Archive | arazoak

RSS feed for this section

Interneti esker, edozeinek alda dezake mundua klik bakar batekin!

Argazkia: Valentina Carta (FlickrCC)

Argazkia: Valentina Carta (FlickrCC)

Aurreko batean, Change.org izeneko webgune baten berri izan nuen. Gune hau, gobernuari kanpaina bidez eskakizunak egiteko da eta jadanik milaka pertsonek euren helburuak lortu dituzte. Adibidez, orain dela gutxi Madrid Arenan gertatutako ezbeharrean, ama batek bere alabaren bizia galdu ondoren kanpaina bat aurkeztea erabaki zuen, horrelakorik berriz gertatu ez zedin eta 428.739 firma lortu ondoren, bere helburua lortu zuen (hemen duzue informazio gehiago). Orain arte ez nuen webgune honen berririk, eta, oso erabilgarria izateaz gain, pertsona askorentzat benetan lagungarria izan daitekeela pentsatzen dut.

Minutu pare bat irakurtzen igaro eta gero, hainbat motatako kanpainak ikusi nituen; hala ere, harrigarriena ama batek bere alabaren bizia arriskuan jarri zuten web orrialde batzuen salaketa izan zen. Emakume honek webgune horiek debekatzeko edota blokeatzeko eskatzen zuen. Kanpaina horretan, ama honek orain ospitale batean isolaturik dagoen alabaren kasua kontatzen du, eta ezin duela berarekin hitz egin ezta ikusi ere. Amak hitz hauekin azaltzen du bere erreakzioa webgune hauetako edukia lehen aldiz irakurri zuenean, bere alabak horietako bat bisitatzen zuela aitortu ondoren: “Nik ez nekien existitzen zirenik ere, nire alabak horietako bat bisitatu zuela aitortu zidan arte. Ziurtatzen dizuet lehenengo ilarak irakurtzen hasi bezain laster negar malkoak isuri zitzaizkidala eta ilea inoiz ez bezala tentetu zitzaidala. Inoiz irakurri dudan gauzarik izugarriena bezala gogoratzen dut.”

Internet, bulimia eta anorexia aldeko  web orrialde hauez beteta dago, pro-ANA eta pro-MIA izenekoak. Hauetan, pisua galtzeko aholkuak ematen dituzte, baina hauek gazteen osasuna arriskuan jartzen dute: oka errazago egin gurasoak ohartu gabe, zer egin gosea ekiditeko…

Niri ama honek Change.org-ren bidez laguntza eskatzeko izan duen ideia hau oso egokia iruditu zait, eskakizun hauek Justizia Ministeriora doazelako zuzenean eta webgune honen bidez laguntza eskatzea ez delako alferriakoa. Jadanik 170.958 sinadura lortu ditu, baina oraindik 29.042 falta dira helburua lortzeko. Nik neure sinadura bidali dut. Espero dut gehiago lortzea eta ama honen helburua bete ahal izatea. Gogoratu: klik bat eginez, pertsona askoren bizitza alda dezakezu. Hemen uzten dut esteka, sinadura bidali nahi izanez gero, bertan sartzeko.

Comments { 0 }

Busti al zara AEAren alde?

Wikimedia Commons

Wikimedia Commons

Nork ez du uda honetan norbait balde bete ur izoztu kolkotik behera botatzen ikusi? Nondik dator ekintza? Nork sortu du? Zergatik? Baliteke zuk ere hau galdetzea zure buruari. Ice Bucket Challenge delako ekimen hau Alboko Esklerosi Amiotrofiko edo AEA gaixotasuna ezagutzera emateko eta dirua biltzeko sortu da. Hementxe daude hainbat datu, ekintza honi buruz gehiago jakiteko.

Nire iritziz, ideia bikaina da denok batera gaixotasun baten aurka egitea, gehien behar dutenen izenean. Modu ezberdinak erabil ditzakegu laguntzeko, baita laguntza mota ezberdinak eskaini ere. Adibidez, diru laguntza bat eskainiz edota laguntza morala igorriz. Kasu honetan, bi laguntza motak helaraztea da helburu. Benetan ikusteko gogorra da, baita behatu eta honetaz hitz egiteko ere eta jarduera honen ondorioz denon ahotan dago gaixotasun hau.

Milaka eta milaka pertsonek nahi izan dute parte hartu ekintza solidario honetan, ni barne, elkartasuna adierazteko. Lehenik eta behin, ur izoztua botatzearekin batera, gaixotasun hau bizitzen duten pertsonen sintometako bat trasmititu nahi da, gaixoengan arreta puntu bat jarri eta sufritzen duten guztiaz jabetzeko.

Laguntza moralaz gain, diru-laguntza bat ere ematen da, eta hau da helburu nagusiena. AEA gaixotasuna ez da oso ezaguna, baina sortu den izendapen eta izendatu kate honen ondorioz, izugarrizko dirutza lortu da, sendagairik gabeko gaixotasun honen ikerketan aurrera egiteko. Gainera, dirua lortzeaz gain, gaixotasun honetaz hitz egitea lortu da, jendea enpatizatzen hastea, gaixotasun honen eta beste hainbat gaixotasunen aurka borroka egiteko gogoa piztea, eta, azkenik, elkarte honek behar duen laguntzaz ohartzea.

Hala eta guztiz ere, gai honi buruzko guztia ez da positiboa. Pertsona ugarik hartu dute parte erronka honetan. Beraz, ur kantitate izugarriak galdu dira alferrik, nahiz eta pertsona hauek guztiek gogoan eduki munduan dagoen ur eskasia. Arrazoi honek eragin du polemika handiena, batzuei laguntzeko, munduko izaki bizidun guztiak kaltetzen ari baitira. Benetan beharrezkoa ote da ur kantitate hauek inongo probetxurik gabe bertan behera botatzea? Ez al da hobe diru laguntza bat bakarrik egitea? Egia esan, modu honetan ikusita, burugabekeria dirudi. Baina nahiz eta jende asko eta asko ibili ura burutik behera botatzen, xede onez egiten dute, enpatizatuz, eta era berean jende gehiagok izan dezan gaixotasun honen berri.

Aurreko guztia laburbilduz, ondorio batera irits gaitezke: ice bucket challenge delakoaren erronka aurrera eraman den bezala, diru-laguntza kantitateak ere gora egitea komeni da. Hori guztia dela eta, aproposa izango litzateke denok laguntza txiki bat eskaintzea beharrean dauden guztiei, bizkarra eman beharrean. Gogoan eduki, nik ekarri dudan bezala, zuek ere zeuen harri-koskorra ekarri!

Comments { 0 }

Gas ustiapen berriak ingurumenaren txikizioaren sortzaile

Frackinga. Orain arte niretzat ezezaguna zen hitza. Aljeriako berriak irakurtzen nenbilela zera ikusi nuen: “Aljeriako gobernuak begi onez ikusten du Frackingaren bidezko gas ustiaketa”. Hori ikusita haustura hidraulikoari buruz irakurtzen hasi nintzen, ondorio nagusi bat ateraz: “Dirua gizakiontzat eta Lurrarentzat larriki kaltegarria den gas ustiapen mota honen gainetik dago.”

Argazkia: US Environmental Protection Agency (jabari publikoa)

Argazkia: US Environmental Protection Agency (jabari publikoa)

Hasteko, gasa ustiatzeko teknika honek izugarri kaltetzen du ingurumena, paisaia itxuraldatzeaz gain. Gasa ustiatzeko ur kantitate oso handiak injektatu behar dira lur azpira, lurrazpiko harkaitzek eztanda egin dezaten eta bertan, tartean, dagoen gasa atera ahal izan dadin. Bada, kontua da, ekintza hauek oso kaltegarriak direla, besteak beste, lur azpiko uren kutsadura dakarrelako. Ondorio honek sutan jartzen nau, batez ere ur edangarriarekin arazoak dituzten lurraldeetan egiten dutelako sarritan ustiapen mota hau. Edateko ez, eta enpresa handiek dagoen ur gutxia erabiltzen dute. Ez hori bakarrik, lur azpian dagoen ur edangarria kutsatu ere egiten dute.

Jarraitzeko, presio hidraulikoaren ondorioz eztanda egindako harriek ere ondorioa larriak dituzte. Lurraren barruko egitura aldatzen dute eta horrek seismo edo lurrikarak areagotzea dakar.

Egia da obra hauetan guztietan gizartearen ongizate maila altuagoa lortu nahi dela, baina kontrolik gabeko ustiaketa hauen nagusiei badirudi ahaztu egiten zaiela amalurra ez dela berriro sortuko, eta diruak itsututa dabiltza izugarrizko hondamendia egiten. Arlo batzuetan ahalik eta ongizate altuena lortzeak beste aldeetan eskasiak eta arazo berriak sortzen ditu.

Bestalde, ozono-geruzarako oso kaltegarria den metano izeneko gasa botatzen du airera, berotegi efektua sortuz mundu osoan. Berotegi efektuaren ondorioa oso arriskutsua da, Lurraren itxura aldatuko luke eta leku askotan bizitzea ezinezkoa litzateke.

Argi dagoen gauza bakarra da lurrak bere fruituak ematen jarraituko duela, epe motzean behintzat. Baina ez dakigu noiz agortuko den Lurrak eskain diezagukeena. Eta une hori iristean zer egin? Benatako arazoa orduan etorriko da, errekurtso guztiak amaitzean eta amalurra erabat txikituta aurkituko dugun momentuan. Orduan ikusiko dugu denboran atzera ezin dugula egin eta egindako akats larriak konponezinak direla; beraz, beste bide batzuk aurkitzen hasi beharko gara.

Comments { 0 }
-->