Archive | gizartea

RSS feed for this section

Jakintza ikastolako DBH 4koen ekimena genero indarkeriaren aurkako egunean

Gaur, azaroak 25, Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Asko izango dira egun osoan zehar genero indarkeria salatuko duten pertsona zein erakundeak. Nik, horien guztien artetik, ikastolako DBH 4. mailako ikasleek nire lankide Elena Riañorekin grabatu duten bideo bat ekarri nahi izan dut gure txoko honetara. Lengua Castellana y Literatura gaian gauzatu dute, eta aitortu beharra daukat izugarri gustatu zaidala. Itzela iruditzen zait, gainera, ikasleek euren xumetasunetik horrelako egitasmoak burutzea, eta ildo honetan lanean jarrai dezaten animatu nahi ditut bai ikasleak, baita bideratu dituen lankidea ere. Zorionak guztioi!

Comments { 1 }

Welcome to Hell

Eskuak loturik dituztela igo dituzte trenera. Lurrera begiratzera behartzen dituzte inguruan dituzten gizon armatuek; baina Anacek artean bost urte ditu, eta bere garaiera txikiak beste guztien aurpegiak ikusten uzten dio inor ohartu gabe. Eta gehienak, ama eta bera bezala, kaletik bahituak izan direla ondorioztatu du beraien itxura hutsalari esker.

-Ama, non gaude?

Makilakada batek erantzun dio; eta lurrera erori da, ama atzetik jarraiki, hemorragia geldiarazten saiatzeko… Baina ez du txintik esan, zigor bera ez pairatzearren.

-Inork ba al du familiartekorik Estatu Batuetan? –oihu egin du gizon armatuetariko batek maskararen atzetik.
Bagoiaren barruko ehun pertsonen artetik erdiak baino gehiagok altxatu dute besoa. Bahitzaileek jakin badakite El Salvadorren jende gehienak dituela senideak Mexikoko mugatik bestaldera. Anacen ama horietako bat da. Bi hilabete badira seme zaharrena –oraindik lurrean botata dagoen umearen anaia- hara bidali zuenetik.

-Beste guztiak trenetik bera! –erantzun die maskaradunak, eta airean zenbait tiro botaz esnatu ditu beraien sinesgabetasunetik.

Badirudi bere semearen gainean makurturik dagoen emakumea deigarri gertatu zaiola trena hustu berri duen gizonari.

-Has gaitezen hirekin… -xuxurlatu dio amari iletik tira eginez. Gero burua altxatu du- Mezu hau denontzat da: bagoi honetatik ez da inor aterako zuen familiarteko burgestxoek 3.000 dolar ordaintzen dituzten arte. Hi –esan du, berriz ere Anacen amari begira-, emadan hire senidearen telefonoa.

-Baina jauna, nire semea orain bi hilabete joan da Estatu Batuetara, eta ez du artean lanik aurkitu… Ezingo dugu berorren dirua ord…

Bala batek zeharkatu du Anacen amaren garezurra, ezkerretik eskuinera. Emakumea bere semearen gainera erori da, hura ukitzen duen azken aldia izango dela jakinik.
…

Urtean 800.000 pertsona salerosten dira munduan zehar. Zortziehun mila. Milioia ia. Anacen istorioa erreala ez den arren, kontu hau jende askoren errealitatea da, tamalez. Biziko duten azken errealitatea batzuentzat, hasi berri den infernua besterik ez beste zenbaitentzat.

Aurrez aipaturiko zifra Estatu Departamentuak eman zuen 2008n, eta, argitaraturiko agiriaren arabera, jende horretatik %80 emakumezkoa da, erdia artean adingabea. Honetarako “arrazoiak”: dirua lortzeko bahiketa masiboak –sarrerakoaren antzekoak-, esplotazioa, prostituzioa eta organo trafikoa.

Datu hau aurkitu nuenez geroztik, zenbaki bakarra dut buru barnean oihartzun egiten: 800.000. Ezin sinets dezaket esklabotza –ekintza honek beste izenik ez baitu- XXI. menderaino iritsi izana; sendabide baten aurkako parasito baten antzera lortu du, baina, zoritxarrez.

Nazio Batuen Erakundeak –eta beste zenbait Gobernuz Kanpoko Erakundek- buru-belarri dihardute lanean krimen honen aurkako irtenbide baten bila, baina ondorio nabarmenik gabe. Eta ez dut beraien lana gaitzesten, ezta gutxiagorik ere! Egoera zein zentzugabea den besterik ez dut azpimarratu nahi.

Negargarria iruditzen zait “Aro Modernoa” atzean utzi eta bi mende beranduago oraindik inork beste pertsona baten etorkizunarekin jokatu ahal izatea, horrek zenbat senitarteko, lagun eta ezagunengan eragingo duen pentsatzeko astirik hartu gabe; eta pertsona horrengan bertan utziko duen “zaurian” erreparatu gabe, pertsona izaten jarraituko duela suposatuz.

Baina hau da bizi garen Aro Garaikideko errealitatea.

Comments { 10 }

Dibertsioa osasunaren kalte

Nork ez du noizbait pantaila baten aurrean denbora gehiegi ematea txarra dela pentsatu? Nor ez dute behinola kontsola edota telebistarik gabe zigortu, hauen aurrean denbora gehiegi galtzeagatik? Gurasoek askotan esan eta egin dizkigute horrelakoak, baina guk beti pentsatu izan dugu mito hutsa dela. Hala ere, frogatuta dago telebistak nahiz bideo-jokoek gure izaera eta osasunarengan duten eragina uste baino handiagoa dela.

Lehenik eta behin, azpimarratzekoa da azkenaldi honetan biolentzia bideo-jokoek haur eta gazteen jokabidearengan duten eraginari ematen ari zaion garrantzia. Zenbait joko, hezigarriak ez ezik, aspergarriak ere izan daitezke, eta, ondorioz, hauek ez dira ume eta nerabeei gehien gustatzen zaizkienak. Beraz, mota hauetakoak baztertu, eta modakoak direnak hautatzen dituzte gaur egungo gaztetxoek, askotan biolentzia eta balio negatiboz beterikoak. Aukeraketa hau egitean, eta bideo-joko dibertigarri hauekin denbora luzez ibili eta gero, portaera erasokor eta bortitzak azaleratzen dira haurrengan, askotan eskolako kideekin duten harremana oztopatu eta gelako portaerak okerrera eginez. Hona hemen gai honi buruzko artikulu interesgarri bat.

Hariarekin jarraituz, telebista eta kontsolak geure bizitza-kalitatea murriztearen kausa izan daitezke askotan; izan ere, pantaila aurrean egunero ordu asko igarotzeak gure ahozko gaitasunean eta ikasketa-errendimenduan eragin zuzena baitauka. Aparailu hauekin denbora gehiegi pasatzeak memoria okertzea, gelako arreta gutxitzea, kontzentrazio falta handitzea eta, ondorioz, eskola-porrota areagotzea ekar ditzake. Consumer webgunean irakurri dudan artikulu baten arabera, Pediatrics aldizkarian argitaratutako bideo-jokoei buruzko ikerketa bateko emaitzek argi utzi zuten hauek geure kontzentrazio-gaitasunean zerikusi handia dutela. Ikerketa honetan, adin ezberdinetako 1.500 pertsona inguruk parte hartu zuten, eta galdeketa bat egin zitzaien egunero pantaila aurrean ematen zituzten orduak kontuan hartuta. Hamahiru hilabeteko jarraipen bat egin eta gero, egunean bi ordu baino gehiago bideo-jokotan ematen zituztenek besteek baino %67ko kontzentrazio gabezia handiagoa zutela islatu zen emaitzetan. Hala ere, atentzio faltaren kausa ez dira bideo-jokoak soilik, gurasoek haurrei emandako heziketak ere badu erlaziorik.

Edonola ere, ezin diegu kontsolei eta telebistari bota eskola-porrota edota portaera okerraren erru osoa; lehen aipatu bezala, hezigarriak ere izan daitezkeelako eta gurasoek umeak hezteko dituzten metodoek ere garrantzia handia dutelako. Consumer aldizkariko artikulu berean adierazten denaren arabera, Huelvako Unibertsitateko ikertzaile batzuek argitaratutako lan batean azaltzen da bideo-jokoak gizarte-zientziak irakasteko bide onenetako bat direla, irakaskuntzaren prozesua hobetzeaz gain, ikasleengan gauza berriak ikasteko grina areagotzen dutelako.

Aurretik esandako arazo hauek guztiak desagertu edota murrizten saiatzeko, behar-beharrezkoa da adin guztietako haur eta gazteei gaur egun aisialdian dibertitzeko erabiltzen diren tresnekin igaro behar den denbora mugatzea. Adituen ustez, egunero gehienez bi ordu eman ditzake pertsona batek pantaila aurrean, honengan izan ditzakeen ondorio negatiboak ekiditeko.

Informazio gehigarria

Comments { 5 }
-->