About Maite

Author Archive | Maite

Euskarazko Produktuen Katalogo berria zabalduko da aste honetan Ordizian

Ondorengo mezua jaso dugu Ordiziako Udalako komunikazio teknikaria den Ana Irastortzarengandik. Zuen interesekoa izango delakoan, hementxe uzten dugu. Ea urte osoan zehar gure ingurukoei euskarazko ekoizpenak oparitzen dizkiegun!

Hurrengo egunotan banatuko dira 200.000 ale inguru Euskal Herri osoan

Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota bideoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute, beste urte batez —aur­ten­goa 13.  edizioa da—, Euskal Herriko 105 udal eta man­ko­mu­nitatetako Euskara Zerbitzuk. Euskal Herriko hainbat lurraldetako teknikariak elkarlanean aritzen dira kata­logoa prestatzeko, eta, alde horretatik, garrantzi berezia dauka egitasmoak.

Merkatuan euskaraz dauden produktuen eskaintza ezagutzera eman nahi dugu; baliabideak eskaini nahi dizkiegu 16 urte bitarteko haur eta gazteei eta horien gurasoei; eta euskarazko produktu-eskaera ugaldu nahi dugu, merkatua dinamizatuz eta indartuz. Hala, aurten 1.000 katalogo inguru banatuko ditugu Ordizian, eskolaren bitartez.

Merkatuan dauden produktuen artean hautaketa egin da, berritasuna, egoki­tasuna eta kalitatea kontuan hartuta; eta zortzi ataletan sailkatuta jaso dira: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jos­tai­lu eta jokoak, DVD eta informatika pro­duktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Gainera, produktu bakoitza­ren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa egiten da.

Horretaz gain, www.katalogoa.org webgu­nean, paperean jasotako produktuez gain, merkatuan aurki daitezkeen beste asko agertzen dira. Aukera dago, gainera, argitaletxearen denda birtualera iristeko produktuaren gainean klik eginez eta, nahi izatera, begiz jotako produktuaren erosketa etxetik egiteko. Urte osoan zehar bizirik eta eguneratua dagoen gunea da, argitaletxeek berek aukera baitute produktu berriak sartzeko merkaturatu ahala eta deskatalogatuak gelditu direnak kentzeko. Hartara, Euskarazko Produktuen Katalogoaren webgunea urte osoan kontsulta daiteke, eta irakurleek, beren iruzkinak eta komentarioak egin ahal izango dituzte bertan, irakurri, ikusi, entzun edota jostatzeko hautatu duten produktuaren inguruan.

Paperezko edizioari dagokionez, aurten 200.000 ale inguru banatuko dira Euskal Herri osoan.

Comments { 1 }

Buber saria euskaljakintzarentzat!

Berandu da, nekatuta nago eta oso urrutitik idazten dut (esker mila Mondragon Unibertsitateari Online Educa Berlin kongresuan egoteko aukera emateagatik), baina ezin nuen aukera hau pasatzen utzi Buber saria jasotzeagatik zorionak eman dizkiguzuen guztioi  eskerrak eman gabe. Eskerrak Buber sariagatik, eskerrak egunak joan eta egunak etorri (eta badira sei urte)  gurekin egoteagatik eta eskerrak gure lagunak izateagatik. Denok dakizue, ez daukat esan beharrik, gure ekimena txikia bezain gogotsua dela: ez daukagu ez helburu handiegirik, ez lehentasun estrategikorik, ez aurrekonturik, ez ezer. Hori denok dakizue. Hori bezain ondo dakizue euskara sarean sustatzeko eta hedatzeko gogoa eta kemena ez zaigula falta. Horregatik, gaur, euskararen eguna ospatzen den honetan, saria jasotzeak bereziki poztu gaitu. Hori ere badakizue, ez daukat esan beharrik.

Zerbait berezia pentsatuta genuen euskararen eguna ospatzeko.  Une edo egun bakar bateko kanpainei ihes egin nahian, azkenaldian euskara lantzeko sortu ditugun ariketak denon eskura ipintzea pentsatuta genuen gure eguna ospatzeko, baina hori beste egun baterako utziko dugu; izan ere, gaur ibilbide honetan gurekin egon zaretenokin ospatu nahi baitugu. Aitortu beharrean nago, baina, pena bakarra geratu zaidala: hemendik ahalegin guztiak eginda ere,  ikasleak ezin izan dute  sari-banaketara joan, eta horrek goibel samar utzi nau. Dena den, badakit oso pozik daudela eta nahikoa da. Bide batez, saria gure izenean jaso duten Adaki Komunikazioak enpresako lagunei eskerrik beroenak emateko aprobetxatu nahi dut. Mila esker, Andoni, bihotzez!

Euskaljakintzaren sei urte hauetan, sari eta errekonozimendu ezberdinak jaso ditugu; halere, Buber sari hau bereziki pozgarria da guretzat euskararen sustapen eta zabalkundearen aldeko errekonozimendua delako. Euskara sarean zabaltzea eta sustatzea, jarraitzen diguzuenok ondo dakizuen bezala, izan da hasieratik gure helburuetako bat. Eta horrela jarraitu nahi dugu, edukiak sortu eta partekatzen. Ez dugu saririk behar horretarako; bestalde, aitortu beharra daukagu laztanak edo musuak gustura hartzen ditugula denok! Beraz, mila esker, bihotzez, nire eta nire ikasleen izenean.

Comments { 8 }

Jakintza ikastolako DBH 4koen ekimena genero indarkeriaren aurkako egunean

Gaur, azaroak 25, Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Asko izango dira egun osoan zehar genero indarkeria salatuko duten pertsona zein erakundeak. Nik, horien guztien artetik, ikastolako DBH 4. mailako ikasleek nire lankide Elena Riañorekin grabatu duten bideo bat ekarri nahi izan dut gure txoko honetara. Lengua Castellana y Literatura gaian gauzatu dute, eta aitortu beharra daukat izugarri gustatu zaidala. Itzela iruditzen zait, gainera, ikasleek euren xumetasunetik horrelako egitasmoak burutzea, eta ildo honetan lanean jarrai dezaten animatu nahi ditut bai ikasleak, baita bideratu dituen lankidea ere. Zorionak guztioi!

Comments { 1 }
-->