Aurten ere bagatoz Jakintza Ikastolako ikasle talde berri bat euskaljakintza blogean buru-belarri lan egitera. Urte berria, ikasle berriak eta, nola ez, diseinu eta helbide berriak euskaljakintza blogarentzat: euskaljakintza.com! Espero dezagun aurtengo urtea ere iazkoa bezain oparoa edo oparoagoa izatea, ikasleok (eta irakaslea ere bai, nik uste!) irrikaz gaude artikulu interesgarriak argitaratzen hasteko, eta hona hemen ikasturte berriko lehena.
Jada pasa dira ia 3 urte Gabon egunaren biharamun hartan, ohetik jaiki bezain laster, notizia lazgarri bat entzun genuenetik: Richter eskalan 9,2 graduko lurrikara gertatu omen zen Indonesiako kostaldetik gertu samar, eta honek eragin ei zituen ondorengo tsunami edo olatu erraldoiak. Olatu hauek sekulako txikizioa eragin zuten kostaldea gogor kolpatzean, Indonesiatik hasi eta Kenyaraino, turista eta herritar pobreengan, txabola zahar eta hotelak astindu zituzten diferentziarik egin gabe. Hiru urte luze igaro dira ordutik, hiru urte tsunamiaren ondorioak pairatu zituzten estatuetako agintariek, GKEek segurtasun ezaren inguruan egindako kritiken aurrean, errua elkarri bota ziotenetik, herritarren zoriaz arduratu beharrean. Kritika horiek mundu osoan hautsak harrotu zituzten, jendea ohartzen hasi baitzen Phuket (Tailandiako zona turistikoa) eta inguru horietakoak ez direla bidaia agentzietan deskribatzen dizkiguten paradisuak, ez, bertako txabola kaskarretan bizi direnentzat behinik behin.

Duela egun gutxi egun haiek gogorarazi zizkigun beste itsasikara batek, eta ondoren indar izugarrizko erreplika batzuek, ingurune berak astindu baitzituzten berriz ere. Horrek eraman nau berriz ere gai honetan pentsatzera, ea zertan ote den egoera Indiako Ozeanoan. Hartu ote da neurri berezirik honelako egoerei aurre egiteko? Zer gertatuko ote zen joan den asteko itsasikararen ondoren tsunamia gertatu balitz?
Esan bezala, joan den asteko asteazkenean, hilak 12, Richter eskalan 8,4 graduko indarra izan zuen itsasikara gertatu zen Bengkulu hiri indonesiarretik 130km mendebaldera, 30km-ko sakoneran. Hasiera batean, Indiako Ozeanoko herrialde ia guztietan alarma piztu bazen ere, azkenean ez zen tsunami izugarririk gertatu, Kenyako kostaldera 3-4 metroko olatuak iritsi ziren arren. Tsunami honen ondoren, 5 bat graduko 4 erreplika izan ziren, eta hauen ondoren 7.7, 7.2 eta 6.8 graduko hiru itsasikara gehiago izan ziren, eraikinen hustea berriro eraginez. Orotara 25 inguru izan ziren hildakoak eta milaka zaurituak. Horrez gain, Bengkulu eta inguruko zenbait herritan eraikinen %80 jausi ziren eta itsasikararen eraginak handik ehunka kilometrora dagoen Jakarta hiriburuan ere nabaritu ziren.
Dirudienez, itsasikarak tsunamia sortzeko arriskua ez zen oso handia, lurrazaletik 30km-ko sakoneran gertatu baitzen lur mugimendu nagusia eta ondorengoak, berriz, 15km-ko sakonera inguruan. NBEan lan egiten duen aditu batek adierazi zuenez, sakonera txiki horren ondorioz tsunami arriskua jaisten bada ere, itsasikarak bortitzagoak izaten dira.

Badirudi oraingoan Indonesiako gobernuak eman duen erantzuna egokia izan dela, duela 3 urte herrialde hartan 130.000 biztanle hil zirela kontuan hartuz, zenbait abisu sistema hobetu baitituzte. Izan ere, inguruko beste herrialde batzuen aldean, askoz ere neurri eraginkorragoak hartu dituztela esango nuke nik, bi arrazoirengatik: batetik, Jakartako gobernuak izugarrizko diru-laguntzak jaso zituelako 2004koa errepika ez zedin eta, ondorioz, inguruko herrialdeek ez dituzten abantailak dituelako; eta beste alde batetik, bertako agintariek ezin jasango luketelako duela hiru urteko tsunamiaren errepikapen bat, iritzi publikoaren aurrean lotsagarri geratuko bailirateke; esan behar baita 2004ko tsunami hark eragin zuen hondamen nagusia Indonesian izan zenez (226.000 hildakoetatik 130.000 bertan izan ziren eta Banda Aceh hiria guztiz suntsitu zen), kritika nagusiak Indonesiak jasoko lituzkeela honelako kasu bat errepikatuko balitz.
Duela 3 urteko tsunami hark eragin zuen hondamendiaren erantzukizuna neurri batean gobernarien esku dagoela argi samar dagoela iruditzen zait, edo euren esku edota Indikoan Pazifikoan dagoen alerta eta detekzio sistema bezalako bat jartzea eragotzi dutenen esku. Izan ere, herritarrek ez zuten inongo oharrik ez abisurik jaso jada bidean zen tsunamiaren inguruan eta hori detekzio sistema osatu gabe zegoelako gertatu zen ezbairik gabe. Oraingo honetan, herrialde guztiek lau haizeetara zabaldu dute sistema hori osatuta dagoela, beranduegi bada ere. Nire ustez, lotsagarria da alde batetik ingurune horiek guztiak eraikuntzez betetzea (turismoa erakartzeko), bitartean herritarrak honelako hondamendien aurrean babesgabe badaude. Kontuan izan behar dugu Pazifikoko detekzio sistema 1960 inguruan sortu zela, eta AEBk, euren interesei jarraiki, Pazifikoan barreiaturik zeuden herrialde guztiei “oparitu” ziela sistema hau. Indikoan munduko potentzia erraldoirik egon ez denez (ez, duela gutxi arte behintzat), ez dute halako zorterik izan eta gisa honetako txikizioa gertatu arte itxaron behar izan dute sistema hau ezagutzeko.
Zein ote da bada aipaturiko sistema honen helburua? Nola funtzionatzen ote du? Ezarri den sistema honen helburua balizko tsunami horiek atzeman, neurria eta indar maila neurtu eta ahalik eta lasterren alerta bidaltzea da. Guztira, 23 kontrol-puntu daude Indiako Ozeanoan, uraren maila neurtzeko gailuz eta sismografoz horniturik daudenak. Hauek biltzen duten informazioa zuzenean 25 herrialdetan kokaturik dauden zentro espezializatuetara bidaltzen da, hauetan informazio hori bildu eta aztertu ondoren, abisua pasatzen zaie arriskuan dauden herrialdeei. Horrez gain, milioika gutun banatu dira herritarren artean tsunamien aurrean nola jokatu behar duten irakasteko. Azkenik, esan India, Tailandia, Indonesia eta Australia ur-azpiko detektagailu sistema berri batean lanean ari direla, ur-gainekoak baino zehatzagoak direlako.
Duela hiru urteko itsasikarak, tamalgarria izanik ere, azkenean ondorio onen bat izan duela uste dut nik, hurrengo batean prestatuago egongo baitira naturaren honelako “zigor” bati aurre egiteko. Dena dela, aipatu nahi nuke penagarria iruditzen zaidala oinarrizkoak eta guztiz beharrezkoak diren sistema hauek izateko mundu osoaren arreta bereganatuko duen hondamendiren bat gertatzea. Espero dezagun naturak gisa honetako “ohar” gehiago eman beharrik ez izatea beharrezko neurriak hartzeko, eta egin dezagun bultza mundu osoa ohar dadin guztiz bidegabea dela hondamendi naturalen aurrean segurtasuna banaka batzuek soilik izatea.
Hona hemen 2004ko tsunamiaren bideo bat, fenomeno natural hauen indarraren adibide gisa:
[kml_flashembed movie=”http://www.youtube.com/watch/v/IGtOxv1sYwU” height=”425″ width=”350″ /]
Iruzkin berriak