Archive | euskaljakintza

RSS feed for this section

Azkenak izan daitezkeen hitzak…

Azkenak izan daitezkeen hitzak
Doinua: Mendian gora haritza
1. Amak inoiz ez modura
begietan du tristura
eskutik heldu gabe ibiltzeko
garaia heldu da.
Negar zotinka barrura
gu ere ez hain gustura
inozentziak dena barkatzen
ei duen mundura.
2. Aulkitxoan eserita
Tom ta Jerryren tirita
jolas antsiak urratutako
zaurian jarrita
bi zangoak zintzilika
txikiak gara apika
nahiz paperean marrazten jakin
ama eta aita.
3. Masailetako malkoen
bustia kendu ondoren
barkatu esan eta musu bat
emanez lehenbailehen
konturatu naiz bederen
jada zein loturik gauden
zapatilako kordelak lotzen
ikasi baino lehen.
4. Zenbakiak, abd-a
grisa, gorria, berdea
jada “alpino” erabiltzeko
dugu ohorea.
Gurea da boterea,
jakintzaren ondarea
nahiz oraindik ez errespetatu
marraren legea.
5. Ipuinak bukatu dira
denbora bere harira
ume gorriei forma berria
ematen ari da
jada eskola handira
heldu gara, baina tira
oraindik ere jarraitzen dugu
gorantza begira
6. Nola hala alabaina
batuketak alajaina!
abakoari esker ukitu
dugu ia gaina.
Oso ongia, bikaina
jakintsuak gara baina
behatzik ezta zenbat dakigun
kontatzeko haina.
7. Hiru bider lau: dozena,
bat zati hiru: herena
ez dakit zer den ilusioa,
broma edo pena.
Ustez osoa nintzena
dago zatitan etena
konturatzean zerbait, baina ez
dakigula dena.
8. Ia behin jauna hartuta
gizalegea ahaztuta
umeak gazte bihurtu arte
prozesua dauka
inbidiaren disputa
mutil zabarren burruka
eta neskatxak finak bai, baina
iletik helduta.
9. Haurrak ez garenekoa:
“top”-a eta hilekoa,
baina oraindik armarioan:
“top isilpekoa”.
Jarriko nuke lepoa
beti dela antzekoa:
taldean lider bat dago beti
ta zu menpekoa.
10. Oilanden dema gerrate
talde txikiak estalpe
hitz egin ordez alde egitea
ahulenen ate
denok ez ginenez parte
ibiltzen gara aparte
lagunak ere etsai direla
sinisten den arte.
11. Nahiz ez bilatu modurik
ez genion eman urik
zimeltzen utziz gure bihotzak
gupidaz husturik,
baina hala uste dut nik:
hobe ez izan damurik
agian orain ez ginelako
egongo baturik.
12. Onartu daiteke jada
berriz bildu gara hara!
Elkarren falta sumatu dugu
denok beharbada
trailari eta trailara
ia denok joaten gara
larunbatero aitzakipean
mahaiaren bueltara.
13. Gure azken pasartea
bukatu eta bakea
bihar adio esango dizut
ai lagun maitea!
hau da errealitatea
probestu nahi dut tartea
zaila den arren bertso batean
dena esatea.
14. Hau esango nizueke:
ametsak ez daude merke
baina lortzeko egin zirenez
ahal direnak bete!
dena dago egiteke
mila esker eta suerte!
Dena ez baina ni naizenaren
zerbait bazarete!
 

Azkenak izan daitezkeen hitzak… from Maite Goñi on Vimeo.

 

 

Comments { 12 }

Azken aholkuak (orain bai, benetan)

1. Irakurri testua bizpahiru aldiz. Ez hasi ezer erantzuten testua bi aldiz irakurri arte.

2. Galde-erantzunak:

  • Galdegaia kontuan izan.
  • Ez idatzi zentzurik ez duen ezer.
  • Irakurri erantzuna galdera aurrean izango ez bazenute bezala, eta ziurtatu erantzunak zentzu osoa duela (subjektua, osagarriak eta aditza).
  • Erantzun diozue galderari?
  • Ahal den neurrian, saiatu erantzuna bi zatitan ematen (erantzuna bera eta azalpen txiki bat).

3. Gaia:

  • Gaiaren bidez, egilea zertaz mintzatzen den adierazi behar da, ahalik eta hitz gutxien erabiliz.
  • Ez dadila izan ez orokorregia ezta zehatzegia ere.
  • Ahal dela aditzarik ez erabili (gehienera jota, aditz nominalizatuak: etortzea, sortzea…)
  • Irudiak, sinboloak edo metaforak ez ditugu gaitzat hartuko; izan ere, norbaiti testua horri buruzkoa dela esango bagenio, ez luke testuaren nondik norakoaren arrastorik ere izango.

4. Laburpena:

Laburpena idazten hasi aurretik, paragrafo bakoitzaren aldamenean ideia nagusia jarri. Ideia nagusi horien bildumak emango dizue laburpen egokiena. Lokailuak erabili ideia nagusi horiek euren artean uztartzeko (ez idatzi esaldi solteak bata bestearen atzetik, inongo loturarik gabe).

5. Esaldiak moldatu:

Ondo pentsatu lotu beharreko esaldi horien artean zer-nolako erlazioa dagoen (aurkaritzakoa, ondoriozkoa, kausazkoa…) eta horren baitan erabaki zein lokailu erabili. Kontuz! Ohikoena lokailuak azaltzea bada ere, juntagailuak edo menperagailuak ere atera daitezke (ikus Perpaus elkartu motak). Puntuazioa zaindu (puntu eta koma, koma…)

Ariketak egin nahi badituzu, egin klik hemen.

6. Idazlana:

Egizu gidoi bat idazten hasi aurretik. Egitura erabakitzean, pentsatu gidoian zerrendatutako ideiak zenbat paragrafotan garatuko dituzun. Paragrafo gehiago edo gutxiago erabiliz antolatuko duzu testua, baina, ahalegindu zaitez, paragrafo bakoitzean elkarrekin lotura daukaten ideiak biltzen. Izan ere, ondo antolatzen ez baduzu, ideia bat paragrafo bitan banatuta gera dakizuke, edota paragrafo berean lotura gutxidun ideiak bilduta gera dakizkizuke. Kontuan har ezazu, gidoitik aukeratutako ideiak elkarrekin ondo lotzen badituzu, irakurleari informazioa ordenatu egingo diozula, eta irakurtzean hariari errazago jarraitu ahal izango diola. Horretarako, ideiak antolatzeko, elkarrekin lotzeko eta hariari ondo eusteko, pentsatu zer lotura eta zer antolatzaile (1 eta 2) erabiliko dituzun.

Informazio gehiago nahi baduzue, joan gure wikira.

Hori dena errepasatu eta gero, pilatutako tentsio guztia pixka bat deskargatzeko, bideo hau ikus dezakezua (zuei gustatzen zaizkizuen horietako bat). 🙂

Comments { 0 }

Ainhoa dotore Eskolarteko Bertsolari Txapelketan

Ainhoa
Atzo, maiatzak 29, Donostiako Manteo Kiroldegian 29. Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa ospatu zen. Jainkotxiki modura genuen atzo Ainhoa Mujika gelakidea bertan, gazteen mailako finalean. Nahiz eta garaipenak oraingoan ezin izan duen etxera etorri, izugarrizko lana burutu zuen bertsolariak atzoko ekitaldian.

Arratsaldeko laurak aldera hasi zen gaztetxoen mailako txapelketa. Andoni Egaña bertsolari ospetsuak aurkeztuta, Goierri, Asteasu-Alegia, Zumarraga-Urretxu eta Hernaniko taldea aritu ziren norgehiagoka. Talde bakoitzak bere agurra aurkeztu ondoren, benetako lehiaketari ekion zioten, bakoitzak ahal zuen onena eman nahian. Azkenean, Asteasu-Alegiako taldeak eraman zuen gaztetxoen arteko txapelketa. Horretaz gain, Haritz Mujika eta Mikel Iturriotz Euskal Herriko Eskolarteko finalerako sailkatu ziren.

Ainhoa

Gaztetxoen ordua amaitu ondoren, gazteen txanda iritsi eta gure urduritasuna areagotzen joan zen. Zortzi gipuzkoar gaztek hartu zuten parte finalean: Manex Mantxola, Ane Labaka, Oihana Iguaran, Imanol Irazustabarrena, Asier Azpiroz, Amaia Iturriotz, euskaljakintzako Ainhoa Mujika eta Mikel Olaizola. Lehian aritu ostean eta idatzizko txapelketako sariak eman ondoren, irabazlearen izena eman zuten. Amaia Iturriotz izan zen garailea atzoko egunean; eta Ane Labaka, aldiz, iazko irabazlea, bigarren postuan gelditu zen. Azken honek, gainera, idatzizko txapelketan lehenengo saria eskuratu zuen.

Nahiz eta gure Ainhoak txapela irabazi ez izan, itxura benetan dotorea eman zuen; denok harro uzteko adinako itxura benetan. Hau izan da bere azkeneko urtea lehiaketa honetan, eta hemendik aurrera munduko zorterik onena opa diogu, etorkizunean oraindik gaur baino hobea izango den bertsolariari. Zorte on eta zorionak, Ainhoa!

Comments { 3 }
-->