About Enara

Author Archive | Enara

Futbola teknologia berriekin bat eginik

Allianz-Arena egunez Datorren ekainaren 9an, 4000 milioi ikusle izango dira lau urtez behin gertatzen den futbol festa handi hau noiz hasiko zain. Eta ikuskizun harrigarri honek bere hasiera Municheko Allianz–Arena estadio eraiki berrian izango du , 2006ko Futbol Mundiala zabalduko duen partidua 66. 000 ikusleentzat tokia duen munduko puntako ingeniaritza duen eraikuntza harrigarri honetan jokatuko baita. Beraz, ez gara futbolaz bakarrik ari, punta-puntako teknologiaz hornituta dagoen kirol eraikuntza handienaz baizik.

Allianz- Arena estadioa eraikitzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izan. 340 milioiko kostua izan du. Bere gain du argitzapenik aurreratuena non jokatzen duen Municheko taldearen arabera aldatzen den. Bayern de Munich bada protagonista, kanpoaldea eta eserlekuak gorritu egingo dira. TSV 1860 taldea bada, aldiz, urdina bihurtuko zaigu.
Alemaniar selekzioa bada, ordea, txuria izango da kolore nagusiena. Bestalde, lehena izango da alemaniar estatuan hiru altueratako eserlekuak dituena. 66. 000 eserleku hauek guztiak daude estalita eta, zauden lekuan zaudela, partidua ederki ikusteko aukera dago, eserlekuak zelairi ondo begira jarrita baitaude. Gainera, 4 752 kiloko bi pantaila erraldoi daude 16:9 formatukoak zelaiaren alde banatan, ikusleek jokaldirik onenak kalitaterik onenarekin ikus ditzaten.

Allianz -Arena gauezHala ere, ez da beharrezkoa barnera sartzea lan honen izugarriaz jabetzeko. Batzuen ustez, ovni baten itxurakoa da, eta bere presentziaz ohitu diren hiritarrek harro Schlauchboot edo gurpil flotagarria dela aipatzen dute. Itxura hau, estadioa estaltzen duten fluor erretxinez eraikitako 2 874 kuxinei zor zaie. Hauek, gainera, elurra eta euria lurrintzeko gai dira eta baita izpi ultramoreak pasatzen uzteko ere, horrela belarraren hazkundea erraztuz. Honez gain, lurrazpia berogailu batez hornituta dago 30 eta 35 gradu arteko tenperatura mantentzeko gai dena.

Bukatzeko, aipatu, paradisu honetan badagoela futbolak bezainbeste diru ekoizten duenik. Merchandising zatiaz ari gara. Estadioaren alderdi guztietan aurki daitezke dendak, jatetxeak, kafetegiak, kioskoak eta baita haurtzaindegiak ere. Zorionez, elbarriek ez dute arazorik izango, sarrera zabalak eta edonon arrapalak baitituzte. Hau guztia gutxi balitz, proiektu honek izugarrizko itxuraldaketa ekarri dio kokatuta dagoen auzoari. Metro geltoki bat eraiki da eta errepide berrien eraikuntzak izugarri erraztuko du zaleen etorrera. Horretarako, estadioak barnean 1200 autoentzako aparkalekua izateaz gain, ondoan Europan inoiz eraiki den aparkalekurik handiena izango du, 9000 auto eta 350 autobusentzako lekuarekin.

Beraz, Municheko biztanleek argi daukate: ez zaie axola Berlin eta Hamburgo handiagoak izatea, edo Francfurt finantzen erdigune izatea. Futbolaren erdigune Munich bilakatuko baita inongo dudarik gabe. Baina horretarako ekainera arte itxaron behar!

Comments { 0 }

Gozokiak: jarkiezinezko tentaldia

Inor ez du goibeltzen gozoki batek. Gaur egun, ordea, esaera zahar hau entzutea nahiko zaila da. Izan ere, gero eta jende gehiago arduratzen da bere kanpo itxuraz -baten bat ere bere osasunaz, nola ez- eta gozokia ahoan sartzeak izugarrizko buruhausteak ekartzen ditu. Eta, noski, gabonek ez dute ezertan laguntzen, garai egokiena baita urtean zehar esfortzu handiz galdutako kiloak berreskuratzeko. Datu batzuk ematearren, espainiar estatuan 24 tona turroi eta mazapan eta milaka kilo txokolate, pastel eta beste hainbat gozoki kontsumituko dira garai hauetan. Eta ez hori bakarrik, urtean zehar 2,4 kilo karamelu, txikle, litxarreri, etab. irensteko ohitura omen dago. Alde batetik, osasunean adituek jatorduetatik baztertzeko gonbitea luzatzen dute; baina, bestetik, iragarki eta erakusleihoetan hauek ikustean, tentaldian erori beste irtenbiderik ez dugu aurkitzen. Baina benetan elikagai debekatuen zakuan sartzea bidezkoa al da? Hain kaltegarriak al dira? Bai eta ez.

Gozoak Egia da gozokiak ez direla gure behar elikagarrietan sartzen, eurak gabe lasai asko bizitzeko ahalmena baitugu. Hala ere, baita egia da ere gizakiaren izatea tristeagoa litzatekeela hauek gabe, arraroa baita erosketak egitetik gozoren bat gabe irtetea. Gainera energia handiko elikagaiak dira. Adibidez, turroi biguneko 100 gramo bakoitzak 530 kaloria eskaintzen dizkigu . Horrez gain, jaki osoak direla esan dezakegu, proteina, azukre, gantz azidoz, mineralez eta bitaminaz osatuak baitaude. Ezin dugu esan, ordea, denek propietate berak dituztenik. Litxarrek, esaterako, forma dibertigarri eta zapore atseginagatik ume eta helduak erakartzen dituzte berehala. Baina mantenua ez eta kaloriak besterik ez dituzte. Horrez gain, maiz gozatzen badira eta aho garbiketa egokia ez bada, txantxarraren agerpena segurua da. Hau dela eta, umeak gozotegietatik urrun mantentzea gomendatzen dute, azken urteetan loditasun tasaren gorakada dela eta: espainiar estatuko gazteen %14ak loditasun arazoak ditu. Izan ere, gure organismoak karbohidratoak edo azukreak gantzean bilakatzeko joera du hauen kantitatea gehiegizkoa bada.

Alabaina, ez larritu! Hainbat ikerketak frogatzen duenez, delizia hauen erregeak, txokolateak, baditu txapela kentzeko propietateak ere. Hasteko txokolate beltzak, %70 edo gehiagoko purutasunekoak, hipertentsioa jaisten laguntzen du. Horrela ziurtatu du L´Aquiako italiar unibertsitateak, 15 egunetan zehar gaixo hauei txokolate beltzeko txokolatina bat emanez. Beste alde batetik, Nature aldizkarian agertu zenez, txokolate beltzak odoleko sustantzia antioxidagarrien gehikuntza eragiten du eta honek bihotzeko gaixotasunak edota minbizia ekidin dezake. Azkenik, iaz Helsinkiko unibertsitateak egindako ikerlanak ziurtatzen zuen haurdunaldian zehar gozo hau hartzen zuten emakumeek seme -alaba alaiagoak eta irribarretsuagoak izango zituztela.

Beraz, gabonetan ez pentsatu eta gozatu. Gero gerokoak!!

Honi guztiari buruz zerbait gehiago irakurri nahi izanez gero, klikatu hemen

Comments { 1 }

HERIOTZAREN ZERRENDA

espetxea Estatu Batuetan eztabaida berriro ere pizturik dago. Oraingo honetan heriotza- zigorraren inguruan sortu da izugarrizko iskanbila. Izan ere, orain dela hamaika urte saltoki bateko langile bat hil zuen gizona exekutatu baitzuten duela egun batzuk. Horrela, Shawn Paul Humphries hilarazia izan den 1001. presoa bihurtu zen, lurraldean 1976.ean heriotza-zigorra berrezarri zenetik. Hala ere, 1000. heriotza ordu batzuk lehenago gertatu zen, Kenneth Lee Boyd presoak emaztea eta aitaginarreba hiltzeagatik zigor latza jaso zuenean.

Boydek orain dela hamazazpi urte hil zituen bere emaztea eta honen aita seme-alaben aurrean. Errudun zela ziur zegoen arren, horrelako hilketa Vietnamgo gerran bizi izan zituen esperientziei, alkoholarekiko dependentziari eta adimen urriari egotzi zion defentsak. Hala ere, gizonak bere nahigabea agertu zuen justiziak zigortutako 1000. presoa izateagatik eta heriotza- zigorra mendeku bat besterik ez dela azpimarratu zuen.

Thomas Maherek, Boyden abokatuak, adierazi zuenez:

Heriotza honek ez du lortuko mundu seguruagoa edo hobea.

Honek hamaika zauri ireki ditu eta Amnistia Internacional eta antzeko erakundeak hainbat ekitaldi martxan jartzen ari dira. Hauen aburuz:

Gero eta estatubatuar gehiago dago bidegabekeria honen aurka eta hori erabat nabarmendu da espetxeen kanpoaldean bildu den jende kopuruarekin.

Baina, dirudienez, George W. Bush ez da iritzi berekoa eta heriotza- zigorraren aldeko agertu da berriro ere, argudio triste batekin oraingo honetan. Azken neurri bezala, kaleak seguruagoak izatea ziurtatzen omen du. Gogorarazi, Texasko gobernadore izan zen sei urteetan 152 heriotza- zigor onartu zituela Bushek.

Pablo Ibar Gaur egun, Estatu Batuetako espetxeetan 3400 preso daude heriotzaren zerrenda honetan. Horietako bat Pablo Ibar dugu, Urtain eukal boxealariaren iloba dena eta, 1994. urtean, bi modelo eta klub pribatu bateko jabea hiltzeagatik epaitua izan zena.

Beraz, garbi gelditzen da Estatu Batuak hainbat arlotan punta-puntako lurraldea den arren, beste batzuetan asko dutela hobetzeko eta aldatzeko. Eta zeregin horretan, giza eskubideak errespetatuz has daitezke, adibidez. Ez al zaizue iruditzen?

Gehiago jakin nahi izanez gero, klikatu hemen.

Comments { 1 }
-->