaletan sari ezberdinen irabazleak zirela adierazten zutenak. Baina hau aukeratu nuen, eta, egia esan, ez naiz damutzen. Hemen duzue liburu hau aukeratzea bultzatu ninduen liburuaren atzealdean azaltzen den testua.

Liburuaren azala Eta ezagutzen dugun munduaren azpian beste bat balego? Eta ezkutuko mundu hau begi-bistan daukaguna baino anker, beltz eta siniestroagoa balitz? Zerk motibatzen du pertsona bat beste bat hiltzera? Areago, zerbaitek justifikatzen al du erailketa bat? Zer gertatuko litzateke bitarteko etiko minimoenak ahaztu, eta Estatuko indar boteretsuenak euskal abertzaleen aurka ekiteko batuko balira?
Zerbitzu sekretuek ETArekin behin betirako amaitu nahi dute. “Big bang!” operazioak Euskal Herriko kaleetan izua barreiatzea du helburu. Hor du abiapuntu eskuartean daukazun nobelak. Hortik aurrera, intriga… traizioa… tentsioa…

Zirkulua nobelak, irakurlea paparretik heldu, eta ikusi nahi ez lukeen mundu batera eroango du: telebistaren xarmak itsututako gizagaixoen mundura, interes politiko zein pertsonalen aitzakian edozer egiteko prest daudenen mundura… Azken batean, horixe baita esku artean duzun nobelan planteatzen den galdera: zer egiteko prest zeundeke, gizarte honetan NORBAIT izatera iristeko?
Eta, ikusi, entzun, usaindu, sentitu edo sinesten duguna beste batzuek ikusi, entzun, usaindu, sentitu edo sinistaraztea nahi digutena baino ez balitz?

Testu honek azaltzen duen intriga eta misterio puntu hori istorio guztian zehar mantentzen da, eta hori da edozeren gainetik nabarmendu nahi nukeena, irakurtzen erraza dela. Irakurlea momentu oro istorioari erne mantentzen duela, pertsonaia ugari azaldu arren kontatzen den guztiaz jabetzen dela, eta seguruenik euskal nobelagintzaren historiara pasatuko ez den liburu bat izan arren, irakurlea gustura uzten duela, irakurtzen amaitu ondoren, beste liburu batzuek irakurritakoaren inguruan gogoeta handirik egiteko aukera ematen ez duena, baina azken finean, irakurle gehienok bilatzen duguna eskaintzea lortzen duena, irakurleari une atsegin bat pasaraztea.

Eta nire iritziarekin guztiz bat datorren kritika bat aurkitu nuen sarean, Felipe Juaristi idazleak “El Diario Vasco” egunkarian egindakoa. Hona hemen:

Irakurri dut Andoni Urzelairen eleberri hau. Egia esan, hasi eta buka egiten diren horietakoa da, ez literatur kalitateagatik. Ez dut uste euskal literaturan eragin handirik izango duenik, baina, erraz irakurtzeaz gainera, interesa pizten duela ezin uka. Hiltzaileen pelikuletan ere horixe bera gertatzen da, akzioak bera darama ikuslea, akzio hutsak, kalitateak bainoago. Hemen, literatura klase honetan, eta salbuespenak salbuespen, izan ere literatur lan handiak baitaude genero belztean ere, antzeko zerbait gertatzen da, akzioak berak, hilketa kateak eta horrek dakartzan ondorioek, horrek mugimenduan jartzen dituen kontrako indarrek (detektibeak esaterako), interesa pizten dute, era primarioan piztu ere. Ala ez al gara lelo-lelo eginda geratzen telebistari begira, hango zaborra irensten, hango odol eta erraietako isuria zanga-zanga edaten?

Egia ere bada, liburuak, eta horrexek salbatzen du saioa, baduela zentzu ironikoa, errealitatearekiko distantziamendua erakusten du, eta errealitatea, esajeratua delako, deformaturik ageri da, barregarri azken finean. Nola zirkoko ispilu batzuetan gure irudia ere deformatua ikusten dugun, halaxe ikusten da errealitatea, loditua, itsustua. Gaia zera da: CESIDeko agente batzuek erabaki dute ETAri herri-sostengua kentzeko izua sortu behar dela kaleetan eta horretarako beren hiltzaile bat ipintzen dute jendea hiltzen. Azkenik ETAk berak ere parte hartzen du, sarraskia geldiarazteko. Esan dut lehen ere: zentzu ironikoan ez bada, ezin da ulertu nobela. Izan ere, pertsonaien argumentazioa oso kaxkarra baita, ez lukete Unibertsitatean sartzerik izango halako gizon-emakumeek, halako salbatzaileek. Eta, gainera, ETAren bileraren deskribapena dago, bueno Badakit jenero hau gero eta ugariagoa dela gure literaturan. Eta ez deritzot ez ongi ez gaizki. Bakoitzak ahal duena egiten baitu, euskal letretan izen baten jabe izateko.

El Diario Vasco, 2004-07-23

Aurretik esandakoari Felipe Juaristik aipatutako ironia puntua gehitzea besterik ez zait falta. Izan ere, liburuak, guztiok bizi dugun arazoa ironia puntu batez azaltzen du, gauzak bapigakatuz, istorioa irakurlearentzat erakargarriagoa egiten duena. Atentzioa deitu dit, eta asko gustatu zait, intrigazko edo polizia eta hiltzaileen arteko istorio batek, guztiok ezagutzen dugun arazo batean oinarritzea. Izan ere, ohituak gaude mota honetako istorio guztiak Hollywooden kokatzera, eta erakargarritasun puntu bat ematen dio istorioa Euskal Herrian bertan kokatzeak.

Beraz, liburua gomendatzea besterik ez zait falta. Nire antzera, irakurtzeak gehiegi erakartzen ez bazaitu, oso hizkuntza errazean istorio guztiz interesgarri bat kontatzen duen liburu hau proposatzen dizut, oso erraz irakurtzen dena, eta irakurlearen arreta hasieratik amaierara arte istorioan mantentzen duena. Honek guztiak ez du esan nahi irakurle amorratu zaretenoi liburu hau gomendatzen ez dizuedanik, noski! Ziur nago zuek ere atsegin handiz irakurriko duzuela liburu hau.

Andoni Urzelairen eleberriari buruz kritika gehiago irakurri nahi badituzue, egin klik hemen edo hemen.

Comments { 0 }
-->