About laura.zabala

Author Archive | laura.zabala

Albinoak Afrikan, hutsaren hurrengo?

albinosAlbinismo hitza entzutean, gure gizarteak ez du sineskeria, talisman edo negozio kontuekin erlazionatzen. Halere, gure kontinentea zeharkatzean, gauzak aldatu egiten dira; hala nola, Afrikan. Nahiz eta kopuru aldetik bertan ugariagoak izan (Europa eta Amerikan 20.000 biztanleko albino bakarra dago; Afrikan, ordea, 4.000-5.000 biztanleko bat), hauen egoera ez dago batere normalizaturik; izan ere, begietan, ilean, azalean… melanina falta duten pertsonen bizitza benetako amesgaizto bihurtzen baita.

Hasteko, sozialki baztertuta daude. Afrikan seme edo alaba albino bat izatea izugarrizko zorigaitza da. Aitak sarritan ama etxetik bidaltzen du semearekin, honen kolorea desleialtasun kontuarekin erlazionatzen duelako. Beste batzuek, aldiz, Jainkoaren zigortzat hartu eta umea saldu edo hiltzera irits daitezke.

Bestetik, azaleko minbizia pairatu behar izaten dute. Kontinente honetako klimagatik, albinoen %60k gaixotasun hau garatzen du. Gainera, eguzkiak sortutako gaixotasun kroniko ugariak sufritzen dituzte. Honen konponbidea, ordea, ez da erraza, bertan eguzki krema moduko produktuak luxuzkoak baitira.

Azkenik, zoritxar hauetatik aske gelditzen diren albinoen egoera tamalgarria azalduko dugu. Albinoek bizitzan zehar izugarrizko jazarpena nozitzeaz gain, heriotza-zigorra ere jasan behar izaten dute. Uneoro egon behar dute adi; izan ere, kaleetan nahiz euren etxebizitzetan erasotuak izan baitaitezke. Berezitasun hau duten gazteen azal, hatz, mingain, genital… preziatu hauek milaka eurotan saltzen dira legez kontrako merkataritzan, horiek edukitzeak zortea dakarrelako ustea oso hedatua baitago (albinoaren odola edateagatik, esate baterako, diru kontuetan zortea aurreikusten da).

Azken datu ofizialak txundigarriak dira: azken urte honetan hil diren albinoen kopurua Tantzanian 44ra igo da; Burundin, ordea, 12ra. Dena den, zenbait erakunde pribatuk azaltzen duen kopurua oraindik ere handiagoa da. Ondorioz, entzun berri dugun albistearen garrantzia uler dezakegu: Kanariar Uharteetara iritsitako 22 urteko gazte albinoak errefuxiatu egoera lortu du Espainian, Afrikan bere bizitzak duen arriskua dela eta.

Dena den, hau ez da nahikoa gertatzen diren hileta guztiak gelditzeko. Gobernuek neurriak hartu dituzte. Burundin, esate baterako, pertsona albinoen aldeko eskubideen kanpaina bat ipini dute abian, eta epaitegira eraman dituzte 11 pertsona hainbat albinoren heriotza egotzita. Zenbait erakunde ere bertan ari da lanean: ALBA, UNICEF . Halere, ez da nahikoa. Hilketa hauen guztien atzetik sineskera orokortu bat dago; eta hori aldatu ezean, ez dago zer eginik. Hori dela eta, hezkuntzan erabaki batzuk hartzea eta aldaketa ugari egitea eskatzen da. Egia da, ordea, hau ez dela, zoritxarrez, bidegabekeria bakarra. Munduan zehar ugariak dira jasatzen diren injustiziak (harrikatzen dituzten emakumeak, Indiako kasta ezberdintasunek eragindako egoera tamalgarriak…), baina ez dugu ahaztu behar albinoek pairatzen duten egoera latza gure arazoa ere badela.

Comments { 3 }

Zertzelada txikia, ezberdintasun handia

boluntarioakAurreko ostiralean, hilero bezala, herriko gazte talde bat bildu ginen sendotzarako bidean taxutzeko. Bertan, berak jakin gabe ere, pentsarazi egingo zigun pertsona bat zegoen guri begira, bere esperientzia guri azaltzeko prest, lagungarria izango zelako esperantzaz.

Abdul zuen izena, Senegaletik etorria zen “pateran” duela urte batzuk, eta bere bizitzan pairatutako hainbat zailtasun azaldu zizkigun, uneoro, irribarre zabal batez aurpegian, inongo hasperenik gabe. Bere hitzek eragin handia izan dute nigan, baina gaurko artikuluan berak azaldutako hitz batzuetan oinarrituko naiz: “Oso lagun ona da. Ez nuke mundu osoko diruagatik aldatuko; aurrera ateratzen lagundu dit”. Gure kristautasunaren bidean zuzentzen laguntzen digun “monitoreetako” bati buruz ari zen.

Aurreko abenduan ezagutu zuen Abdul eta, inongo erreparorik gabe, bere etxera gonbidatu zuen Gabonak pasatzera. Geroztik, agertu zaizkion hainbat gorabeheratan egon da presente, bere eskua luzatzeko prest.

Niri horrelako eskuzabaltasunak harritu egin ninduen. Halere, ingurura begiratuz, elkartasun hori oraindik bizirik dagoela senti daiteke bizitzako zenbait egoera ezberdinetan. Egoera hauek erlijioen mugak gainditzen dituzte; izan ere, nahiz eta sarritan borondatezko ekintza hauek zenbait erlijio talderi esker aurrera atera, guztion parte hartzea eskatzen duen gaia da, inongo berezitasunik gabe.

Erosotasunean oinarritutako gizarte honetan, maiz ahaztu egiten zaigu pertsonok dugun garrantzia. Gure aitona-amonen garaian ez zeuden hain lagungarriak suertatu diren zaharren egoitzak, eta ohikoena gurasoak etxean zaintzea zen, edota herriko behartsuei laguntzeko, talde txikietan biltzea jana, arropa… eta gero haien artean banatu.

Gaur egun, ordea, Estatuaren edo zenbait erakunde pribaturen esku uzten ditugu pertsona bezala eratzen gaituzten egiteko hauek. Egia da izugarrizko erritmoa duen sozietate batean gaudela murgildurik, eta denbora ez dela soberan dugun zerbait. Dena den, oraindik ere badaude errekonozimendua merezi duten hainbat pertsona, bueltan ezer espero gabe irribarre batekin astero joaten direnak adineko pertsonei hainbeste eskertzen duten konpainia ematera, ospitaleetara gaixoei beraien egoera latza une batean ahazten laguntzera, behartsuei janaria banatu eta zulo ilun horietatik ateratzeko aukera ezberdinak aurkeztea…

Aipatzekoak dira, halaber, azkenaldian egindako ikerketa batean azaldutako datuak. Hauen arabera, gazte laguntzaileen kopurua azken urte hauetan handitzen joan da, askok aipatzen duten gazteen gizartearekiko inplikazio eza zalantzan jarriz.

Artikulu honen bidez, eskerrak eman nahi dizkiet boluntario horiei guztiei. Bide batez, beste guztiak animatu nahi ditut gehien egokitzen zaizkien horrelako ekintzetan parte hartzera; ziur bainago, besteak lagunduz, bakoitzak ere betetasun handia jasotzen duela.

Ondorengo helbideetan, interesaturik egonez gero, erakunde ezberdinek aurkezten dituzten programak dauzkazue: Hacesfalta, Nagusi, Manos Unidas, Caritas

Comments { 2 }
-->