Archive | euskara

RSS feed for this section

Markos Gimeno eta bere palindromoak euskaljakintzan

Datorren ostiralean, taldeko argazkiak ateratzearekin batera, emango diogu hasiera ofiziala gure aurtengo ibilbideari, hau da, euskaljakintza 6ri. Halere, dagoeneko abian gara; izan ere, idatzi dugu gure lehenengo artikulu sorta -laster argitaratzen hasiko garena-, hasi gara hizkuntza lantzeko ariketak sortzen eta, atzo bertan, gure lehen bisitaria, Markos Gimeno palindromogilea (@smuakr Twitterren), izan genuen euskaljakintzan.

Markosek palindromoen mundua hurbildu zigun. Zer da, baina, palindromo bat? Ezkerretik eskuinera zein eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen den esaldia. Ermuarrak palindromoak historikoki kokatu zizkigun, hitzaren jatorria azaldu, luzera ezberdinetako hainbat adibide erakutsi eta irakurri… Horretaz gain, Zerora jasoa blogean ariketa moduan ipintzen dituenak erakutsi eta haiei erantzuna nola aurkitu azaldu zigun: zenbakiek zer esan nahi duten, ardatza nola topatu… Hau da, ariketa egiteko zein urrats jarraitu azaldu zigun. Jarraian, berak proposatzen zizkigun ariketak ebazten saiatu ginen. A ze erraztasuna batzuena!!

Nik pixka bat zirikatuta, Markosek abian duen beste proiektu baten berri eman zigun: Hitzokei. Hitzokei sarean, batik bat twitterlarion artean, aski ezaguna den egitasmoa da, bere txokoa izatera iritsi dena.  Nahiz eta orain arte inoiz ez naizen Hitzokei bat sortzera animatu, ekimen interesgarria iruditzen zait. Ea hemendik aurrera euskaljakintzakook Markosek astero proposatzen dituen palindromo ariketak (azkena hementxe) egiten eta hitzokei ezberdinak sortzen hasten garen!

Kontuak kontu, hizkuntzarekin jolasean ederki pasatu genuen. Mila esker, Markos, euskararekin gauza ugari egin daitekeela erakusteagatik, gure jakintza zabaltzeagatik eta Jakintza Ikastolara gerturatzeagatik!

Informazio gehigarria:

Comments { 6 }

Hautaprobak prestatzen (IV): azken aholkuak

Azken aholkuak

1. Irakurri testua bizpahiru aldiz. Ez hasi ezer erantzuten testua bi aldiz irakurri arte.

2. Galde-erantzunak: (B eredua)

  • Galdegaia kontuan izan.
  • Ez idatzi zentzurik ez duen ezer.
  • Irakurri erantzuna galdera aurrean izango ez bazenute bezala eta ziurtatu zentzu osoa duela (subjektua, osagarriak eta aditza).
  • Erantzun diozue galderari?

3. Gaia: (A eta B ereduak)

  • Gaiaren bidez, egilea zertaz mintzatzen den adierazi behar da, ahalik eta hitz gutxien erabiliz.
  • Ez dadila izan ez orokorregia ezta zehatzegia ere.
  • Ahal dela aditzarik ez erabili (gehienera jota, aditz nominalizatuak: etortzea, sortzea…)
  • Irudiak, sinboloak edo metaforak ez ditugu gaitzat hartuko; izan ere, norbaiti testua horri buruzkoa dela esango bagenio, ez luke testuaren nondik norakoaren arrastorik ere izango.

4. Laburpena: (B eredua)

Laburpena idazten hasi aurretik, paragrafo bakoitzaren aldamenean ideia nagusia jarri. Ideia nagusi horien bildumak emango dizue laburpen egokiena. Lokailuak erabili ideia nagusi horiek euren artean uztartzeko (ez idatzi esaldi solteak bata bestearen atzetik, inongo loturarik gabe).

5. Esaldiak moldatu: (A eredua)

Ondo pentsatu lotu beharreko esaldi horien artean zer nolako erlazioa dagoen (aurkaritzakoa, ondoriozkoa, kausazkoa…) eta horren baitan erabaki zein lokailu erabili. Puntuazioa zaindu (puntu eta koma, koma…)

Ariketak egin nahi badituzu, egin klik hemen.

6. Idazlana:

Irakurri ondo zer eskatzen zaizun: ez da gauza bera argudio testu bat, lagunarteko eskutitza, azalpen testua edo amets bat idaztea. Edozein motatako testua dela ere, egizu gidoi bat idazten hasi aurretik. Egitura erabakitzean, pentsatu gidoian zerrendatutako ideiak zenbat paragrafotan garatuko dituzun. Paragrafo gehiago edo gutxiago erabiliz antolatuko duzu testua, baina, ahalegindu zaitez, paragrafo bakoitzean elkarrekin lotura daukaten ideiak biltzen. Izan ere, ondo antolatzen ez baduzu, ideia bat paragrafo bitan banatuta gera dakizuke, edota paragrafo berean lotura gutxidun ideiak bilduta gera dakizkizuke. Kontuan har ezazu, gidoitik aukeratutako ideiak elkarrekin ondo lotzen badituzu, irakurleari informazioa ordenatu egingo diozula, eta irakurtzean hariari errazago jarraitu ahal izango diola. Horretarako, ideiak antolatzeko, elkarrekin lotzeko eta hariari ondo eusteko, pentsatu zer lotura eta zer antolatzaile (1 eta 2) erabiliko dituzun.

Informazio gehiago nahi baduzue, joan gure wikira.

Lasai egin azterketa eta ZORTE ON!!!!! 😉

Comments { 2 }

Hautaprobak prestatzen (III): idazlana.

Dakizuen bezala, orain arte gehienetan iritzi artikulu edo argudio testu bat idaztea eskatzen zen. Aurten, ordea, edozein motatako testua eska dezaketenez, hementxe doa denetarik pixka bat:

Comments { 1 }
-->