Archive | euskaljakintza

RSS feed for this section

Euskarazko Wikipediari buruzko saioa

Gaur euskarazko Wikipediako editoreetako bat, Galder González,  gure artera etorri da euskarazko entziklopedia libreari buruz hitz egitera.  Aspalditik nuen gogoa ikasleengana ekartzeko Wikipediaren sekretu guztiak barrutik ondo ezagutzen dituen norbait, eta haren ahotik gurearen nondik norakoak entzuteko. Horrela, Galderri gonbitea egin genion ikastolara etorri eta azaltzeko mota honetako entziklopedia baten zergatia, helburuak, egungo egoera, zailtasunak, parte hartzeko modua…

wikipedia

“Imagine a world in which every single person on the planet has free access to the sum of all human knowledge.”
— Jimmy Wales, Founder of Wikipedia

wikipedia_logoOndo legoke edozein pertsonak ezagutza modu librean eman eta eskuratu ahal izatea, ezta? Bada, guk baietz pentsatzen dugunez, hemendik aurrera beste batzuek egindako bideari jarraituko diogu, eta, beti esaten dugun bezala, gure harri-koskorra jartzen saiatuko gara.

Galderrek esan digunez, une honetan, Euskarazko bertsioan, 48.734 artikulurekin dabiltza lanean. Bertan parte hartzeko, artikulu berriak sortu eta daudenak osatuz, proba orrian saioak eginez eta Wikipediaren txokoa bisitatuz has gaitezke. Guk izena eman dugu eta, datozen hilabeteetan,  ekarpenak egiten hasteko asmoa dugu. Ea zer ateratzen den. Esker mila, Galder, etortzeagatik eta gure bidea errazteagatik!


Euskarazko Wikipediari buruz euskaljakintzan from Maite Goñi on Vimeo.

Euskarazko Wikipediako editore den Galder Gonzálezek Jakintza Ikastolako euskaljakintzako ikasleekin izandako saioa.

Comments { 3 }

Euskaljakintza Buber sarietan finalista

Atzo Donostiako Kursaalean Buber Sariak banatu ziren.  Euskaljakintza euskara sustatzeko web gunerik onena kategorian finalista izendatua zegoen Kaixomaitia.com eta tropela.net guneekin batera. Azken honek eraman zuen saria. Argazkian ikus dezakezuenez, hantxe bertan Tropelakoak zoriontzeko aukera izan genuen.  Zorionak, tropela!

Tropela.net-eko ordezkariarekin

Tropela.net-eko ordezkariarekin

Euskaljakintzako ordezkariok pintxoz pintxo ibiltzeaz gain, barre batzuk egin eta hainbat pertsona ezagutzeko parada ere izan genuen, besteak beste, Jesus Olmedo aktorea. Esan beharra dago, han zeudenen artean, berak eraman zuela gure saria begi urdin politenei! 😉

Jesus Olmedo aktorearekin

Jesus Olmedo aktorearekin

Aurretik esanda genuen bezala, guretzat ohore handia izan da finalera iristea. Horregatik, lerro hauetan eskerrak eman nahi dizkizuegu, lehenik, gure izena proposatu eta, ondoren, bozketan gure alde egin duzuenoi. Bihotzez eskertzen dizuegu azaldutako babesa eta laguntasuna.

Euskaljakintza jarraitzen duzuenok ederki asko dakizue zein izan den gure ibilbidea azken bost urte hauetan, zein den gure lanerako filosofia. Euskara maite dugu eta gure ahalegin guztiak egingo ditugu gure hizkuntza lau haizeetara zabaltzeko, euskarazko edukiak sortzeko eta horiek guztiokin partekatzeko. Mota honetako errekonozimenduek gure eguneroko bidea, askotan malkartsua,  samurtzen laguntzen digute, eta indarrak ematen, gure benetako helburua zein den ahaztu gabe, lanean tinko jarraitzeko. Esker mila guztioi!

Comments { 5 }

Euskaljakintza Buber sarietarako hautagaien artean

Buber sariak1994 urtea. Internet jaio berria zen artean. Euskal Herria beste hizpiderik ez zuen lehenengo webgunea sortu zuen Buber nicka erabiltzen zuen 23 urteko gazte batek. Luzaroan euskal kultura munduan aditzera eman duen erreferentzia nagusia izan da. Gaur egun, bere izena hartu dute euskaldunek nahiago dituzten eta gehien erabiltzen dituzten webguneen sariek. Sari hauek ez dira nolanahikoak eta horren jakitun gara.

Klasean geundela izan dugu izendapenaren berri. Bozkarioa nagusitu da giroan, halako poz handi bat. Guretzat ikaragarria da euskara sustatzeko webgunerik onenen artean izatea.

Gure filosofia euskararen erabilera sustatzeko edukiak partekatzean oinarritzen dela kontuan izanik, egin diezaguketen errekonozimendu bikainena da. Horrelako pozek egunero egiten dugun honetan sinesten jarraitzea ahalbidetzen digute, lanean gogoz aritzea. Nola erein, hala biltzen omen da. Ez dakigu zenbaterainokoa den guk erein duguna, baina jasotzen duguna izugarria da. EGA eta Euskaltzaindiako arauak lantzeko prestatzen ditugun ariketetan -eta, orokorrean, ariketa guztietan– izaten ditugun sarrera anitzek fin ari garela susmatzera bultza gaitzakete. Alabaina, susmoak, usteak bezala, erdia ustela duela esaten da, eta oso maiz aurreuste horiek baieztatzeko frogen beharra izaten dugu. Sari hauetarako hautagaitza, duda gaberik, bide onean ari garen seinale izan da, eta gure filosofia – gure lanak partekatzearena – sendoturik atera da.

Mila esker, beraz, gugan sinetsi duzuen guztioi. Datorrena datorrela, guk gogo handiz hartuko dugu, guretzat hautagai izate hutsa saria baita!

euskaljakintza5 \

Eguneratzea:

Argibideak non eta nola bozkatu galdetu diguzuenontzat:

  1. Eman izena Buber Sarien gunean (erregistratu egin behar zarete bozkatu ahal izateko).
  2. Zuen postan jasoko duzuen “erregistroa baieztatzeko sakatu hemen” esteka jarraitu, eta sartu bozketa gunean zuen erabiltzaile izena eta pasahitzarekin.
  3. Ezkerraldean “2009 – 2ª Fase” klikatu eta hautatu kategoria bakoitzean dauden 5 hautagaietatik bat.
Comments { 1 }
-->